Fernando Izagirre. Bizkaiko DYAko koordinatzailea

«Herritarrek galduko dute gehien, eta haiek arduratzen naute»

2012ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Kezkatuta dago Fernando Izagirre (Galdakao, Bizkaia, 1966), Bizkaiko DYAko koordinatzaile nagusia, larrialdietako anbulantziek Bizkaian izan dezaketen etorkizunagatik. Orain arte, DYAk eta Gurutze Gorriak eskaintzen zuten zerbitzua Eusko Jaurlaritzak lehiaketara atera zuen, eta, DYAren ordez, bi enpresa pribatuk lortu dute postua. DYAk helegitea aurkeztu zuen hilaren 19an, eta hilabete baten buruan izango du erabakiaren berri. Hala ere, ardura nagusia herritarrak dira Izagirrerentzat. Ohartarazi du kalitatea jaistearen eragina haiek pairatuko dutela.

Orain arte, Bizkaian, larrialdietan aritu zarete lanean, besteak beste. Etorkizunean ez da hala izango. Zer aldatu da azken urteetan?

Gu 1966an hasi ginen zerbitzua Bizkaian eskaintzen, eta jarraian Gurutze Gorria hasi zen. Garai hartan Eusko Jaurlaritzak diru laguntzarik ematen ez zuen arren, gure lana egiten genuen. 1985ean hasi ziren gu diruz laguntzen, eta orain arte aritu gara lanean, urtero lehiaketarik egin gabe.

2010ean anbulantzia bakoitzeko 28.211 euro ordaintzen zituen Jaurlaritzak. Orduan heldu ziren anbulantzien kostuaren prezioa pagatzera; ordura arte ez zen errentagarria. Eta hori gertatu ondoren, lehiaketa publikora atera du Jaurlaritzak, eta guk ez dugu anbulantziarik lortu.

Zuek anbulantziarik gabe geratu zarete, eta Valladolideko (Espainia) Ambuiberica enpresak eta Kanaria uharteetako (Espainia) Iscan enpresak lortu dituzte.

Bai, hala da. Krisi ekonomiko garai honetan, hainbat enpresak anbulantzien negozioan inbertitzeari ekin diote, oinarrizko zerbitzua izanik dirua lortzeko ziurtasuna dagoelako. Lehiaketara gu geure materialekin eta geure eskaintza ekonomikoarekin aurkeztu ginen. Enpresa pribatuek guk baino 700 euro merkeago aurkeztu zuten eskaintza. Hala, esparru horretan guk baino puntu gehiago lortu zituzten, eta, nahiz eta kalitatean eta prestakuntzan guk gehiago lortu genituen, guztien baturan eurek irabazi zuten lehiaketa.

Enpresa pribatu guztien helburua dirua egitea da. Beraz, ez dauka zentzurik kostuaren azpitik eskaintza egiteak; hori egin dute, ordea. Horregatik uste dugu hurrengo lehiaketarako sarrera besterik ez dela izan hau.

Irregulartasunak salatu dituzue. Zein irregulartasun ikusi dituzue lehiaketan?

Irregulartasunak lehiaketaren oinarriak ez betetzean ikusi ditugu. Eskatzen ziren hainbat dokumentu ez dituzte aurkeztu, eta, hori gutxi balitz bezala, hainbat baldintza ez dituzte betetzen enpresa pribatu horiek.

Adibide bat ematearren: lokala izatea beharrezkoa zen. Guri lokalak hainbat ezaugarri izateagatik eman ziguten puntu kopuru bera eman diete enpresa pribatu horiei. Arazoa da enpresek ez dutela lokalik aurkeztu. Hortaz, nola balora dezakete existitu ere egiten ez den zerbait? Hori horrela izanik, helegitea aurkeztu dugu, erabakia atzera bota dezaten.

Helegitean eskatutakoa onartuko ez balute, zein egoeratan geratuko litzateke DYA?

Ohiko lanekin jarraituko genuke. Larrialdietako zerbitzua ez izan arren, ekintza kulturaletan eta eguneroko jardueretan arituko ginateke. Hala ere, guretzat garrantzitsuenak herritarrak dira. Aldaketarekin haiek galduko dute gehien, eta haiek arduratzen naute.

Larrialdietako zerbitzua eskura izaten jarraituko lukete herritarrek, nolanahi ere. Zertan galduko lukete?

DYAk eta Gurutze Gorriak, langile finkoez gain, boluntarioak ere badituzte, eta oso garrantzitsuak dira. Euren laguntzarekin arazoen aurrean erantzun azkarragoa eta hobea emateko aukera dugu. Badakite larrialdi bat gertatzean zer den egin beharrekoa, eta egin beharreko lanetarako prest egoten dira. Istripu larri bat gertatuko balitz, prestatuta dagoen anbulantziaz gain, beste bat prestatuko lukete berehala. Hala, indar handiagoz lan egiteko aukera izango genuke. Boluntarioen bitartez lortzen da hori. Haiek gabe ezin da lortu, eta aipatutako enpresa pribatuek ez dute hori eskainiko.

Herritarrek aldaketaren aurrean zer egin dute?

Herritarrek arduratuta daudela jakinarazi digute. Atxikimendua adierazi digute askok. Joan den asteazkenean, adibidez, 84 urteko gizon bat agertu zen gure egoitzara, eta urte hauetan zehar eginiko lanagatik eskerrak ematen aritu zitzaigun.Ordubetez aritu ginen hizketan eta bihotz altxagarria izan zen guretzat. Herritar askok eskertzen digute egiten duguna, eta euren maitasuna azaltzen digute. Boluntario askok ere esan izan didate hori dela lan honen gauzarik aberasgarriena, eta erabat ados nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.