Osakidetzak 30 urte (IV). Pediatria eta unibertsitatea. Joseba Landa. Donostia Ospitaleko Pediatria saileko burua

«Osakidetza herritarrengandik gertuago dago gaur egun»

Aurrerantzean ere «kalitatezko zerbitzu publikoa» ematea izan behar luke etorkizuneko erronka Osakidetzarentzat, Landaren ustez.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2013ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Osakidetza 1983. urtean sortu zenetik, pediatria alorrean ari da lanean Joseba Landa (Donostia, 1957). Hezkuntzarekin ere lotura handia du, medikuntza ikasketetako laugarren, bosgarren eta seigarren kurtsoetako koordinatzailea baita Donostian.

Nola gogoratzen dituzu Osakidetzako lehen pausoak?

Lanean hasi nintzenean, Espainiako Aurreikuspen Institutua zegoen; Gizarte Segurantzako erakunde bat zen. Osasun sistema berri bat martxan jartzen hasi zen, pixkanaka. Garai hartako pausoak bertatik bertara bizita, zaila izaten da gauzei bere neurria eta garrantzia hartzea. Denborarekin, lehen urte haietako Osakidetza ume txiki bat bezala definituko nuke.

Azpiegitura aldetik aldaketa handiak izan dira 30 urteotan Osakidetzan. Zerbitzuetan zer hobekuntza nabarmenduko zenituzke?

Bilakaera oso handia izan da. Gaur egun, Osakidetzan 120 zentro daude, sei-zazpi ospitale. Gainera, talde integratu berri batzuk daude lehen mailako arretan eta ospitaleetan. Asko zabaldu dira zerbitzuak; aldea nabaria da. Horri esker, esan dezakegu Osakidetza herritarrengandik gertuago dagoela gaur egun. Herri txikietan eta edozein auzotan daude osasun zentroak. Hobekuntza nabaria egon da alde horretatik.

Teknologikoki ere aldaketak nabarmentzeko modukoak izan dira, ezta?

Aldatu dira gauzak, bai. Zaintza intentsiboen unitateetan, esate baterako, aldaketak nabariak izan dira. Ospitalean aurrerapen teknologikoak sekulakoak izan dira, adibidez ebakuntzak egiteko. 30 urteotako aurrerapausoak garrantzitsuak izan dira, eta Osakidetzan beti lehen mailan egon gara. Garai batean, erresonantziak soilik zentro pribatuetan egiten zituzten, baina Osakidetzan berehala sartu zituzten. Da Vinci sistemaren bidez egindako ebakuntzak ere goiz heldu ziren Osakidetzara.

Pediatria saileko arduradun moduan, zer aldaketa ikusi dituzu 30 urteotan haurren arretan?

Lehen arretan zerbitzuaren kalitatea asko hobetu da. Pediatria askoz hobea egiten da bai lehen arretan eta bai ospitaleetan. Profesionalen mailan ere aldaketa oso positiboa izan da.

Duela urte batzuk, ospitaleetako pediatria larrialdi zerbitzuak gainezka egoten ziren une batzuetan. Egoera hori konpondu al da?

Bai. Azkeneko urteetan gutxitu egin dira larrialdiak. Ez dago arrazoi zehatz bakar bat horretarako. Batetik, haur gutxiago jaio dira. Bestetik, lehen mailako arreta asko hobetu da; bere giroan hobeto tratatzen dira haurrak, eta gutxiago bidaltzen dira ospitalera.

Pediatria sailean ,zeintzuk dira gaur egungo erronkarik garrantzitsuenak?

Erronka nagusia da haurren osasuna oro har hobetzea, eta gure zaintzak hoberenak izatea, etorkizunean pertsonak osasun ona izan dezan. Jaiotzen direnetik ikusten ditugu umeak. Haur goiztiarrei zainketa onenak ematea garrantzitsua da, eta alde horretatik pauso handiak eman dira. Haurtzaroan gaixotasun kroniko asko daude: asma, obesitatea... Eta horietan lan asko ari gara egiten. Umearen bizi-kalitatea da gakoa. Horretarako, prebentzioan ere ari gara lanean.

Obesitatea aipatu duzula, nola lantzen duzue gaitz hori?

Ospitalean ez dugu obesitatea askorik lantzen pediatria arloan. Lehen mailako zentroetan egiten da lan gehiago. Egia da gero eta haur gehiago daudela obesitatearekin eta erronketako bat dela aurrera begira.

Unibertsitatean medikuntzako bigarren zikloaren koordinatzailea zara. Zertan aldatu da hezkuntza?

Lehen promozioko ikaslea izan nintzen Donostian, eta hezkuntza ikaragarri aldatu da. Hezkuntza teknika bide berriak daude gaur egun. Lehen, irakasleak eskolak ematen zituen, eta ikasleek soilik entzun egiten zuten. Egun, ikasleek beren kabuz egin behar dituzte lanak eta ikerketak. Irakasleak horretan lagundu behar die. Aldaketa nagusia ikaslearen lanean dago. Fakultatearen egitura eta baliabideak ere dezente aldatu dira. Praktikak betidanik egon dira, eta esango nuke gaur egun nahiko praktika onak egiten direla. Ikasketa planetan, agian, aldaketa batzuk egin beharko lirateke.

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko lehendakari Karlos Ibargurenek BERRIAn esan zuen hizkuntz eskakizuna beteta daukaten Osakidetzako langile askok ez dutela euskara erabiltzen. Ados al zaude?

Bai, hori alor guztietan gertatzen da. Gauza bat da eskakizuna izatea, baina gero alferrik da, hizkuntza erabiltzen ez baduzu. Pertsona bakoitzak egin behar du ahalegina. Pediatria alorrean, nahiko ondo gabiltza euskararen ikuspegitik. Baina egia da Osakidetzan oro har mugak daudela, langile asko daudela euskaraz hitz egiten ez dutenak. Hurrengo lau urteetan erronketako bat izango da euskara zabaltzea.

Oro har, zer erronka izan beharko lituzke Osakidetzak etorkizunari begira?

Kalitatezko zerbitzu publikoa izaten jarraitzea. Kalitate handikoa da Osakidetzaren zerbitzua, eta horri eutsi behar zaio. Zerbitzuen koordinazioan hobetu daiteke, gaixoen laguntzarekin. Eraginkorragoa izatea da erronka nabarmenetako bat.

Zer diozu murrizketen inguruan?

Badakigu nola gauden, eta, noski, badaude murrizketak. Hala ere, beste alor batzuetako langileekin hitz eginez gero, osasun arloan daude murrizketarik txikienak. Gertu ditugun erkidego batzuetan, egoera askoz okerragoa da, adibidez, Katalunian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.