Eli Pescador. Hibaikako arraunlaria

«Euskotren ligan sartzea da gure helburu nagusia»

Ligara sailkatzeko estropadan izango da bihar eta etzi, bere herriko traineruaren tostetan. Itxaropentsu dago, baina zuhurtziaz ari da.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2013ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Duela sei urte hasi zen arraunean Eli Pescador (Errenteria, Gipuzkoa, 1982). Esperientzia dauka, bandera batzuk ere irabazia da, eta, orain, iaztik, Hibaikako traineruan ari da, herriko ontzian. Begiz jota ditu biharko eta etziko estropadak, eta eskaera hau egin die herritarrei: «Animatzera etor daitezela; Pedreñara joatea zaila izango da, baina etzi, etor daitezela Donostiara».

Hibaikarentzat denboraldiko estropadarik garrantzitsuenak al dira Euskotren ligara sailkatzeko biak, asteburukoak?

Bai. Guretzat, helburu nagusia Euskotren ligan sartzea da lehendabizi.

Sailkatuko zarete?

Itxaropentsu gaude, eta gauzak ondo eginez gero, aukerak izango ditugu. Ikusi egin beharko da beste taldeek ere zer egiten duten.

Zein hiru ontzi ariko zarete Euskotren ligan Zumaia sailkatuarekin?

Ez dakit zein sartuko den eta zein ez. Iazko sailkatze estropadan, arazoak izan genituen lehen egunean irteeran, eta kanpoan geratu ginen. Ikusi arte zein dagoen barruan eta zein ez, nik ez dut ezer esango, badaezpada ere. Jokatu egin behar dira bi estropadak, eta gauzak ondo egin.

Euskotren ligan sartzea bultzada litzateke herrian arrauna sustatzeko, ezta?

Dudarik gabe. Oso garrantzitsua da. Jendea liga nagusiei bakarrik egoten da begira, eta irabazten dutenekin bakarrik geratzen da. Gure taldea ez da ezaguna, nahiz eta emaitza onak lortzen ari beheko mailetan eta azken urteetan. 'Hibaika? Nongoa da hori?' galdetzen dizute. Errenteriako jende askok ere ez daki zer garen.

Aurten aukera gehiago al dago sailkatzeko Getaria-Tolosa eta Galizia ez egonik?

Baietz uste dut. Aukerak handitu egin dira, baina egin egin behar da. Irrikaz nago asteburu hau pasatzeko.

Aparteko tentsioa duzue?

Bai. Asteburu batean jokatu behar dugu dena, eta edozein oker txikik kanpoan laga zaitzake. Lasaitasunarekin hartu behar dugu, beti bezala egin gauzak, eta ea ateratzen den.

Sailkatzen bazarete, gero zer asmo duzue ligaren barruan?

Talde indartsuak daude, eta zaila izango da goian ibiltzea, bainaitxaropena ez da sekula galtzen. Goian aritzeko lanean ari gara, baina sartu egin behar, lehendabizi, eta gero, gerokoak.

Nolako taldea duzue?

Iazko taldea ia bera da, eta, gainera, berriak dauzkagu: Hondarribitik hiru arraunlari etorri zaizkigu, Trintxerpeko bat, eta, harrobitik, gazteak ere igo dira. Indarra da gure ezaugarri nagusia, eta teknikoki falta zaigu oraindik, hobetzen ari bagara ere.

Bigarren urtea du Hibaikak emakumezkoen trainerua ateratzen. Egitasmoa sendotzeko bidean doan adierazle?

Bai. Gainera, herriko klubean arraun egitea guztiz berezia da, ezberdina. Bigarren urtea dugu segidan, eta harrobian ere lan ona ari da egiten kluba. Giro polita ari da sortzen, eta ea uretan mantentzen garen.

Inoiz baino estropada gehiago dituzue egutegian. Emakumezkoen traineru estropadak egonkortzen ari direla esan nahi du?

Ez dakit zer esan nahi duen, baina askotan nabaritzen dugu egutegia ez dela zehazten azken unera arte. Klubetan gero eta garrantzihandiagoa ari zaizkigu ematen, eta, esaterako, aurten, udaberrian, estropada asko izan ditugu. Gauza ondo doala ematen du, baina noiz arte eta nola ikusi behar.

Harrobia lantzea al da gakoa?

Klubek lanean segitzen badute, sendotuz joango dira estropadak.

Nola erakarri haurrak arraunera?

Balio asko ematen ditu: taldeko kirola da, eta gauza asko ikasten dira, momentu onak eta txarrak taldekideekin igarotzen dituzu. Oso polita da, naturarekin harremanean zaude. Gogorra da, sakrifizioa eskatzen duena, baina pozak ematen dizkizu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.