Albistea entzun

Mubaraken kontrako epaiak ez ditu ase egiptoarrak

Egiptoko presidente ohiari 25 urteko espetxe zigorra jarri diote hilketengatik, baina errugabetu egin dituzte polizia buruak

Anaia Musulmanek bat egin dute epaia salatzeko antolatu dituzten protestekin

Sergi Cabeza -

2012ko ekainak 3 - Kairo

Petardoek, oihuek eta Alaren handitasunari egindako erreferentziek burrunba izugarria sortu zuten atzo Kairoko Polizia akademiaren kanpoan, epaiketa egin duten lekuan, epaileak erabaki historikoa irakurri zuenean: Hosni Mubarak presidente ohiari 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Une pozgarria izan zen, baina, pixkanaka, amorruzko bilakatu zen, jakindakoan zigorgabetu egin dituztela hainbat manifestari hiltzeaz akusatutako Barne Ministerioko sei goi kargudun. Presidentea eta bere semeak ere ustelkeriaz akusaturik zeuden, baina horiek ere errugabetu dituzte.

Mubarakek, zeinak, telebista publikoaren arabera, «bihotzekoa» izan zuen ospitaletik espetxera bidean, Egiptoko legeak ezartzen duen zigorrik luzeena jaso du, baina, era berean, saihestu egin du iraultzaren martirien senideek desio zutena: heriotza zigorra, hain zuzen. Zigor bera ezarri diote Habib al-Adli Barne ministro izandakoari, baina ez, ordea, kolaboratzailerik gertuenekoei. Ahmed Rifat epaileak esan bezala, 25 urteko kartzela zigorra da bost egunean egindakoengatik, «baina ezer ere ez 30 urteko iluntasunarengatik».

«Erabaki horrekin, inpunitate mezu bat bidaltzen ari dira: Polizia nahierara aritu daitekeela». Jaled Fahmiren iritzia da hori, Ameriketako Unibertsitateko historia irakaslearena. «Mubarak jokoz kanpo dago, baina estatu polizialak hor jarraitzen du, ukiezin». Fahmik uste du epaiketaren prozesuak zalantzak sortzen dituela alderdikeriarik ezaren gainean. Hauteskundeei begira, presidentetzarako bozen kanpainan bete-betean sartua den herrialde horretan, Mubaraken lehen ministro izandakoaren aldeko deritzo Ahmed Xafik erabakiari, «haren balioak egonkortasunari eta segurtasunari eustea direlako, epailearen erabakitik ondoriozta daitezkeen balio horiexei».

Ahmed Xafikek ez du itxaron iritzia eman aurretik: «Epaiak baieztatzen du inor ez dagoela legearen gainetik», eta iraganeko erregimena berriz ezarri nahi duela egozten diotenei honakoa esan die: «Mubaraken kontrako zigorrak sinesgarritasuna kentzen die sistema zaharrak oinordeko bat duela esaten dutenei».

Anaia Musulmanak, Mohamed Mursi presidentetzarako beste hautagaiaren alderdikoak, «erabakiarekin hunkituta» daude. Haien ustez, «absurdoa, eta argudiorik gabea da», esan nahi baita «erregimenaren buruak eta Barne Ministroak izan ezik sistemaren gainerako egitura osoak bere horretan» jarraitzen duela.

Euren webgunean erabakiaren kontra protesta egiteko herrialdean antolatu diren manifestazioekin bat egingo dutela esan eta ordu gutxira Mursik Tahrirrera jo du, eta txaloka hartu dute jarraitzaileek. Horrez gain hainbat alderdirekin eta indar iraultzailerekin bilera egin nahi dute Anaia Musulmanek lehenbailehen, estrategia bateratu bat negoziatzeko, gertaeren larria dela eta.

Kalean

Istiluen aurka egiteko prestatuta dauden ehunka poliziaren harresiak banatu zituen atzo Mubaraken jarraitzaileen eremua eta haren kontrakoena, Polizia akademiaren aurrean. Nostalgikoen artean —dozenaka batzuk besterik ez—, Khalel Abdel Aziz zegoen, Arabiar Ligan lan egiten duen 47 urteko gizona. «Inoiz ez da herriaren iraultzarik egon; inperioaren konplot bat baizik ez da izan». Abdel Azizek ziur esaten du Mubarakek ez duela inor hil, «bai, ordea, Anaia Musulmanek». Amirak —langabezian dago, eta 24 urte dauzka— gogoan du presidente ohiak errepideak eta zubiak eraiki zituela. «Herrialdeari 30 urtean segurtasuna eta egonkortasuna eman zizkion gerra heroia da». Amirak eta Khalelek nahi dute Xafik izatea hurrengo presidente, «berriz hasteko».

Mubaraken kontrakoentzat jarritako eremuan —jende askoz gehiago zegoen—, iraultzako biktimen senide asko zeuden, euren maiteen argazkiak eskuan. Erabakia jakin aurretik, heriotza zigorra eskatzearekin bat egin zuten denek. Erabakia jakin ostean, amek ezin izan zieten eutsi emozio malkoei: «Epailea musulman ona balitz, jakingo zuen Hosni Mubarak eta beretarrak txakur batzuk direla, eta hiltzera zigortuko zuen». Mahmud Abdel Zahir martiriaren amaren oihu itoa gogoan itsatsita geratzen den horietakoa da. Khaledentzat, Mohamed Ibrahim desagertuaren anaiarentzat, «sasi-epaiketa» bat besterik ez da izan. «Xafikek hor jarraitzen du, Mubaraken alderdi nazionalak hor jarraitzen du, eta kontseilu militarrak hor jarraitzen du». Khaledek ez du ahaztuko, eta «iraultza eta odol gehiago» iragarri ditu.

Jendetza Tahrirren

Une batean, harrika hasi ziren batzuk, baina epaitegiaren aurreko tentsioak ez zuen gainezka egin, oro har; epaiketaren lehen egunean ez bezala —iazko abuztuan—. Manifestazioak, atzo, Kairoko erdialdera bide egin zuten, bai Tahrir plazara —trafikoa geldiarazi zuten manifestariek—, baita Auzitegi Gorenera ere. Tahrirren, aspaldiko jendetzarik handiena bilduz joan zen, eta antzematen zen egunak bezala gauak ere luze joko zuela. Alderdi gehienek erabakia gaitzetsi zutela eta, protestek egun osoan iraun zuten Kairon, Alejandrian, eta herrialdeko gainerako hirietan.

Hosam al-Arabwy ekintzailea ez dago epaiarekin «batere» harrituta, «erregimenak berak epaitu duen erregimena» baita, eta ziurtatu du gertatutakoak ez duela aldatuko gertaeren bidea, «aldaketak denborarekin etorriko» direlako. Mohamed Redwanentzat — ekintzailea bera ere—, epaia «kaka bat» da, eta «ezerezean» geratuko da Xafik presidente izendatzen dutenean: «Defentsak helegitea aurkeztuko du, eta Mubarak errugabetu egingo dute».

Hosni Mubaraken eta bere ondokoen epaiak sortu duen tentsioa garrantzitsua izango da presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulira begira, datozen 16an eta 17an. Ikusteko dago zein hautagaik egiten duen joko hobea: Ahmed Xafikek, segurtasuna eta ordena ikurtzat hartuta, edo Mohamed Mursik, Tahrirrekin berriz ere aliatuta. Dagoeneko, «oportunista» deitu diote Mursiri, zirkulu iraultzaileetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritar batzuk gizon baten hilotza eramaten, atzo, Jeninen. ©ALAA BADARNEH / EFE

Israelgo indarrek gutxienez hamar palestinar erail dituzte bi erasotan, tiroz

Julen Otaegi Leonet Mikel O. Iribar

Jenin hirian eta Jerusalem ekialdean oldartu dira militarrak. Armadako buruak «terrorismoaren kontrako jarduerekin» jarraitzeko agindu du
Josep Borrell EBko diplomaziaburua eta Naser Burita Marokoko Atzerri ministroa, hilaren 5eko bilkuraren ostean. ©J. M. / EFE

Marokoren eta EBren arteko harreman onak, mehatxupean

Ricard Gonzalez

Lehen informazioen arabera, badirudi Rabatek sortu zuela europarlamentuko ustelkeria trama. Eskandalu horrek gainezka eragin die bi aldeei, desadostasunen ondoren.

Dina Boluarteren aurkako zentsura mozioa aurkeztu dute

Berria

Peruko Kongresuko zenbait kideren arabera, presidentea «ez da gai» kargu horretan jarduteko
Malmer Stenergard Suediako Migrazio ministroa, Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioa eta Gunnar Strommer Suediako Justizia ministroa, gaur, Stockholmen, EBko Barne ministroen bilkuraren aurretik ©PONTUS LUNDAHL / EFE

EBko estatu kideen arteko koordinazioa handitu nahi dute migratzaile gehiago kanporatzeko

Ander Perez Zala

Europako Batzordeak aurkezturiko plana aztertuko dute egunotan talde komunitarioko Barne ministroek. Asilorako eskubiderik ez duten iheslariak itzultzea du helburu.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.