Indiak Kaxmirren bere bost soldadu hiltzeaz akusatu du Pakistan

Bi herrialdeak urteak daramatzate Kaxmir eskualdearen subiranotasunagatik borrokan

2013ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Kaxmir eskualdean bere bost soldadu hiltzeaz akusatu du Indiak Pakistan. Eraso horrek arriskuan jar lezake bi herrialdeen arteko bake elkarrizketak berriro hasteko prozesua.

«Gaur goizean Pakistanek Poonch sektoreko kontrolgunean bost soldadu hil dituela ohartarazi didate», idatzi zuen atzo Indiako Gobernuko lehen ministro Omar Abdullahek Twitterren.

Indiako prentsak publikatu duenaren arabera, astelehen gauean Pakistango tropak Indian sartu ziren eta bi herrialdeak bereizten dituen Pooncheko kontrolgunetik gertu patruilatzen ari zen Indiako soldadu talde bati eraso zioten .

Pakistango iturri ofizialek, ordea, adierazi dute ez dutela zerikusirik eraso horrekin. Gainera, Pakistango armadak aldi berean Indiari soldadu bat hiltzea eta duela hamar egun beste bat larri zauritzea leporatu dio. Prentsa ohar batean, Pakistango Atzerri Ministerioak adierazi du Islamabaden akusazioak «oinarririk gabeak» direla eta 2003an bi aldeek sinatutako su-etenarekin «konprometituta» dagoela.

Bake prozesua, kolokan

Erasoak bi herrialde aurkarien arteko bake elkarrizketak berriro hasteko prozesuari eragin liezaioke. Hilabete honetan elkarrizketei ekitea aurreikusita zegoen, bi herrialdeetatik igarotzen diren ibaietako uren inguruko kudeaketaz hitz egiteko. Gainera, Indiako lehen ministro Manmohan Singh eta Nawaf Sharif Pakistango agintari aukeratu berria New Yorken elkartzekoak dira irailean, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian.

Urtarrilean Indiaren eta Pakistanen arteko hainbat enfrentamendu gertatu ziren Kaxmirren, eta bost soldadu hil ziren: bi indiar eta hiru pakistandar. Orduan, soldadu indiar bati burua moztea leporatu zion New Delhik Islamabadi. Pakistanek ukatu egin zuen berak halakorik egin izana.

Pakistango ekintzaile batzuek Bombayn egindako atentatu baten ondorioz, Indiak 2008an bertan behera utzi zuen bi herrialdeen arteko bake prozesua; 2011n, New Delhik eta Islamabadek berriro hasi zituzten elkarrizketak.

Indiak eta Pakistanek, zeinek 1990eko hamarkadatik arma atomikoa duten, bi gerra eta beste hainbat gatazka izan dituzte Kaxmirko subiranotasunarengatik, 1947an Britainiar Inperiotik independizatu eta azpikontinentea banatu zenetik. Milaka soldadu dituzte bi herrialdeek eskualde horretan. Gaur egun, munduko eskualderik militarizatuenetako bat da Kaxmir.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.