Bakearen ideian murgildu, etxeko giroan

'Pakean utzi artea' lelopean, Inmersiones egitasmoak zenbait begirada bilduko ditu Zuloa Espazioan
Fernando Iglesias (goian) eta Nerea Lekuona (sofaren erdian) Inmersiones talde eragileko kideak, parte hartu duten lagun batzuekin batera: Marta Gil, Ander Gillenea eta Josune Martinez de Albeniz.
Fernando Iglesias (goian) eta Nerea Lekuona (sofaren erdian) Inmersiones talde eragileko kideak, parte hartu duten lagun batzuekin batera: Marta Gil, Ander Gillenea eta Josune Martinez de Albeniz. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2012ko azaroak 14
Bakea eta indarkeria. Bakea hitza liskar eragile gisa. Bakea, borroka eremu gisa. Inmersiones 2012 egitasmoak Euskal Herrian berebiziko gaurkotasuna duen gaia hartu, eta horri buruzko zenbait begirada eta gogoeta bilduko ditu Zuloa Espazioan (Gasteiz). Ordea, ez ditu begirada horiek erakutsiko. Begirada horietan murgiltzeko aukera emango dute bihartik aurrera.

Inmersiones egitasmoaren bosgarren urtea da, eta jatorrizko helburuari eusten dio: inguruko ekoizpen eta proposamenei leku bat egitea. 2012ko aldian gaurkotasunezko gaia hartu, eta horri buruzko ekoizpen askotarikoak hartu dituzte, Pakean utzi artea lelopean. Horren barruan, bakeari buruzko gogoetaz gain, artearen munduan dauden konpromisoak eta arteari buruzko gogoetak ere badira.

Ardatz askotan jorratu dute gaia hainbat eragilek. Hala, Inmersiones 2012aren barruan, lan ildo askotarikoak daude. Lehena, eta proposamen bakoitzean murgiltzeko aukera gehien ematen duena, Hospitalarios (abegitsuak) izenekoa da. Hor, sei egunetan zortzi lagunek haien proposamena eskainiko dute Zuloa Espazioko beheko solairuan, eta «giro atseginean» egingo diete harrera ikusleei, «etxeko giroan»: kafea, sofa batzuk... Egileak bertan egongo dira, haien ikuspuntua emanez.

Josune Martinez de Albenizek eta Ander Gilleneak inauguratuko dute bihar egitasmo hori, eta prentsako argazkilari moduan eman dituzten hogei urteko baino gehiagoko ibilbidearen fruituak eskainiko dituzte. «Oso urte gogorrak bizi genituen prentsa argazkilari gisa», ohartarazi du Martinez de Albenizek. Argazki horien artean indarkeriaren muturrak ikus daitezke. Jose Maria Igerategik garraiatzen zuen bonba lehertu zeneko argazkia, Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia ospitaleratzen ari zirenekoa, edota Sevillako (Espainia) 1999ko atletismoko munduko txapelketan agertu ziren Giraldillen irudiak.

Argazki horietako batzuk paperean ikusi ahalko dira, eta beste hainbat, ordenagailu bidez.

Dosierrak eta biltzarra

Argazkiez gain, mota guztietako proposamenak hartuko ditu Zuloa Espazioak. Besteak beste, azaroaren 29an Marta Gilek eta Juan Ibarrondok prestatutako «bakeari buruzko gezur detektagailua» martxan izango da. Ekintza «ludikoa eta didaktikoa» dela aurreratu du Gilek.

Ordea, Hospitalarios ekimenaz gain bestelako lanak ere ikusi ahal izango dira Zuloak Espazioan. Hain zuzen ere, hogeita bi artista, kolektibo, sortzaile, ikertzaile eta bitartekarik prestatutako txostenak ikusgai egongo dira; betiere, bakeari buruzko gogoetan zentratuta.

Azkenik, Inmersiones 2012 egitasmoaren barruan, arte eragileen biltzarra egingo dute abenduaren 15ean Berakah Espazioan. Eragileek haien lana azalduko diete herritarrei biltzar horretan, baita bestelako arte proposamenak eskaini ere. Batzarraren eguna bukatzeko herri afaria egingo dute Ardo Ona tabernan, non bakeari eta indarkeriari buruzko reggae musika jarriko duten.

Ekintza guztiez gain, aurtengo Inmersiones egitasmoko talde eragileak beste pauso bat eman du artearen sozializazioan. Hain zuzen ere, ohiko instituzio artistikoetatik kanpo dauden lekuak bilatu dituzte. Zuloa Espazioak baldintza horiek betetzen zituela azaldu du Fernando Iglesias Inmersioneseko talde eragileko kideak; baita Berakah Espazioak ere, hainbat elkartek Gasteizen duten topaguneak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna