Albistea entzun

Anari: «Niretzat xedea ez da perfekzioa»

Bere ibilbide osoko abestiak biltzen dituen zuzeneko disko bat kaleratu du Anarik: 'Bidea eta denbora'
Anari Alberdi musikaria, taldearekin, iaz Bilbon emandako kontzertu batean.
Anari Alberdi musikaria, taldearekin, iaz Bilbon emandako kontzertu batean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2014ko urtarrilak 8

Zebra sentitzen da Anari Alberdi musikaria (Azkoitia, Gipuzkoa, 1971); marra beltzeko zuri, marra zuriko beltz. Esana du hori lehenago ere, baina bere lehen diskoa atera zuenetik hamazazpi urte bete direnean errepikatu egin du ideia bere buruaz egin duen erretratuan: «Bakarlarien eremuan, taldea gara, eta taldeen eremuetan, bakarlari sentitzen gara. Beti sentitu izan dut hor neure burua». Estudioko lau disko, Petti musikariarekin partekatutako lan bat eta zuzeneko emanaldi bat grabatu ostean ere hortxe; ez erabat beltz, eta ez erabat zuri. Eta orain arte egindako ibilbide hori biltzen duen zuzenekoa kaleratu du orain: Bidea eta denbora (Bidehuts).

Diskoa ez da atzera begirako bat, ez, behintzat, zentzu itxian, baina ezin esan, halere, atzera begirako baten kutsurik ez duenik. Bidea eta denbora, biak hartzen ditu kontuan. Eta presente izan dute horregatik kanten kronologia diskorako hautatutako abestiak ordenatzerakoan. 1997an kaleratutako lehen diskoko lehen abestia da oraingoan ere lehena: Gure mundua. Eta erdi kronologikoki jarraitzen du gero zerrendak. Habiak diskotik lau (2000, Esan Ozenki): Zubiak, Habiak, Denbora eta Bihotza galdu dut. Gero, Zebra laneko bi (2005, Metak): Aingura hegodunak eta Naufragoak. Eta Irla izan diskokoetako beste bi amaieran (2009, Bidehuts): Harriak eta Amua. Bederatzi kanta, guztira, hamazazpi urteko ibilbidearen lagina egiteko.

Anari asko biltzen ditu Anari bakarrak, ordea. Musikariak dioenez, distantzia ere badakar-eta bideak. «Nik, adibidez, Gure mundua kantatzean sentitzen dut beste norbaiten abesti bat kantatzen ariko banintz bezala. Baina beste norbait hori ni neu naiz, orain dela ia hogei urteko ni neu». Berea da oraindik ere kanta, baina ez soilik berea. «Zorionez», egiten du zehaztapena gero. «Zuk egiten dituzu abestiak, eta abestiek pasatzen dute zure muga, eta bilakatzen dira beste jende batenak ere».

Iazko otsailean Donostian Viktoria Eugenia antzokian emandako kontzertua da diskoaren oinarri nagusia. Bertan grabatutakoak dira kanta gehienak, baina bada Zarauzko Putzuzulo gaztetxean grabatutako zatirik ere. Eta ez da kasualitatea. «Gu bi gauzak gara. Antzokikoak bai, baina baita gaztetxekoak ere. Viktoria Eugenian grabatuta dago zuzenekoan, baina ez diogu horri pisu berezirik eman nahi izan diskoaren izenean, adibidez. Viktoria Eugenian grabatu genuen, baina izan zitekeen beste edonon ere». Eta horregatik egiten da Putzuzuloko aipamena. Izan ere, uztartu egiten dira bi guneak diskoko azken kanta ezkutuan. Minutu batzuetako isilunearen ondoren, Zebra diskoko Gu abestia entzuten da, eta, tarteka, batuz doaz Viktoria Eugeniako kontzertuko grabazioa eta Putzuzulo gaztetxean bideokamera batekin grabatutako audioa. Antzokia eta gaztetxea. Agertokia hartzen duen taldea eta abestien koruak egiten dituen gaztetxeko jendea. Donostian hasi, Zarautzen buka, bi aurpegikoa nahi zuen autorretratua.

Arriskua eta edertasuna

Ohiko taldearekin grabatu zuen zuzenekoa Anarik. Seikote gisa: Mikel Abrego bateria jotzailea, Xabier Olazabal Drake baxu jotzailea, Borja Iglesias gitarra jotzailea, Maite Arroitajauregi biolontxelo jotzailea, Mariano Hurtado teklatu jotzailea eta Anari bera. Eta Karlos Osinaga Txap-ek ere hartzen du parte emanaldian.

Konponketarik eta zuzenketarik gabe agertu nahi izan dute beren burua diskoan. Akastun. Nahita. «Disko sintzeroa egin nahi genuen», dio Anarik. «Gaur egun badago zuzeneko disko bat moldatzerik, baina disko honek akatsak ditu. Gu saiatzen gara arriskuaren eta edertasunaren artean ibiltzen. Beti desberdin jotzen ditugu kantak zuzenean. Ez zait gustatzen kanta bera askotan entseatu eta zehatz nola aterako den jakitea. Non jo, hala ateratzen dira. Abestiak haziz doaz jotzearekin eta arriskatzearekin. Eta zuzeneko disko honetan nahi izan dut akatsekin jaso emanaldia. Benetakotasun hori jaso nahi nuen. Horrelakoak gara zuzenean, inperfektuak. Oso inperfektuak. Baina niretzat perfekzioa ez da helburua».

Otsailean kontzertu sorta bat emango dutela iragarri du musikariak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Ez dugu behin ere pentsatu azoka digital soila egitea»

Iñigo Astiz

Durangoko Azokako denda digitala gaur abiatuko da, eta aurrez aurreko bisitak, berriz, bihar. Osasun neurriak aldatuz gero ere horri eustea da Mujikaren asmoa.

 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

Toure detektibea Madrilera joan da zortzigarren kontakizunean

Gorka Arrese

Jon Arretxek 'Dortokaren begirada' argitaratu du. Parisko bitxi denda batean ostutako piezei esker, Toure eroso bizi da Madrilen

Libe Garcia de Kortazar eta Jon Basaguren musikariak. ©GALDER IZAGIRRE

Paisaia ilun baten soinu banda

Ainhoa Sarasola

Pasadena sortu dute Libe Garcia de Kortazarrek eta Jon Basagurenek, eta izen bera duen diskoa atera. Giro iluna iradokitzen duten zortzi kantu bildu dituzte, argi printzek zulatuak

Concha Barqueroren eta Sergio Alvaradoren <em>Descartes</em> filma. ©ZINEBI

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.