Gorputza gizakiaren haragitzea da

Lekuko baten tokitik, giza pasioei buruz mintzo da Felipe Juaristi 'Piztutako etxea' poema liburuan

Musikaz lagunduta aurkeztu zuen Felipe Juaristik liburua, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2014ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Poesiak orokorrean gorputzari garrantzi handirik ez diola eman iruditzen zaio Felipe Juaristi idazleari (Azkoitia, Gipuzkoa, 1957). Pentsatzen du poesia galdu egin izan dela «arima edo espiritua deitzen zaion zelaian», eta inportantzia eman izan zaionean soineko erotikoaren lilurarekin jantzita heldu dela. Baina gorputza, ordea, gizakiaren haragitzea da, idazlearen iritziz. «Gizakia dago poesiaren muinean», eta giza pasioek elikatzen dute: «Pozak, tristurak, maitasunak, inbidiak, desesperazioak, izuak, esperantzak...». Horiei buruz mintzo da Juaristi Piztutako etxea poesia liburuan (Erein), baina lekuko baten posiziotik; uste baitu poetak inguruan ikusten duena jaso eta islatu behar duela.

Guztira, hogei poema bildu ditu 70 orrialde pasatxotan. Buruan zeukana saiakera gisa ontzea zen hasieran haren intentzioa, baina konturatu zen poesiaren molde «zatikatuak» saiakerak baino gehiago adieraz zezakeela. «Hogei margolan dira, eta horietako bakoitzari hainbat ikuspegitatik begiratu zaio», jakinarazi zuen egileak liburuaren aurkezpenean, atzo, Donostian.

Ahalegindu da, haren esanetan, gorputzaren mugak zehazten, horren ahalmena zedarritzen eta izaera argiztatzen. Gorputzari heldu dio, beraz. «Askotan, poeta galdu egin da errealitatetik kanpo dagoen lurraldean, eta ahantzi egin du poetak errealitate bat sortzen duela beste errealitate baten gainetik». Uste baitu Juaristik gizakia eta gizatasuna gisako kontzeptuak abandonatu izan direla poesian beste kontzeptu itxuraz handiago eta erakargarriago batzuen aldean: «Dela jainkoa, dela aberria, dela merkatua...». Izan ere, poetak ez du bizi behar soilik bere tripari begira, Juaristiren hitzetan.

Madrilen idatzia

Liburua, ia osorik, Madrilgo La Casa Encendida kuturgunean idatzi du, haren kafetegi «txiki eta beroan». Hala jokatu du, distantzia behar zuelako. «Behar nuen distantzia hori, bai ideiak antolatzeko, bai hitzak aukeratzeko ere». Handik gauzak beste era batera ikusi dituela iruditzen zaio, gauza onak eta txarrak dituela etxetik urrun egoteak. «Ahalegintzen zara oroimena ez desitxuratzen, eta gertatu zaizuna garbiago agertzen da».

Horrek berak hizkuntzarekin beste harreman bat ahalbidetzen duela pentsatzen du. «Kalean ez duzu aditzen... Beraz, ahalegintzen zara hizkuntzari leiala izaten, traizio handirik ez egiten, garbiago azaltzen esan nahi duzuna...». Askeago ere sentitu da han, anonimotasunean. «Hemen geratu izan banintz, bestelakoa litzateke liburua».

Behin bukatuta eta irakurrita, konturatu da orrialdeetan dagoena dela azaldu nahi zuena, eta «esperantza» sentsazio bat transmititzen duela. «Harritzekoa da, sekula ez naizelako izan pertsona oso itxaropentsua... Oso abstraktua da kontzeptua...». Badaki mundua gaizki, «krisian» dagoela, berriro hastea dela irtenbidea eta ez dela itxaropena galdu behar. Horregatik beragatik egin du «pozaren eta alaitasunaren» aldeko apustua. «Beti dago zerbait gogoangarria bizitza justifikatzeko, eta hobe pozik bizitzea triste bizi beharrean. Gizakiak gorputza garelako. Sentimenduak oso lotuta daude gorputzarekin, eta triste edo pozik zauden nabarituko da zure gorputzean». Haren harridurarako, jarrera positiboa dauka liburuak.

Liburua aurkezteko, Aldeta bere musika taldeko kideak gonbidatu zituen Juaristik —Juanra Unamuno gitarra eta harmonika jotzailea, Monika Refojos abeslaria eta Txitxo Lopez gitarrista—, eta liburuko hiru poema interpretatu zituzten. Zazpigarren poemaliburua du Juaristik, 1984an Denbora, nostalgia kaleratu zuenetik —Aingeruaren angelua (Luces de Galibo, 2011) zen azkena—. Gainera, bi narrazio liburu eta bost nobela ere kaleratu ditu 30 urteko ibilbidean, prentsan, euskaraz zein gazteleraz, kolaborazioak egiteaz gain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.