Prozesioak, eguraldiak baldintzatuta

Euriaren eraginez, Aste Santuko erlijio ekitaldi asko aterpean egin behar izan dituzte hainbat herritan

Isiltasunaren Prozesioa eliza barruan egin zuten Hondarribian. G. GARAIALDE / ARP.
Nagore Rodriguez.
2012ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Hondarribiko Isiltasunaren Prozesiokoak (Gipuzkoa) zeruari begira aritu dira azken egunetan. Euriaren mehatxua zegoen Aste Santuko egunetarako, eta, beraz,beste urte batzuetan bezala, prozesioa bertan behera geratzeko arriskua. Mehatxua bete egin da, eta prozesioa elizaren barruan egin behar izan zuten ostiralean. Kale Nagusian dagoen Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Mariaren eliza jendez bete zen Jesusen heriotzaren antzezpena ikusteko.

Hondarribian ez ezik, Seguran ere aldaketak egitera behartu ditu eguraldiak. Ostegun santuko prozesioa herriko kaleetan egin beharrean, elizaren barruan egin zuten. Ostiral goizean, ordea, kalera atera ahal izan ziren segurarrak eta gurutz bidea egin zuten goizean goizik Santa Engrazitik Sorkundetarren komentura.

Balmasedan zorte handiagoa izan dute, euriak tartea egin zien Aste Santuko ospakizunei ostiralean, eta herriko kaleetan egin ahal izan zituzten erlijio ekitaldiak; hala ere, hotzari aurre egin behar izan zioten bertara bildutako milaka ikusleek, bederatzi gradu baino ez baitziren. Iaz baino ikusle gehiago bildu dira, hala eta guztiz ere aurten, Jesusen bizitzako azken orduak ikustera: epaiketa, afaria, gurutziltzatzea... Guztira, 700 herritar inguruk parte hartu zuten antzezpenetan.

Jende ugari erakarri ohi dute ere Tuteran (Nafarroa) egin ohi dituzten erlijio adierazpenek. Atzo goizean Volatinen erretzea egin zuten, eta gaur berriz, Aingeruaren Jaitsiera ezaguna egingo dute, 09:00etatik aurrera Foruen plazan. Aurten, Martin Villanueva Teribia gazteak antzeztuko du aingeruaren papera. Ekitaldi horrekin bukatuko dute Aste Santua Tuteran.

Bilbon ere gaur izango dute jarraipena Aste Santuko ekitaldiek. Egun hauetan, guztira, 13 prozesio ibili dira hiriko kaleetan. Gaur, Argiaren eta Berpizkundearen prozesioaren txanda izango da, eta prozesioaren buru Berpiztutako Jesusen pasoa joango da. Mario Izeta gotzainak eskainitako mezaren ondoren—13:00etan— abiatuko da prozesioa Santiagoko katedraletik, eta hainbat kale igaro eta gero, Santiago plazan amaituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.