'W imie...'-k Eliza katolikoaren tabuak plazaratu ditu Berlinalen

'Promised Land' eta 'Paradies:Hoffnung' filmak ere aurkeztu dituzte Sail Ofizialaren barruan

Agentziak
Berlin
2013ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Harrera beroa egin zioten atzo Berlinalen W imie filmari. Malgoska Szumowska zinemagile poloniarrak zuzendutako lan horrek Eliza katolikoaren tabuak plazaratu ditu. Poloniako baserri gune bateko nerabeak zuzentzeko ardura hartuko duen apaiz bat da protagonista. Homosexuala da, ordea, eta dilema bat izango du,bai barrura bai kanpora begira; are gehiago, gainera, Polonia moduko herrialde konfesional batean. Atzo Sail Ofizialaren barruanaurkeztu zuten pelikuletako bat da. Beste biak Promised Land eta Paradies: Hoffnung izan ziren.

Szumowskak 39 urte baino ez ditu, baina ibilbide oparoa egin du film labur, luze eta dokumentalekin. Iaz, adibidez, Elles (2011) aurkeztu zuen Berlinen bertan, Panorama sailean. Prostituzioari buruzko gogoeta egin zuen zuzendari poloniarrak, eta Juliette Binochek jokatu zuen bi protagonistetako baten rola. W imie...-n ere errealitateari lotutako gai bat jorratu du. Barrenak astintzen dizkion dilemari aurre egiteko ahaleginean, apaizari lagungarria egingo zaio nerabeek berarekin duten jarrera, baina sufritu ere egingo du herriko giro itoarekin.

Gus Van Sant zuzendariaren Promised Land-en, berriz, bi protagonistak, Global enpresako bi langile —Matt Damonek eta Frances McDormandek jokatu dituzte rol nagusiak— AEBetako herri galdu batera helduko dira, eta han belazeak zulatuko dituzte, gasaren bila. Han, baina, erretiratutako goi mailako ingeniari batekin topo egingo dute. Van Santek atzo adierazi zuen ez dela heroi eta doilorrei buruzko pelikula bat. «Dilema bat dauka pertsonaiak. Ez dio bere kontzientzari kasurik egin nahi, baina badaki horrek zer-nolako ondorio kaltegarriak ekar ditzakeen», adierazi zuen Damonek Berlinen. Ulrich Seidlen Paradies: Hoffnung-ek gizaki helduen ezkutuko tentazioez hitz egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.