Doktrinaren helegitea onartzeko presio handiak izan direla dio Iruinek

Espainiak ez ezik hark konbentzitutako herrialde batzuek ere auzitegian presioa egin dutela dio abokatuak

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiak Parot doktrinaren alde jarritako helegitea onartu izana gaur-gaurkoz ez da berri ona Iñigo Iruin abokatuaren iritzian. Gaia Areto Handira eramatea erabaki dute asteon auzitegi horretako bost epailek, eta kontrako erabakia hartu izan balute, auzia itxita geldituko litzateke, Parot Doktrina behin betiko baliogabetuz.

Areto Handira «gai oso larriak» baino ez direla iristen nabarmendu zuen atzo abokatuak, Info 7 irratian egin zioten elkarrizketan, eta oso zaila dela hori gertatzea. Parot doktrinaren helegitea onartzea «mundu juridikoan» eta Espainiako Auzitegi Nazionalean ez zutela espero argitu du, eta tramiterako onartzeko «presio handiak» izan direla dio. Gainera, esan duenez, presio horiek ez datoz bakarrik Espainiatik, baizik eta «Espainiak konbentzitu dituen herrialdeetatik» ere bai. Herrialde horiek «arlo penalean Espainiaren antzeko jarrera» dutenak direla esan du, nahiz eta ez argitu zein diren. Auzitegiak, azkenean, Parot doktrinaren kontrako epaia emango duen itxaropena dauka abokatuak, baina aurreikusten du hori gertatzea nahi ez dutenek «beren esku dagoen guztia» egingo dutela.

Iruinek nabarmendu du erabaki horrek une honetan indartu egiten duela Espainiako auzitegien jarrera —Auzitegi Konstituzionalak epaia irmoa izan arte 197/2006 epaiari buruzko auzietan erabakirik ez hartzea erabaki zuen, eta Iruinek uste du Auzitegi Nazionalak bide bereko erabakia hartuko duela aurki—. Eta beraz, Ines Del Rio eta haren egoera berean dauden beste 68 euskal presok espetxean jarraitzea dakarrela.

Espainiak jarritako helegitea Estrasburgok «ezohiko bizkortasunarekin» onartu duela dio —20 egun baino gutxiago behar izan dituzte—. Epe normala bi eta hiru hilabete artekoa da —Batasuna auzian Iruinek jarritako helegiteari buruz erabakitzeko bi hilabete behar izan zituzten—. Hala ere, abokatua ez da ausartu Areto Handiak erabakia zein epetan har dezakeen esaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.