Nafarroa Birizik taldearen hitzaldi bat debekatzeko eskatu du PPk

Amaiurrek, EAJk eta Geroa Baik sustatutako hitzaldia baimendu du Kongresuak, baina orain PPk atzera egin nahi du

Erredakzioa -

2012ko maiatzak 26
Nafarroako konkistaren mendeurrenean, 1512-2012 Nafarroa Bizirik elkartea maiatzaren 28an eta 29an bi hitzaldi eskainiko ditu Madrilen, Ateneoan eta Euskal Etxean. Era berean, Kongresuan Amaiur, EAJ eta Geroa Bai parlamentu taldeekin topaketa bat egingo du, eta prentsaurreko bat eskainiko du. Ekitaldi horien harira, Diario de Navarra egunkariak atzo Kongresuko hitzaldi horren inguruko albistea idatzi zuen, Nafarroa Bizirik elkarteko kideen artean Angel Rekalde ETAko kide izandakoa dagoela esanez. UPNk, atzo, Kongresuko mahaiari eskatu zion ekitaldia debekatu dezala «ETAk antolatu duelako». Ondoren PP etorri zen. Jesus Posada Kongresuko presidenteari eskatu zion hitzaldi horri emandako baimena atzera bota eta debekatu dezala.

PPren eskaera jaso ostean, Posadak auzia aztertzeko Kongresuko mahaiaren presazko bilkura batera deitu du etzi. Astero, mahaia asteartetan bildu ohi da, baina Posadak nahiago izan du lehenago bildu eta, PPk gehiengoa izaki mahai horretan, litekeena da baimena kentzea. Baimentzeko eskaera Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko eledunak egin zuen, baina EAJk zein Geroa Baik ere babestu egin zuten ekimena.

UPN: «Ezker abertzalea dira»

Carlos Salvador UPNko diputatuaren hitzetan, Kongresuan Nafarroako historiari buruzko hitzaldi horren atzean «ezker abertzaleari sostengua ematen dion jendea dago, baita ETAren adimena ere». Bere ustez, Nafarroa Bizirik zein Nabarralde plataformek itxuraz kultura sustatzeko jarduera egiten dute, baina «egiazki ezker abertzalea dira, argi eta garbi». Era berean, plataformaren alde «lan zikina» egitea egotzi die EAJri eta Geroa Bairi.

Geroa Baiko Uxue Barkosek ez du auzi horri buruz hitz egin, baina «izugarritzat» jo du UPNk 2012ko Estatuko aurrekontu orokorrekin egindakoa. Zuzenketa eskas baten truke aldeko babesa eman du. Zuzenketaren arabera, zerga pizgarriak eskainiko zaizkie 1512ko ospakizun ofizialei babesa ematen dieten enpresei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna