Hirugarren aldiz jokatuko du gaur euskal selekzioak etxetik kanpo lagunartekoa

Tallinen jokatuko du (20:45, ETB1), Estoniaren aurka. 2007an jokatu zuen azkenekoz etxetik kanpo

Julen Etxeberria.
Donostia
2011ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Bost hilabete eskasean bigarrenez jokatuko du euskal selekzioak lagunarteko partida bat. Iazko abenduaren 29an Venezuelaren aurka jokatu zuen, San Mamesen, eta 3-1 irabazi. Gaur Estonian jokatuko du, hango selekzioaren aurka, Tallin hiriburuko Le Coq Arena estadioan (20:45, ETB1). Aro garaikidean,Euskal Herritik kanpo jokatuko duen hirugarren aldia da. Orain dela lau urte izan zen lehena, Bartzelonan, Kataluniaren aurka —bina berdindu zuten—. Azkena orain delaia lau urte izan zen, San Cristobalen (Venezuela), hango selekzioaren aurka —3-4 irabazi zuen Euskadik—.

Jose Angel Iribar ez da izango aulkian; Javier Irureta izango da haren ordezkoa. Irureta lehen aldiz ariko da, Mikel Etxarrirekin, hautatzaile lanetan. Borja Ekiza, Mikel San Jose eta Ander Iturraspe Athleticeko jokalariak, Markel Bergara eta Gorka Elustondo Realekoak eta Kike Sola Osasunakoa, berriz, lehengoz lehiatuko dira selekzioarekin. Xabi Alonso, Javi Martinez, Iker Muniain eta Fernando Llorente, aldiz, ez dira deialdian sartu.

Estonia, Eurokopari begira

Estoniak gaurko partida baliatu nahi du ekainaren 3an Modenan (Italia) jokatuko duen partidari begira. Italiaren aurka neurtuko dituzte indarrak egun horretan, 2012ko Poloniako eta Ukrainako Eurokoparako sailkapen ligaxkako partidan. Estonia hirugarren da C multzoko sailkapenean, Eslovenia bigarren sailkatuarekin berdinduta —Italia da lider—. Bost partida jokatu ditu: bi irabazi, bat berdindu eta bi galdu. Multzoko azken neurketan bana berdindu zuen Serbiarekin. Orduko taldeak eta gaurkoak, baina, ez dute antz handirik, Serbiaren aurka jokatu zuten bost jokalari bakarrik baitaude gaurko deialdian.

«Oso talde indartsua da. Irabazi egin nahi badugu, haiek baino indartsuago izan behar dugu», esan du Etxarrik aurkariaz. 1996an San Mamesen jokatu zuten Estoniak eta euskal selekzioak, eta 3-0 irabazi zuten etxekoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.