Jon Eskisabel.
Ilaran

Hiltzeko arrazoirik ez

2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Andoni Tolosa Morau kantari eta zutabegileak duela gutxi gogora ekarri zuenez, garai batean, «euskal musikarien itzala oraingoa baino dezentez handiagoa eta zorrotzagoa» zen garaian, Mikel Laboa eta Benito Lertxundi zaleen artean banatzen zen gure mundu txikia. «Muturka aritzen ginen, baita musika kontuetan ere». Baten alde egoteak beste baten kontra jartzea ekartzen zuen maiz, eta inor gutxi libratu zen patu horretatik. Arrazoiak, norberari egokitutakoak. Oskorrik boikota jasan zuen taldekideak «espainolistak» zirelakoan, eta Laboak berak, gaur egun adostasun erabatekoa biltzen badu ere, ikus-entzuleak asaldatu, eta haien laidoak eta barreak entzun behar izaten zituen lekeitioak interpretatzen zituenean.

Baina 70eko hamarkada hartan inork ez zuen Lertxundik bezain jarrera gaiztorik jaso. Hala entzuna nion kantari ezagun bati aurretik, eta Lertxundik berak berretsi du orain: «Nik badut ezaugarri bat agian beste inork izan ez duena Euskal Herrian: aldekoak eta kontrakoak berdin izan ditut, eta nire kontrarioak aktiboak izan dira. Begiradan sumatzen nien, berehala ikusten nuen kontrarioen distira begietan». Eta gogoratzen duenez, 1976an Donostiako Belodromoan egindako 24 orduak euskaraz jaialdian kantatu zuenez geroztik, hurrengo hilabeteetan leku guztietan «liturgia berbera» errepikatzen zen: ikus-entzuleek, erdibiturik, txaloak eta txistuak jotzen zizkioten. «Hori zen moda». Ez zuen luze iraun ohitura gogaikarri hark: Zuberoa / Askatasunaren semeei disko bikoitzak (1977) aho guztiak itxiarazi zituen. Gaur egun, 70 urterekin eta 22 disko kaleratu ondoren —disko txikiak, zuzenekoak eta bildumak barne—, «patriarka moduko bat bihurtu naiz, santoi bat», dio Lertxundik. Inork ez du zalantzarik jartzen bera dela, Laboarekin batera, kantagintza modernoaren beste oin nagusia.

Txistuen pasadizo hori Plazer bat izan duk, Benito! liburuan (Elkar) jaso dute Pako Aristik eta Mikel Markezek. Lertxundik ez omen ditu ohitura finkoak maite, baina hainbat urtez, hilero-hilero, Markez eta Aristirekin elkartu izan da bazkaltzeko, eta bazkalondoan izandako solasaldi luzeetan sexuaz, politikaz, arraunaz, musikaz, erlijioaz, astrologiaz—kartak botatzen ikasitakoa da Markez—, mistizismoaz —Osho maisuaren jarraitzaile da Aristi—, heriotzaz… hitz egiten zuten. Hitz-aspertu horietan esandakoetatik aukeraketa bat egin eta paperera ekarri dituzte Tene Mujika bekari esker idatzitako liburu plazaratu berrian.

Liburu diferente bat da, berezia, gurean ezohikoa bederen, hala edukiaren aldetik —ez da biografia bat (lehendik ere badira Lertxundiri buruzkoak), «jarrera baten kronika» baizik, egileen hitzetan——, nola forma hibridoaren aldetik —elkarrizketa, pasadizoen kontakizuna, saiakera filosofikoa eta poesia batzen ditu, besteak beste, eta autolaguntza liburuen kutsua ere badu pixka bat—. Markezek eta Aristik hasieran buruan zuten ideia beste bat zen, galdera-erantzunera errenditzea solasaldien edukia, baina Lertxundik berak behartu zituen horrela egitera: «Bere bizitzan sortzaile handia den gizonak sormena nahi zuen eragin guregan, eta ez miresmen akritikoa edo mezu-bilketa takigrafikoa», diote hasierako orrialdeetan. Ondorioz, Lertxundiren adierazpenek bi solaskideengan izandako eraginaren azalpenak eta aitortzak tarte handia hartzen dute liburuan —handiegia, nire iritziz, bigarren zatian, halako desoreka bat eragiten duela—. «Gutako bakoitzarentzat bere buruaren ezagutze-bidaia gozatsuak baino ez ziren enkontru hauek», dio bikoteak. Mirespenak, eta zenbaitetan lilurak ere, blaitzen ditu orrialdeak.

Liburuaren irakurraldia Lertxundiren azken diskoetako baten entzunaldiarekin laguntzea proposatzen dizuet, kantuen hitzetan eta estetikan aurkituko baititugu hainbat gogoeta eta kezka islaturik. Txanpon beraren bi aldeak dira. Neuk Oroimenaren oraina lan berria ezagutzeko baliatu dut, eta Hitaz oroit geroztik ez bezalako atsegina hartu dut soseguzko kantu soil eta sarkor horiek entzutean. Baiki, ahotsaren sakontasunean, instrumentazioan, kantuek biltzen duten giro patxadatsuan eta melodietan Leonard Cohenengandik gero eta gertuago dago kantaria, Suzanne-ren egilearen azken diskoari inbidiarik ez izateraino, nire irudiko.

«Nik hiltzeari ez diot beldurrik, baina zerbaitek esaten dit oraindik ez dudala hil behar. Oso ondo ikusten dudalako naizen izate bizikor, bizkor hori funtzionatzen ari dela. Hori funtzionatzen ari den bitartean, ez daukat hiltzeko arrazoirik». Kantari aparta ez ezik, hizlari trebea eta argia denik ezin uka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.