Daniel Olzomendi. EH Baiko Iholdiko kantonamenduko zerrendaburua

«Pauen egon behar dugu, tokiko dinamikari segida emateko»

EH Baiko zerrendaburu gisa aurkeztu da Olzomendi Iholdiko kantonamenduan; nahiz eskuinak pisu handia ukan Iholdin, kontseilari bihurtzeko aukera du, ikusiz alderdi sozialistak eta Europe Ecologie Berdeek ere beren sostengua erakutsia diotela.

GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Zerrendaburu bai, baina abertzale guztien batasunaren hautagaia izan nahi zuen. Hori dela eta, EH Bai koalizioaren ordezkari izatea onartu du Izurako (Nafarroa Beherea) auzapezak. Sozialisten eta Europe Ecologie Berdeen sostengua ikusirik pozten da. Haatik, EAJ bakarrik aurkeztu izanak ez dio plazer egin, «alderdia dutelako gogoan eta ez mezu abertzalea aitzinaraztea». Oso egitasmo lokalak ala Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala edota Euskal Herrian bidean den bake prozesua, hainbat mezu ditu plazaratzen Olzomendik.

«Egiazko politika alternatibo» bat nahi duzue proposatu. Zertan litzateke ezberdina?

Uste dugu kontseilu nagusiak dinamizatzaile izan behar duela. Hautetsietarik, gizartetik, enpresetarik eta elkarteetarik hurbil egon behar du, haien eta diru iturrien erdian egon behar du. Hor jokatu behar du. Guk alternatiba ekarri nahi dugu, ez bakarrik filosofian, baina proposamen konkretuak eginez. Adibidez, Iholdin medikuak eskas dira, mediku gazterik ez da etortzen eta hori arazo larria da. Medikuntza eskolara doazen gazteak diruz lagundu nahi ditugu, eta horren truke Euskal Herri barnealdera itzultzeko eskatzen diegu. Anitz gauza dira egiteko, ez dituzte hautagaiek guztiak asmatuko, baina herritarretarik hurbil geldituz, denok elkarrekin aterabideak aurki daitezke. Proiektuak nola laguntzen ahal lituzkeen ondotik ikustea da kontseilari izatea.

Zer lan eraman du orain arteko kontseilariak?

Lana eramana izan da. Baina oraino anitz bada eramateko; laborantza eta enpresen munduan, adibidez. Atharratzeren ondoan, Iholdi-Oztibarre kantonamendua da zaharrena. Alor sozialean ere, jende zaharrei begira indar handi bat egin beharko dugu, haiek familietan gelditu ahal izateko. Zaharrak egunaz errezibituko lituzkeen egitura bat proposatzen dugu guk, familiak pixka bat deskantsatzeko. Egitura mugikor bat izanen litzateke, gelaz gela mugituko litzatekeena.

Hautetsiak herritarretarik hurbil egon behar dela diozu.

Gure lurraldean dinamika handia bada, ideia anitz badira. Energia hori dugu baliatu behar egitasmoen gauzatzeko. Hori ikusiz, uste dugu abertzale gisa Pauen egon behar garela, horri segida bat emateko. Demokrazia parte hartzailea aipatzen da. Guk horretan dugu kokatzen gure egiteko moldea.

Zu ere elkarte munduan hasi zinen, eta politikari lotu zara ondotik, auzapez gisa, eta orain kantonamendurako. Biak dira inportantak?

Ikasketak bukatu eta lurralde honetara itzuli nahi nuen. Ohartu nintzen ezin zela geure buruari bakarrik pentsatuz bizi. Argi nuen gizarteari ere zerbait ekarri behar geniola. Lehen esperientzia Leia elkartean izan nuen, 2x2 egitasmoaren aurka. Anitz ikasi nuen. Militante ikaragarriak eta orokorki militantismoa ezagutu nituen. Izuran ere, gure energia proposatu genuen, istorio zaharrak bazterrera utziz, konkretuki herriarendako lanean aritzeko.

EH Bairen hautagaia izatea onartu duzu. Haatik, abertzaleen arteko bateratzearen ordezkari izan nahi zenuen.

Nire politika egiteko moldea pragmatikoa dela erran nezake. Nire pentsatzeko moldea ez da goi mailako politikan kokatzen. Jendearekin pedagogia egitea gustatzen zait. Abertzale mundua zein aberatsa den esplikatzea maitea dut. Abertzale guztiak elkarrekin joatea nuen lehentasun; indar bakar bat egitea, mezu ulergarri eta bakar bat aurkeztea. Kasik lortua genuen azken momentua arte, baina azkenean EAJk bere hautagaia ezarri zuen. Penagarri da. Guk eginahala egin dugu. Ezkerreko abertzaleen artean lortu dugu eta hori berri ona da. Giro horretan lor ditzakegu gauzak, segur naiz.

EAJ bere alde aurkeztu izana nola hartu duzu?

Ez dut batere ongi hartu, zeren hastapenean beren izenean aurkezteko prest ote nintzen galdatu zidaten. Erran nahi du nire egiteko moldean, nigan beren ideiak pasarazten ahalko zituen pertsona ikusten zutela. Erantzun nien ez nintzela sekula alderdi politiko baten izenean aurkeztuko, baina bai abertzale mezua eramateko nintzela aurkeztuko. Abertzale dinamikan sartzea proposatu nien, zeren uste dut EAJk ere bere lekua bazuela. Baina alderdi politikoaren logikara mugatzeko hautua egin dute eta hori ez dutsobera onartzen; alderdia dute gogoan eta ez abertzale mezua aitzinarazteko eta etxe guztietara eramateko helburua.

Haatik, Iholdin Alderdi Sozialistaren eta Europe Ecologie Berdeen sostengua duzue. Nola interpretatzen duzu hori?

Islatzen du abertzale mezua abertzale mundua baino zabalagoa dela, gizarte oso baten problematikak aipatzen ditugula. Kontent naiz akordio politikorik gabe puntu komunak baditugula haiek ohartu izanaz.

Lurralde erreformaren testuinguruan kokatzen dituzue hauteskunde hauek, Euskal Lurralde Elkargoaren aldarrikapena plazaratuz.

Bai, erreforma etxe guztietan aipatzen dugu, legea pasatua bada ere hiru urte gelditzen direlako. Bihurgune handi batean gara,Ipar Euskal Herriaren geroa orain hautatuko da. Erreforma horretarik ezer gabe, genuen gauza mehea desagerturik ateratzen bagara, erran nahi du Euskal Herriak ez duela inoiz hain gibelapen handia ezagutua izanen. Izugarri larria litzateke. Beraz, erreforma horretan Euskal Herriak bere lekua behar duela diogu guk, abertzale gisa. Gainera, eguneroko problematika guztiak horri lotuak dira, ezagupen hori beharrezkoa dugu gure geroa gure eskuetan hartzeko.

Lan egiteko eta bizitzeko baldintza duinak nahi dituzue. Funtsean, aitzineko aldarrikapenari lotua da hau.

Hori da. Ez baldin badugu ezagupen instituzionala lortzen, ez gara sekula aitzinatuko, beti lurralde baten erdian edo erabaki guneetarik urrun izanen garelako. Argi da Euskal Lurralde Elkargoa dela gakoa. Mezu hori abertzale mundua baino zabalagoa da, eta guk ere, EH Bai gisa, Ipar Euskal Herriaren ezagupena galdatzen dugu eta galdatzen jarraituko dugu.

Lehen prentsaurrekoan, Gernikako akordioarekin bat egiten duzuela ere zehaztu zenuten.

Ipar Euskal Herriari begira pentsatzen dugu, baina Zazpiak Bat aldarrikapena lortzea dugu xede. Egun guztietako urratsetan helburu hori dugu. Hego Euskal Herriarekin lotura egin beharko dugu, bake prozesu bat martxan dute eta hori biziki interesgarria da. Geroari begira laster aitzinera eraman daitezke gauzak, bai Hego Euskal Herrian, bai Ipar Euskal Herrian. Helburu hori begi bistan dugula, egun guztiz egin behar ditugu urratsak, eta segur naiz egun batez lortuko dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.