Nazioartetik «konpromisoa eta babesa» jaso dute auzipetuek

Espainiako Gobernuak duen jokaerarekiko «harridura» eta «haserrea» sumatu dituztela esan dute
Karmelo Landa eta Sabin del Bado auzipetuak, atzoko agerraldian.
Karmelo Landa eta Sabin del Bado auzipetuak, atzoko agerraldian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Larrabe -

2013ko urriak 11
Datorren astean Madrilen hastekoak diren epaiketen berri emateko nazioartean harreman birak egin dituzte herriko tabernen eta gazte independentisten aurkako sumarioetan auzipetuek. Egindako bileretan, Espainiako Gobernuak duen jarrera arduraz eta kezka begiratzen dutela adierazi diete auzipetuei, eta hainbat konpromiso hartu dituzte datozen auziei begira.

Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialekin harremanak egiteaz gain, nazioartean beren aurkako auzien zabalpena egiteak garrantzi handia duela adierazi dute Karmelo Landak eta Sabin del Badoauzipetu biek, atzo egindako agerraldian.

Oraingoan Irlandan, Bruselan eta Estrasburgon izan badira ere, nazioartean egiten diren harremanen lehen urrats gisa aurkeztu dituzte azken asteetako hartu-eman hauek. Belfasten, Stormonteko parlamentariekin eta Martin McGuinnes Ipar Irlandako lehen ministro ordearekin bildu ziren. Dublinen, kanpo harremanetarako batzordean ere izan ziren, eta Eskoziako SNPko kideekin ere bildu ziren. Landa eta Del Badoren arabera, guztiek adierazi dute «arduratuta» daudela. Guztiek hartu dute konpromisoa beren herrialdeetako instituzioei zein Espainiako Gobernuari begira hainbat egitasmo abiatzeko.

Bestetik, Estrasburgoko Europar Kontseiluaren parlamentu batzarra aprobetxatu eta bertan parte hartzen duten alderdi guztiekin bilerak egin dituzte, eskuin muturrekoekin salbu. Bruselan, Europako Batasunaren parlamentuan izan dira bertako talde politiko guztiekin, espainiar alderdietako ordezkari batzuekin barne. Nabarmendu dutenez, «Espainiako Gobernuaren jokaerarekiko harridura eta haserrea» izan da nagusi egin dituzten bileretan.

Egitasmo instituzionalak abian daudela adierazi dute, baina ez dute zehaztasunik eman, Espainiako Gobernuak horiek «saboteatu ez ditzan».

Espainia, ikusmiran

Nazioartean egindako harreman bira horien ondoren orain Espainia «luparen azpian» dagoela ondorioztatu dutela adierazi du Landak. Europako Giza Eskubideen Komisarioak torturaren erabilera sistematikoaren inguruan atera berri duen txostena eta Europar Kontseiluko tribunalak Parot doktrinaren auzian emango duen epaia jarri ditu adibidetzat. Europako Parlamentuan ere, orain, makroprozesuak eta horien prozeduran izan diren irregulartasun «larriak» bere erakunde gorenetan ikertzen ari dira.

Nazio Batuen Erakundeak, berriz, herriko tabernen auziaren inguruan adierazpena atera zuen 2009an: «Erakunde politiko bat legez kanpo utzita ere, ekintza politiko legitimoa egitea ezin da delitu penala izan».

Auzipetuek ondorioztatu dutenez, «Espainiako Gobernuaren jokabidea arakatzen eta ondorio larriak ateratzen ari dira munduan diren giza eskubideen babeserako sistema garrantzitsuenak, NBE sistemak eta Europar sistemak, alegia».

Auzipetuek mezu baikorra zabaldu nahi izan dute. Espainiak nahi edo nahi ez, prozesuak ez du atzera bueltarik. Landak azpimarratu du ez direla makroepaiketen aurka egiten ari, eskubide demokratikoen alde ari direla beraiek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna