Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Elkarrizketa. Yvette Debarbieux. Ezkerreko Fronteko hautagaia

«Abertzaleen aldetik, gogoeta eta bilakaera interesgarria bada»

Ezkerreko Frontearen izenean aurkeztu da Yvette Debarbieux, seigarren barrutian. Ezkerreko indarren batzearen alde da, UMP eta Alderdi Sozialistaren hegemoniari «kontrapisua» egiteko.
JENOFA BERHOKOIRIGOIN

Jenofa Berhokoirigoin -

2012ko maiatzak 26
Urtez urte, abertzaleen ideiei buruzko ikuspuntua aldatu du Yvette Debarbieuxek (1947, Donibane Lohizune). Hainbat iritzik «trabatzen» zuten iraganean, baina abertzaleekin elkarlanean ari da gaur egun. Adibidez, nahiz independentziaren aurka izan, gatazkaren konponketaren aldeko kolektiboan parte hartzen du. Prozesua «luzea eta zaila» izanen dela dio: «Frantzia eta Espainia baino azkarrago izan behar dugu, erresistentzia eginez».

Frantziako presidentetzarako bozetan emaitza onak lortu dituzue: %11,60 Ipar Euskal Herrian, eta %11,11 Frantzian. Zer iritzi duzu emaitza horien inguruan?

Emaitza oso onak lortu ditugu. Erran behar da hautagaia oso ona zela, baina haratago doa afera. Ezkerreko Fronteak itxarote bati erantzuten dio: ezkerreko herritarrek bateratzea nahi dute, eta eskaera horri emandako erantzun bat da Ezkerreko Frontea. Bilakaeran da oraindik; zabalagoa izan beharko du gerora. Alderdi Sozialistaren eta UMPren hegemoniaren parean, horrela gara kontrapisua izango. Ez da lortuko bakoitza bere aldean bakarturik; hauteskundeek elkartzeko aukera izan behar dute.

Alderdi Sozialistaren parean ere egin nahi duzue kontrapisua.

Programa ezberdina dugu. François Hollande ez da Nicolas Sarkozy, hori segur da, baina bere programan ez ditu jorratzen aberastasunen banaketa eta halako benetako arazoak. Gu ez gara krisiaren erantzule; ez dugu guk ordaindu behar! Alderdi Sozialista ez da diskurtso horretan.

Lorturiko emaitzak espero dituzue legebiltzarrerako hauteskundeetan ere?

Espero dut Ezkerreko Frontearen emendioa legebiltzarretan ere sentituko dela. Komunistok diogu presidentea baino garrantzitsuagoa dela legebiltzarra, hor direlako legeak bozkatzen. Seigarren Errepublikaren alde gara, eta, hor, abantaila guztiak legebiltzarrari eman behar litzaizkioke. Diogu, halaber, legebiltzarrak ongi ordezkatu behar dituela herritarrak, eta hori, egun, ez da horrela. Frantziako herritarrek ezetz erran zioten Europako Konstituzioari, baina legebiltzarrak alde bozkatu zuen. Erretretarekin ere ikusi da: borroka gogorra izan da, baina ez dute entzun.

Zein da kanpainan zabaltzen duzun mezua?

Parean Michele Alliot-Marie dut, aspaldian diputatu dena... Nik benetako bizimodua daramat hemen; hemengoa naiz, eta hemengo arazoak ezagutzen ditut; beraz, zilegitasun bat badut bertakoen ordezkari izateko. Ez naiz Parisen bizi eta aste bukaeretan hona heldu den bat. Alliot-Marierekin ditudan ezberdintasun politikoez gain, hori ere bada. Egiazko ezkerraren ordezkari izan nahi dut: elkartasuna, zerbitzu publikoen babesa, bankuen arduradunei duten erantzukizuna leporatzea; hori aldarrikatzen dut. Ezin dugu krisiaren erantzuleetarik itxaron aterabidea; ezinezkoa da. Beste pertsona batzuk izendatu behar dira, beste dinamika bat gauzatzeko.

Zer diozu Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaz?

Ezkerreko Fronteari dagokionez, ez da, gaur egun, jarrera ofizialik. Hautetsien Kontseiluak argitzen duelarik bere gogoeta, beharbada orduan emanen du bere iritzia. Nik, pertsonalki, nire ideia dut.

Erran nahi baitu?

Ideiak aldatzen dira... Duela urte batzuk, ikusten nuen nazionalismo gisa, eta trabatzen ninduen, historiako gertakizun batzuk gogorarazten dizkidalako horrek. Gaur egun, abertzaleen partetik gogoeta eta bilakaera interesgarria bada; nazionalismoaz gutxiago hitz egiten da, eta lurraldetasunaz mintzo dira. Bestalde, egoerari ere begiratu behar zaio: deszentralizazioa aipatzen da berriz, orain arteko lurralde erreformarekin pays egiturak desagertzekoak dira... Hori guztia ikusita, argi da ezin dugula erran eztabaidarik ez dela. Abertzaleek beren gogoeta egin dute; entzun behar dugu, eta jakin behar dugu adostasun orokor bat lortzen. Hautetsi guztien artean aldarri bat eramaten badugu Parisera, askoz azkarragoak izanen gara. Ikusita, halaber, herritarrengandik hurbil den lurralde antolaketa bat aldarrikatzen dugula komunistok, uste dut zerbait egin dezakegula horren alde. Pays egitura interesgarria zen, batez ere hemen, lan anitz egin delako horren harira. Oraindik azkartu daiteke tresna hori; ideia aitzina doa.

Egoera aipatu duzu. Aro politiko berri bat ere badugu, bake prozesua dela eta.

Euskal Herrian, ateak ireki ditu bake prozesuarekin eta ETAren erabakiarekin pasatu denak. Sinetsi nahi dugu bake prozesuan, eta nik sinesten dut. Lehenago, traba bat zen, baina, gaur egun, ez da, eta aitzina joan behar du. Laguntzeko prest gara. Nicole Borvo gure senatariak Justizia ministroari idatzi zion azaroan, errateko urrats garrantzitsuak eginak izan zirela, eta Frantziari keinu bat egitea galdatzeko; besteak beste, presoen hurbilketa galdatu zion.

Gatazkaren konponketaren aldeko kolektiboan ere zara.

Hastapenean komunisten taldearekin eta gero Ezkerreko Frontearekin, beti agertu gara argiki euroaginduaren aurka; ez genuen bozkatu legearen alde; espero genituen arriskuak. Orain, orokorkiago ari naiz lanean gatazkaren konponketaren alde. Pertsonalki naiz kolektiboan, baina ez didate debekatzen joatea. Talde horretan, badira talde eta pentsamolde ezberdinak, eta hori interesgarria da; errespetu handia da gure artean. Adibidez, ni ez naiz independentziaren alde, baina, era berean, ideia berak baditugu.

Baikor zara prozesuaren aitzinamenduari buruz?

Espero dut lortzea. Atxiki behar dugu. Estatuek segitzen dute berdin: estu hartzen gaituzte; probatzen gaituzte. Baina atxiki behar dugu; ezin gara berriz atzera etorri. Frantzia eta Espainia baino azkarrago izan behar dugu, erresistentzia eginez. Lanean behar dugu jarraitu, eta ez diegu politikariei bakarrik utzi behar hori egiten: herritarrek ere parte hartu behar dute. Badakit luzea eta zaila izanen dela; beraz, pazientzia izanen da gure arma; denboran kokatu behar dugu.

Diputatu bazara, mezu hori Parisera eramanen duzu?

Bai, bistan da: tokiko hauteskundeak dira maila nazionaleko mandatu batentzat; hori ez da ahantzi behar. Gure lurraldea biziarazi behar dugu, eta hemengoa han entzunarazteko ardura ere dute diputatuek.

Jean-Luc Melenchonek ez du izenpetu nahi Europako hizkuntza gutxituen ituna.

Ezkerreko Frontea ez da bakarrik Melenchon; beste indar politiko batzuk ere daude barnean, eta guk, komunistok, aspaldian diogu hizkuntza gutxituak babestu behar direla. Dena dela, herritarrek eskatzen dute hori; argi ikusi nuen Deiadar manifestazioan ere. Aldarrikapena hor da, eta elkargoei dagokie horri erantzutea.

Melenchonen jarrerak erakusten du Ezkerreko Frontean jakobino errabiatuak ere badaudela.

Bai, hori ezin dugu gorde. Ni pragmatikoa naiz, hori horrela da, eta, horrela izanki, begiratu behar dugu egoera nola aitzinarazten dugun.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: