Frantxua Maitia. EEPko presidentea

«EEPren lana ez da legea galdegitea, euskararen tokia zabaltzea baizik»

Euskararen Erakunde Publikoak Frantxua Maitia hautatu zuen presidente kargurako maiatzaren 26an. Euskararen erabilera sustatzea lehentasun gisa hartuko duela nabarmendu du.

BERRIA.
Aitor Renteria.
Donibane Garazi
2011ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
EEP Euskararen Erakunde Publikoko presidente kargua hartu bezain laster, euskararen erabilera sustatzea lehentasuna dela adierazi du Maitiak. EEPko presidente gisa hizkuntza gutxituen aldeko legerik ez duela eskatuko erran du, eta azaldu ildo anitz lantzen ahal direla legearen mugekin jo aitzin. Bertzeak bertze, administrazioaren euskalduntzea bultzatu nahi du, eta eutsi nahi dio bitartekaritza lanari Seaskaren eta Frantziako Hezkuntzaren arteko auzia gainditzeko.

EEPk orain artean egindako lanaren balorazioa egin zenuen kargua hartzean. Zein dira aitzina begira dituen erronka nagusiak?

Max Brissonek kudeatu zuen EEPren lehen fasea, eta adostasuna egon da horretan. Transmisioaren atala landu zuen nagusiki. Iruditzen zait bigarren fase batean sartu behar dugula, euskararen erabilera sustatzeko. Bizi soziala da alor hori. Gizarte osoak euskara bere gain hartu behar du, eta erabili egunerokoan; izan dadila bizi sozialean lagunekin, administrazioan egin behar dituen urratsetan, aisialdian, kiroletan eta kulturan. EEP gisa teknikarien sare sendoa osatu dugu, eta haien eginkizuna izanen da arlo hori sustatzea. Bertze alde batetik, aitzinean ditugun parioei begira, administrazioan eragitea da helburua. Tokiko administrazioak, direla herriko etxe edo herri elkargo, urrats hori egiten hasi dira. Herriko etxeetako langileen euskalduntzea eta horien trebakuntza urrats garrantzitsua da.

Baina orain zuek ordaintzen dituzue gastu horiek, estatuko trebakuntza egiturek ez dutelako hizkuntza arloko ikasketarik ordaintzea onartzen. Nola aldatu?

Guk ordaintzen dugu trebakuntza, baina berez bertze erakunde batzuek ordaindu beharko lukete. Departamenduko Kudeaketa Zentroak (CDG) eta Lurraldeetako Funtzio Publikorako Zentro Nazionalak (CNFPT) kudeatzen dituzte laguntza klase horiek. Herrien zergak biltzen dituzte, eta trebakuntza ordaintzen diete. Alta, hizkuntza ez dute onartzen hezkuntza gisa. Bildu gara erakunde horietako zuzendariekin arazoa konpontzeko. Iparraldeko herri elkargo eta herriek euskara sartu behar dute langileen trebakuntza plangintzetan. Ikusten badute eskaria handia dela, onartu beharko dute laguntza ematea. Arlo publikoan eragin behar dugu. Garraioen munduen euskararen irudia garatzea da bertze helburu bat. Denok ditugu gogoan SNCFri egindako eskaerak, baina eragile gehiago daude. Gauza bera osasun arloan. Ezin dira denak batera egin, baina urratsez urrats irekiko ditugu ildo horiek.

EEPk atzemanen duen traba nagusia ofizialtasunik eza eta lege gabezia izanen dela dio Euskal Konfederazioak. EEPko presidentea ager daiteke aldarrikapen horretatik at?

Militante sozialista gisa, nahiago nuke lege bat balitz. Frantziako Gobernuak hitza eman zuen kokatu zituelarik Frantziako mintzaira zapalduak konstituzioaren barnean. Ez du egin. Diputatuek lantalde bat osatu dute, eta lege proposamen bat osatu dute. Baina EEPren lana ez da baitezpada lege baten galdegitea, eguneroko lanean eragitea eta euskararen eremua zabaltzea baizik. Borondatea, gutizia bilatu behar dugu, eta eman gizarteari, euskaraz mintza dadin. Gainera, ezin da erran EEP ez dela legezko erakunde bat. Estatua, Akitania eta Kontseilu Nagusia egitura publikoak dira, eta gure partaide ere bai. Jadanik estatuak onartu du ez dela bakarrik bere afera hizkuntza horiek ingurumena babestea. Erakunde publiko guztien eginkizuna da, eta, bereziki, tokiko erakundeena. Ez naiz arras ados Euskal Konfederazioak diolarik mugak atzemanen ditugula. Bada oraindik lan anitz egiteko mugak atzeman arte.

EEPren aurrekontua ez da aski zuen hizkuntza politikaren plana osotasunean garatzeko. Bada biderik aurrekontu hori emendatzeko?

Batzuek diote ez dela aski. Oroit gaitezen lehen aurrekontua 1,6 milioi eurokoa zela eta aurtengoa 3,4 milioi eurokoa. Emendatze handiak ukan ditugu. Oroit gaitezen ze unetan gauden, krisialdi betean. Nork erran dezake aurrekontuetan guk ukan ditugun emendatzeak ukan dituela? Nehork ez. Horrek erakusten du erakunde publikoek interes handia adierazten diotela EEPri eta hizkuntza politikari. Ez garela aurrekontu aldetik mugatuak. Ahalak baditugu. Galdera menturaz bertze nonbait kokatzen da. Gizarteak ba ote du aski gutiziarik euskara atxikitzeko? Muga norabide horretan atzeman daiteke errazago. Gutizia emendatu da, baina bada lana egiteko oraindik. Ene ustez, muga handienak ez dira aurrekontuetan atzematen.

Euskararen erabilera sustatzea da helburu, baina erakunde publikoek trebakuntzarik onartzen ez badute,noiz eta nola gaindituko dira traba horiek?

Hitzarmenak garatu behar dira, eta, horretarako, herriko etxeek eta herri elkargoek argiki nabarmendu behar dituzte haien beharrak. Orain artean tokiko erakundeek ez dute lan hori egin. Sentsibilizatu behar ditugu haien trebakuntza planetan agertzeko beharrak. Iparraldean argi erakutsi behar dugu lehentasuna ematen diegula formakuntza plangintza horiei, eta horien barnean, langileak euskalduntzeari. Horrela, herritarrek aukera ukanen dute administrazioan euskara baliatzeko.

AEK-k bermatzen du heziketa hori. EEPk zergatik ez du hitzarmen estrategikorik egin helduen euskalduntze eta alfabetatze arloan?

Hitzarmen bat badugu, eta diru laguntza handia ematen diogu urtero. Gure partzuer nagusienetarik da AEK. Jendea AEKra doa euskara ikastera. Ezin da nehor euskara ikastera behartu. Ene ustez, AEKri ematen dizkiogu behar diren ahalak. Baina arazorik baldin balitz, hitzarmenak berritzeko tenorean aipa ditzakegu horrelako arazoak. Guhaurek erran dugu hitzarmen politika indartu nahi dugula.

Bitartekaritza da EEPk duen eginkizunetarik bat. Nola gaindi daiteke Seaskaren eta Frantziako Hezkuntzaren arteko liskarra?

Max Brisson EEPko presidente ohia nirekin atxikiko dut hezkuntza gaietan aritzeko. Seaskaren kasua aipatzen delarik, hitzarmen bat izenpetu zuen Frantziako Hezkuntzarekin, eta, lehen aldiz, oinarrizko onarpena adierazi zion Seaskari. Kopuruak finkatu ziren, baina hitzarmenak finkatu baino ikasle gehiago ukan du Seaskak. Beraz, datu guztiak aztertu behar dira berriz ere, eta baliabideak eman. Hitzarmena aztertzeko unea heldu da, eta gu prest gaude bitartekaritza lana egiteko.

Euskalgintzako gizarte eragileen lana goraipatu duzu. Nola sakonduko duzu elkarlan hori?

Komunikazio arazorik baldin badago, hobetu beharko dugu. Sentitzen badute ezin egin bat eta nik laguntza ekartzen ahal badut, prest nago egiteko. Eragile nagusiak EEPren barnean daude, Aholku Batzordean, eta gure parte gisa hartzen ditut. Aholku Batzorde hori biziarazi behar da, ahalik eta xehetasun gehien emanez eta eztabaidak antolatuz. Denen afera izatea da gure helburua, ez bakarrik erakundeena.

Herritar guztiek bezala euskal hedabideek ere krisialdi ekonomikoa pairatzen dute. Estatuak, Akitaniak eta Kontseilu Nagusiak ez dute publizitate instituzionalik erosten. Zer eginen duzu bazterketa gainditzeko?

Astearte arratsaldean bildu nintzen Georges Labazee Kontseilu Nagusiko presidentearekin, eta gai hori aipatu genuen preseski. Arazo hori mahai gainean ezarri du. Teknikari bat zegoen bilkuran, eta harekin aipatu dugu kanpaina publikoak egiten ditugularik hedabide euskaldunetan ere erakundeen publizitatea ezarri behar dela. Aztertu beharko dugu nola gauzatu. Ez da oinarrizko trabarik. Mahai gainean dago gaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.