Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Elkarrizketa. Colette Capdevielle. PS Alderdi Sozialistako hautagaia

«Orain Frantziak parte hartu behar du bake prozesuan»

Bosgarren barrutian aurkeztu da Colette Capdevielle; uste du baduela aukera Jean Grenet diputatua garaitzeko, nahiz eta hark irabazi dituen Frantziako Legebiltzarrerako bozketak azken bi aldietan; azken bozak sozialistek irabazi izanak ematen dio baikortasun hori.
BERRIA

Jenofa Berhokoirigoin -

2012ko maiatzak 25
Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalari buruz adostuko den eskaria «osoki errespetatuko» duela dio Colette Capdeviellek (1958, Ortheze, Okzitania). Hala eta guztiz ere, ez daki eskakizuna lege proposamen bihurtuko balitz Frantziako Legebiltzarrera eramango lukeenik; erabakia departamenduko beste hautetsi sozialistekin hartuko duela dio.

Zure barrutian Frantziako lehendakaritzako bozetan lehen atera zen Alderdi Sozialista. Nahiz aspaldian Jean Grenet izan diputatu, garaitzeko itxaropena sortzen dizu horrek, seguru aski.

Animatzen du, baikorki ikusten dugu hori eta sineskor gara.

Zein izanen da zuen mezua?

François Hollanderi eman behar diogu gehiengo handiena Legebiltzarrean. Sozialistok Parlamentuaren boterea indartu nahi dugu. Ez da horrela izan Sarkozyrekin, anitz gauza inposatu dira dekretuen bidez. Botere guztiak exekutiboaren eskutan ez uztea biziki garrantzitsua da demokrazia batean. Lege proposamenen prozedurak laguntzeaz gain, Parlamentuak dituen inkesta botereak ere azkartu nahi ditugu. Bestalde, karguen metaketaren aurkako mezua ere eramanen dugu. Gaur egungo gure diputatuak gutxienez hiru kargu ditu! Hori demokrazia batean ez da bidezkoa.

Diozu diputatu bazara lege «berritzaileak» eta lege zuzenketa «egokiak eta eraikitzaileak» proposatuko dituzula. Erran nahi baitu?

Badu hogeita zazpi urte abokatu naizela, legearekin ari naiz lanean egunero. Argi dut legediaren zati batzuk daudela berriz ikustekoak. Legea sinplifikatu behar da baita ere benetan aplikarazi. Lege bat ez da afixatzeko egina, aplikatzeko egina da. Legebiltzarrean banaiz, hurbiletik kontrolatuko dut legeen aplikazioa, eta aplikazioei buruzko oharrei begiratuko diet. Hori garrantzitsua da, batez ere ateratzen garen garai honetan bezala, usaiaz kanpoko gertakari batzuen ondotik sorturiko legeak ditugunean. Beti behar da legearen eraginkortasuna ukan helburutzat; legeak ez dira hartzen iritzi publikoari erantzuteko, bozketak irabazteko, legea egiten da mundu justuago bat eraikitzeko.

Emakumeen eskubideen aldeko militantea zara. Zer diozu emazteek legebiltzarrean duten tokiaz?

Eskandalagarria da, emazte oso gutxi dira. Alderdi Sozialistak proposatzen du emaitzetan %50 emakumeak izatea. Hautagaietan bada, baina maiz zailtasunekin irabaz daitezkeen barrutietan ematen dira emakumeak. Benetako parekotasuna behar da, eta horri buruz doa gure proposamena. Parekotasuna errespetatzen ez duten alderdiak gogorki zigortzea nahi dugu. Parekotasunaz oso urrun gara, bai kopuruan baita ere kalitateari begiratzean ere, karguen artean ezberdintasunak daudelako. Legea baldin bada ere, aplikatua dela segurtatu behar da. Nork osatzen ditu zerrendak? Gizonak izanen direno gizonak izanen dira postu garrantzitsuenetan, eta gero osatuko da emazteekin. Banaketa egiteko orduan diren irizpideei buruz da gogoetatu behar, generoaren araberako ezberdintasunik ez dadin izan, hezkuntzaren inguruan bada lan.

Euskal Herriari dagokionez, zer diozu bake prozesuaz eta Frantziak horretan duen eginkizunaz?

Aitzinamendu oso handiak egin dira, eta orain Frantziak parte hartu behar du prozesuan.

Preso politikoen hurbilketa aldarrikatzen dute anitzek. Eskaera horretaz zer diozu?

Niretzat Frantzian ez da preso politikorik, kartzelaratuak diren pertsonak dira.

Zergatik? Zer da preso politiko bat, beraz?

Giza eskubideen estatu bat da Frantzia. Estatu totalitarioetan dira preso politikoak, arrazoi politikoengatik preso direnak. Bonba bat pausatzen duenak eskubide arrunteko delitu bat egin du.

Zer diozu presoen hurbilketaz?

Ez dut onargarria atzematen sakabanaketa. Preso bat, kondenatua izan edo ez, familiaz ahal bezain hurbil egon behar du. Eskubide europarra da, preso bagara ere, familian bizitzeko eskubidea dugu. Familiaz urrunduz, bi aldeak dira zigortzen, preso dena baina baita honen hurbilekoak ere. Estatu demokratiko batean duintasunez begiratu behar dira presoak. Bisean biseko intimoen eta familiarren aldekoa naiz.

Grenetek hitza hartu zuen legebiltzarrean, presoen hurbilketa eskatzeko. Izendatua bazara, zuk ere presoen eta prozesuaren mezua helaraziko duzu Parisen?

Bai bistan da. Presondegietan den egoera kaskarraren berri ere emanen dut. Gain-populakuntza bada, eta zaharkituak dira Frantziako kartzelak. Horri buruz ez dut barkatuko, ez da normala estatu demokratiko batean egoera horretan izatea kartzelak. Bada anitz lan egiteko, presoen baldintzei buruz eta zigorren aplikazioari buruz. Presondegia mendekuaren logikan da, nik nahiago dut berriz gogoetatu zigorraren hitza, konponketaren aldekoa naiz.

Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaz zer diozu?

Urritik aitzina deszentralizazio erreforma handi bat egitean engaiatzen da Hollande. Ipar Euskal Herriaren instituzioaren eztabaida kuadro horretan eginen da.

Uste duzu gaia mahai gainean pausatuko duela?

Bai zeren dena dela, pays egitura desagertzen da. Gure erreformak berrantolaketa hori deuseztatuko du eta horretan zer bilakatuko dira pays egiturak? Gaia mahai gainean da, eta negoziaketaren bidez aitzinatuko da. Ez dut ikusten gobernu sozialista lurraldeari eredu bat inposatzen. 1981ean Mitterrandek euskal departamendua proposatu zuen, baina ezin izan zen egin, eskuineko hautetsiek aurka jo zutelako. Poliki poliki, negoziatuz aitzinatu gara, ekimen kolektiboen bidez. Adoste orokorra lortu beharko dugu, deszentralizazio handiagoa eta ezagupena ekarriko duena. Zer heinetaraino joanen da kurtsorea? Zaila da erratea, nik lurraldetik luzatuko den nahia errespetatuko dut osoki.

Hautetsien Kontseilua egituraketa proposamen bat lantzen ari da. Lege proposamen bihurtuko balitz, Legebiltzarrera eramango zenuke?

Ikusiko dugu momentuan berean. Espero dut Alderdi Sozialistako beste hautetsi batzuk izanen direla departamenduan, eta erabakia taldean hartuko dugu, kolektiboki gogoetatuko dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna