Alberto Barandiaran. Hekimen elkarteko zuzendaria

«Euskal hedabideek ezin dute onartu murrizketa gehiago»

Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko zuzendari lanetan hasi berri da Alberto Barandiaran kazetaria. Hizkuntza biziberritzeko prozesuan estrategikotzat jo ditu hedabideok, eta gaur egungo krisi garaian gogoeta egiteko beharra nabarmendu du.

LANDER FDEZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2013ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Eskarmentu eta esperientzia handiko kazetaria da Alberto Barandiaran (Altsasu, Nafarroa, 1964). Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn hogei urtez aritua da, eta bide horretan ikasitakoa eta jasotakoa emateko gogoz da orain; horregatik bat egin du Hekimen Euskal Hedabideen Elkartearen erronkarekin. Erakunde horretako zuzendari izendatu dute.

Kazetari izan ondoren, euskal hedabideen elkarteko zuzendari.

Beti ibili naiz idazten. Sorkuntzan edo. Ez nuen inoiz pentsatu horrelako lan batean ariko nintzenik, baina proposatu zidatenean, gogoeta bat egin nuen: konturatu nintzen nire kazetari lanean asko ikasi nuela, asko jaso nuen sentipena nuen, eta ikasitakoa emateko gogoz nengoen. Eta lan honek aukera ematen dit.

Aldaketa handia da.

Bai. Baina gogoa ere bai. Euskal hedabideek azken hogei urteotan egin duten bidetik, jendea konturatu da ziklo aldaketa bat dagoela. Orain erabilera da kezka, euskararen erabilera. Euskara atsegin bat behar da gazteak atxikitzeko, eta nik uste dut hedabideek hor lan handia dutela egiteko. Oso eremu estrategikoa da. Euskal hedabideak ados jarri dira elkarlanean aritzeko, gogoeta egiteko; erronka polita da.

Duela hogei urte hasi zinen kazetari lanetan. Nola ikusten duzu egungo euskal hedabideen esparrua?

Gu Egunkaria-n hasi ginenean, aldizkariak zeuden, Argia eta beste hainbat, bide bat egina zutenak, eta herri prentsaren eztanda ere hor zegoen. Azken 20 urteotan egin diren urratsek, sortu diren hedabideek esparru hori osatu egin dute, bete egin dituzte zeuden hutsuneak. Bidea oso garrantzitsua izan da. Orokorrean, dauden hedabideak txikiak dira. Hori ahulgune bat da, baina baita indarra ere, horrek esan nahi duelako sortu diren tokian tokiko dinamikak egon direla. Atzean eskaera bat egon dela. Orain, dena etorri da batera; etorri da krisi ekonomikoa eta hedabideen krisia, eta berriz kokatu behar dute hedabideok. Hekimen dator hedabideen atzean dagoen indarra baliatzera, ahulguneak indartzera.

Bat egitea inoiz baino garrantzitsuagoa da krisi garaian?

Garrantzitsuena da hedabideak konturatu direla hainbat gauzatarako bat egitea ona dela. Kontua ez da hedabideen esparru horri kolorea kentzea. Hedabideek, definizioz, izan behar dute independente, ezberdin. Elkartzea ez da gauza erraza. Euskal hedabideek bat egin dute argi dutelako estrategiko direla, eta hori da garrantzitsuena. Atzean indarra dago, nahikoa kemen eta indarra, halako proiektuak abiarazteko.

Erakunde publikoak ere konturatu dira euskal hedabideek egin dezaketen lan estrategikoaz?

Elkartean dauden hedabide guztiak sortu dira herri ekimenaren eskutik. Gizartea konturatu da estrategikotasun horretaz. Erakundeak ere bai? Ez dago zalantzarik administrazioek egin dutela ahalegina hedabideak sustatzeko; hor daude hainbat hizkuntza politika, gorabehera askorekin, baina iraun dutenak. Baina ez dut argi administrazioak estregikotasun hori guk ikusten dugun moduan ikusten dutenik. Hizkuntzak biziberritzeko prozesuetan hiru hanka daude: irakaskuntza, administrazioa eta hedabideak. Irakaskuntzan egin dira urratsak: inork ez du zalantzan jartzen ikastola, edo D eredua. Nafarroan arazo gehiago dago, Iparraldean ere bai, baina beste hiru probintzietan inork ez du hori zalantzan jartzen. Administrazioan antzekoa gertatu da. Hedabideetan egin dira ahaleginak, baina ez dakit egin ote den gogoeta hori, kontuan hartzen ote den biziberritze prozesu horretan hirugarren hanka direla. Errealitateak esaten digu, gainera, eskolak ez dituela euskaldun osoak sortzen, erabilerak behera egin duela. Hor hedabideek asko egin dezakete. Estrategiko direla nabarmendu behar da. Ez da nahikoa diru laguntzak ematea.

Hitzarmena eskatu duzue zuek.

Bai. Luzera begirako gogoeta behar da. Ezin dugu urtero ibili begiratzen zenbat diru iritsiko den, eta noiz. Hainbat hedabide kolokan jartzen ditu egoera horrek.

Eusko Jaurlaritzak erran du diru laguntzek behera eginen dutela. Zer deritzozu?

Hedabideak, oro har, egoera latz batetik datoz. Marra gorrian ez, azpitik egon dira kasu askotan. Hainbat desagertu dira. Diru laguntzen kopurua ez da handia, eta jaitsierak heriotza zigorra ekar dezake hedabide askorentzat. Kopurua ez da handia, eta aurrekontu nagusietan betetzen duen portzentajea begiratuta, behera egin du laguntzak azken urteotan. Hor asmo politiko bat dago, eta ezin dugu onartu. Gora-behera horiek bazter uzteko landu nahi dugu hitzarmenarena. [Patxi] Baztarrika jaunak [Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak] esan du hitzarmenaz hitz egiteko prest dela.

Zer espero duzue?

Oraingoz entzun ditugun hitzak dira murrizketak egongo direla. Guk ikusi nahi dugu zein den planteamendua. Hedabideek ezin dute onartu murrizketa gehiago, eta gure lana da horri aurre egitea. Hitz egin dute transbertsalitateari buruz. Ikus dezagun zertan oinarritzen den, zer dagoen atzean. Entzutera goaz.

Ahots bateratua erakutsi nahi duzue, nahiz eta hamaika hedabidek bat egin Hekimenen. Nola?

Orain, kudeaketa plana lantzen ari gara. Hilaren 27ko batzarrean erabakiko da. Ahots bakarra izan nahi dugu lau kontutan: elkartearen barne egituraketan; diru laguntzen auzian; publizitatearen esparruan, eskaintza komunak landu nahi ditugu; eta, azkenik, hedabideen behatokia bultzatu nahi dugu. Gero bakoitzak izanen ditu bere proiektuak eta asmoak, baina puntu horietan batera laneginen dugu .

Zein izanen da behatokiaren lana?

Aldaketa garaia da oraingoa, bakoitza ahal duen moduan saiatzen da aurre egiten, baina inork ez du errezetarik. Horregatik,antena bat behar da, aldaketak nondik datozen ikusteko. Euskal hedabideek ez dute boteregune bat atzean; haien atzean herri ekimena dago, jendea. Beraz, hemen egin behar da gogoeta, eta behatokiak izan nahi du horretarako toki. Unibertsitateak, administrazioak eta hedabideek egon behar dute hor. EHUrekin harremanetan gara, jada lan bat dutelako egina. Gogoeta interesgarria egin daiteke, eta oso hemengoa.

Hedabideek erabiltzaileak behar dituzte. Nola lortu?

Kontsumo joerak aztertu behar dira horretarako, interpretatu. Argi dago euskal hedabideek funtzio publikoa betetzen dutela, eta administrazioaren sustengua behar dute. Egungo aldaketen aurrean, ahaleginak etengabeak dira. Estrategiko direla nabarmendu behar dugu. Internetekin gero eta garrantzitsuagoak dira. Behar dira komunikatzaile profesionalak. Zenbat eta hedabide gehiago, eta baldintza onetan ari diren gero eta kazetari gehiago, orduan eta kontsumitzaile gehiago izanen dugu. Kazetariek eusten diete hedabideei. Krisiak arazoak dakartza, baina aukerak ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.