Maria Puy Perezen hiltzaileak 16 urte eta erdiko espetxe zigorra onartu du

Hilaren 26an zen egitekoa epaiketa, baina fiskalak, defentsak eta akusazio partikularrak akordioa lortu dute

ainara arratibel gascon
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Hamasei urte eta erdi. Horixe da Maria Puy Perez Ezpeletaren hiltzaile Jose Maria Morentini jarri dioten espetxe zigorra. Hilaren 26an zen egitekoa epaiketa Nafarroako Auzitegi Nagusian, baina, ezustean, atzora aurreratu zuten. Izan ere, akusazioak eta defentsak akordioa lortu, eta Morentinek hamasei urte eta erdiko kartzela zigorra onartu zuen. Perezen seme-alabei, gainera, 90.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die. Egindakoa bere gain hartu, eta senideei barkamena eskatu zien atzo Morentinek.

Perezen gorpua 2009ko ekainaren 22an agertu zen Sesmako (Nafarroa) labore sail batean. Zortzi hilabete —2008ko urriaren 11n desagertu zen— zeramatzan desagertuta. Seme-alabek hasieratik izan zuten Morentinek hil zuen susmoa. Urruntze agindua zuen ezarrita. Baina hark behin eta berriz ukatu zuen bikotekide ohia hil zuela. Alabaina, denda batean bere senitartekoak mehatxatzea eta ordena publikoa asaldatzea egotzita Lodosako polizia etxean atxilotuta zegoela, Maria Puy Perezen hiltzailea zela aitortu zion foruzain bati. Gorpua non lurperatu zuen ere esan zion. Handik lau ordura aurkitu zuten hilotza.

Foruzainari kontatu zionez, urriaren 11 hartan Perezekin geratzea lortu zuen, Lodosa eta Sesma lotzen dituen errepidetik ehun bat metrora dagoen soro batean. Han, labana sartu zion lepoan. Gorpua bertan utzi, eta Aiegin zuen etxera joan zen aizkora eta aitzurra hartzera. Ondoren, hilketaren tokira itzuli, gorpua zatitu eta soro batean lurperatu zuen.

Perez desagertu eta haren gorpua agertu zen arte, lau aldiz egon zen atxilotuta Morentin. Lehen aldiz bikotekide ohia zena desagertu eta bi egunera atxilotu zuten, urriaren 13an. Harekiko zuen urruntze agindua haustea egotzi zioten. Baina hilabete batzuk geroago aske gelditu zen, Fiskaltzak espetxean edukitzeko «arrazoirik» aurkitu ez zuelako. Aske gelditu zenean bere istorioa saltzeko prest zegoela jakinarazi zien komunikabideei: «Nik saldu egiten dut nire istorioa, zuek erosi. Audientzia nahi baduzue, erosi egin beharko duzue». Handik egun gutxira bigarren aldiz atzeman zuten. Orduko hartan foruzainengandik ihes egiteko berea ez zen bizileku batean sartu zelako. Beste bi atxiloketak agintaritzaren aginduak ez betetzeagatik eta senide bati heriotza mehatxuak egiteagatik izan ziren, eta horiek ere tarte gutxian.

Epaian jasotzen denaren arabera, Morentini hilketa delitua egotzi diote. Delitua are larriagoa egiten du lekuak eta denborak;baita biktimarekin izandako harremanak ere. Aringarri gisa hartu ditu epaileak, berriz, hilketa onartu izana eta une hartan Morentinek zituen gorabehera psikikoak.

Hilketagatik hamabost urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra jarri diote. Perezekiko urruntze agindua behin eta berriz apurtzeagatik, berriz, bederatzi hilabete eta egun bateko espetxe zigorra bete beharko du. Hildakoaren seme-alaba bakoitzari —bi zituen— 45.000 euroko kalteordaina eman beharko die, eta epaiketaren kostuak ordaindu.

Hilketaren berri izan zenetik asko izan dira Maria Puy Perezentzat justizia eskatzeko bilkurak. Aste honetan bertan Astelehen Lilak ekimenak hileko lehen astelehenean egin ohi duen elkarretaratzea egin zuen Iruñean. Horretan, Euskal Herrian genero indarkeriagatik hil diren azken bi emakumeen heriotzak salatu zituzten: Deisy Mendozarena eta Sophie Loudetterena. Gainera, epaiketarako hain egun gutxi falta zirenez, Maria Puy Perez izan zuten gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.