urtzi urkizu
Iñaki Alegria. UEUko zuzendaria

«Ikerkuntzan ari diren gazteak UEUko kide egitea nahi genuke»

2014ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
1984. urtetik da UEU Udako Euskal Unibertsitateko kide Iñaki Alegria (Donostia, 1958). Informatikan doktorea, EHUko irakasle eta ikerlaria, Ixa taldeko kidea. Berriki, EHUko Informatika Fakultateko dekanorde kargua utzi du. Langune elkartean zuzendaritza taldean ere ibili da, eta UEUko zuzendari kargua hartzearekin batera utzi du aste honetan betebehar hori. UEUrekin atxikimendu «handia» izan du azkeneko urteetan.

Sei urtez UEUko zuzendaritza taldean izan zinen, bi epetan. Zuzendari kargurako proposamena nola egin dizute?

Kontua da zuzendaritza taldea azkeneko urtean zuzendari berri bat bilatzen aritu dela. Nirekin eta beste batzuekin hitz egin ostean, neuregana etorri zen taldea, eta baiezkoa eman nuen.

Animatuta zaude?

Bai. Akademikoak gara, irakasle eta ikerlari. Administrazio karguak ez dira gustu handikoak. Baina UEUrekin atxikimendu handia dut, aspalditik ari naiz erakundearekin lanean, eta behin onartuta, gogo handiz nago.

Azkeneko lau urteetan Karmele Artetxek bete du zuzendari kargua. Zer ekarpen egin dio UEUri?

Batetik, diru aldetik eta baliabide aldetik garai zaila egokitu zaio Artetxeri, eta eutsi egin dio. Kontuan hartu behar da Eusko Jaurlaritzan PSE-EE izan zen garaian dirusail izenduna kendu zitzaiola UEUri. Lantalde osoarekin batera proiektuei eusteko lan garrantzitsua egin du Artetxek. Bestetik, proiektu berriak aurrera atera dira: Inguman, liburutegi digitalean eta sarea ehuntzen urratsak egin dira urteotan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, martxan jarri dugu irakaskuntza eskaintza berri bat: on line irakaskuntza. Proiektu hori indartu nahi dugu orain.

Hain justu, urrian, ikasturte hasierako ekitaldian, UEUk iragarri zuen on line irakaskuntzarekin Euskal Unibertsitatearen hazia erein nahi duela. Zer aukera ematen ditu irakaskuntza elektronikoak?

Bizitza osorako irakaskuntzaren kontzeptuarekin lotuta dago—Europan indar handia hartzen ari da—. Adin batetik aurrerako pertsonentzat da bereziki interesgarria: lanean dagoen jendea eta ikasketak osatu nahi dituena, langabezian daudenak, edo beste titulazio bat lortu nahi duen jendea. Gazteekin pixkanaka hazizdoa irakaskuntza mota hori, baina ez da ikasteko modu estandarra.

Ekitaldi hartan bertan, batzuek salatu zuten ikasketa prozesua gazteentzat zaila izan daitekeela aurrez aurreko eskolarik gabe. Zer iritzi duzu?

Nabarmendu nahi dut gazteentzat lerro nagusia aurrez aurreko eskolena dela. Harremanak izateko aukera, lagunak, lanak egiteko taldeak daude aurrez aurreko eskolekin, besteak beste. On line irakaskuntzan aukera horiek ezberdinak dira. Dena den, krisi ekonomikoarekin, ikasleria potentzial bat dago une honetan; egon daitezke ikasle batzuk beste hiri batera ikastera joateko aukera ekonomikorik ez dutenak. Edo gazte batzuek familiaren negozioan lagundu behar dute, lan egin behar dute, baina ikasteko adinean daude, eta beste ordu batzuetan on line ikasteko aukera izan dezakete. Izan ere, on line irakaskuntzak ordutegi aldetik malgutasuna ematen du. Eskaintza alternatibo gisa hartu behar dugu, beraz, on line irakaskuntza.

Nolakoa da UEUren egoera eta zeintzuk dira erronka nagusiak?

Azkeneko urteetan egoera ekonomikoa zaila izan da. Jaurlaritzaren dirusaila gabe, lantaldea erregulazio espedientearekin egon da. Baina dirusail hori berreskuratu da —ez aurrekoaren tamainakoa—, eta orain ikusten dugu lantaldeari eutsi eta proiektu berri batzuk martxan jar ditzakegula. Gure rol nagusia sarea ehuntzea da. Euskaldun guztion artean harremanak egin, beste unibertsitateak xaxatu euskara modu normalizatuagoan erabiltzeko, eta on line irakaskuntzan pauso berriak eman behar ditugu. Asmo horiek euskalgintzako beste eragileekin batera eraman nahi ditugu aurrera.

Profesional euskaldunen prestakuntzari dagokionez, zer pauso ari zarete ematen?

Graduondokoen eskaintzan lau titulu eskaintzen ditugu. Bestalde, ikastaro laburrak ditugu. Eibarren (Gipuzkoa), Iruñean eta Baiona dira aurrez aurreko eskolak. Gaien araberako topaketak antolatzen ditugu, eta bide horretatik jarraituko dugu. Ikastaro bereziago batzuk ere egingo ditugu, gaur-gaurko gaiekin.

Ikerlari gazteen bilkura handi bat egiteko asmoa ere badu UEUk, ezta?

Badira bizpahiru urte halako bilkura garrantzitsu bat egitea buruan duguna, baina finantzaketa arazoengatik ezin izan dugu gauzatu. Konturatu gara gazte euskaldun formatu asko daudela, tesiak egiten eta ikerketa zentroetan ari direnak. Tesiak txiokatzeko lehiaketa eta bilkura espezializatuak antolatu ditugunean, identifikatu dugu komunitate euskaldun prestatu bat dagoela. Falta dena da jakintza arloen arteko komunikazioa.

Aipatu duzun bezala, 2014rako Jaurlaritzaren dirusail izenduna berreskuratu du UEUk. Horrek egonkortasuna eman dezake?

Bai. Saila berreskuratzeak berak oinarrizko egiturari begira ziurtasun bat ematen du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa ere garrantzitsua da on line irakaskuntzari begira. Oraintxe, argitalpengintzaren arloa dugu kili-kolo. Jaurlaritzarekin bide berri bat aztertu nahiko genuke, argitalpenak hasieratik Interneten jartzeko. Unibertsitatean estrategikoa da argitalpenak sarean izatea.

Eta beste erakunde publikoekin nolakoak dira harremanak?

Bizkaiko Foru Aldundiak historikoki lagundu izan digu argitalpengintzan eta datu baseetan, eta espero dugu horretan jarraitzea. Garai batean Nafarroako Gobernutik laguntza jasotzen genuen, baina gaur egun sosik batere ez. Nafarroako Gobernuan aldaketa etorriko balitz, gustatuko litzaiguke harreman hori berreskuratzea.

1.200 bazkide inguru ditu UEUk. Handitu al daiteke kopurua?

Gogorarazi behar da krisi garai honetan UEUk iraun badu 2012an bazkideek, ohiko kuotaz gain, laguntza gehigarri bat eman zutelako dela. Bazkideen balioa eta indarra frogatuta gelditu zen. Ikerkuntzan eta berrikuntzan ari diren gazteak UEUko kide egitea nahi genuke orain.

Erreferentzialtasuna lortzeko bidean zer gehiago egin dezake UEUk?

Etengabe lantzen dugu erreferentzialtasun gaia. Gure jardunarekin lortu nahi dugu erreferentzialtasuna. Beste eragileekin on line irakaskuntzaren zabalpena sustatu, eta, publizitate kanpaina indartsu bat eginez gero, irismen handiagoa lortuko genuke. Gizartean beste eragin bat izango genuke horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.