Zierbenak ia pauso erabakigarria eman du San Miguel ligarako

Cabo da Cruz izan da bigarren, ezustean, eta gaur erabakiko da zein bi ontzi igoko diren, Portugaleten

Aitor Manterola Garate.
2013ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Zierbenak eman du kolpe zehatza San Miguel ligara igotzeko kanporaketan. Aurrena izan zen atzo Bermeon, eta beste lau traineruei ateratako aldea ikusita, gaur Portugaleten (12:00) igoera ziurtatu baino ez du egin behar. Barruranzko luzeetan hautsi zituen aurkariak, eta hortxe erabaki estropada. Cabo da Cruzek eman zuen ezustekorik handiena, bigarren eginez. Lehen luzean azkena zen, eta bazirudien Galiziako ligako bigarren sailkatua ontzirik ahulena izango zela, baina hortik aurrerako lanak ondo baino hobeto egin zituen. Luzez luzeko sailkapenean, bigarrenean bigarren egin zuen Cabok, hirugarren hirugarrenean, eta bigarren azkenekoan. Estropada bikain amaitu zuen, gainera, eta azken zatian hirugarren sailkatuarekiko aldea handitu egin zuen.

Zumaia izan zen hirugarren ontzi hori. San Miguel ligako ontzia ondo hasi zen, lehen luzean onena izan baitzen, baina hurrengo bi luzeetan denek aurrea hartu zioten; hirugarren ziabogan, azkena zen, esaterako. Azken luzea egin zuen ona, eta horrek ematen dizkio aukerak gaurko. Isuntza eta Meira gainean izan zituen bukaeran, segundo erdi pasatxoan sartu zirelako hirurak. Nabarmentzekoa da Isuntzak azken luzean galdu zuela aurretik irabazitako guztia.

Berdintasuna gaurko ere

Zierbena aparte utzita, beste guztien lehia oso estu dago, eta atzoko itsasoan, haize petrala eta guzti, berdinduta ibili ziren, zer ez da izango gaur eguerdikoa. Edozer gerta daiteke igoerako bigarren postua lortzeko lehian, nahiz eta Cabok izan aukera gehien. Baina beste hirurak lehian daude, eta postuen dantza egon daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.