Gorka Aranberri. Urdaibaiko patroia

«Ez dakit olatuei antzematea ikasia edo berezkoa dudan»

Gorka Aranberriren lana erabakigarria izan zen Bartzelonan, San Miguel ligako lehen estropadan. Eremutik kanpoko olatu batzuei inork atera ez zien zukua atera zien Urdaibaiko patroi zarauztarrak. Lan horren berri eman dio BERRIAri.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Zarautz
2013ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Jaioterriko Musika Plazara azaldu da Gorka Aranberri (Zarautz, Gipuzkoa, 1987). Urdaibaiko patroiarekin malekoi aldera joan da argazkilaria. Itsasoa parez pare, alboan. Ia egunero bezala, lemazain on horrentzat. Lagun du itsasoa, San Miguel ligako lehen estropadan, Bartzelonan, itsasoaren ezagutzak eragin handia izan zuen Urdaibairen garaipenean.

Bartzelonan olatu horiek bazetozela nor konturatu zen?

Gu konturatu ginen traineruan. Bideoan ikusten da, San Juan azaltzen denean telebistan, atzean ferry bat igarotzen, eta uste dut ontzi horrek sortutako olatuak izan zirela. Bigarren luzearen erdialdera harrapatu gintuzten olatuek, zazpigarren minutura edo. Txiki parea ziren hasieran, eta handiagoak hurrengo hirurak.

Olatuak egotea gauza bat da, eta bestea baliatzen jakitea.

Baliatzeko modukoak zirela ikusi genuen. Abiadura punta onean gindoazen une horretan, eta horrela errazagoa da olatu horiek hartzea.

Olatu horiei hainbeste etekin atera al daiteke?

Guk atera genien, baina uste dut atera ahal zena baino gehiago atera geniela.

Olatuak ikusi orduko aditzera eman al zenien arraunlariei?

Bai, baina ababorreko aldekoek ere ikusi zituzten, handik zetozen eta. Pentsatuko ez zutena zen hainbeste baliatzea gero.

Olatuak ikusi zenituzten, eta gainean zeneuzkaten. Zein izan zen hurrengo lana?

Traineruarekin ipurdi pixka bat ematea olatuei. Haien norabidean jarri behar izaten da trainerua, baina gehiegi ere ezin izan genuen jarri, 0 kalera botako gintuelako bestela. Hor joan behar da, jolasean, traineruaren ipurdia jarri, ipurdia kendu, jarri eta kendu... Gure baliza non dagoen zaindu behar izaten da, bertara joan behar izaten da-eta ziaboga ematera. Olatuei bakarrik segituko bagenie, geure balizatik urruti bidaliko gintuzkete.

Olatuaren gainean zindoaztela zer pasatu zitzaizuen burutik ?

Aldea irekitzen ari ginela konturatu ginen denok. Jonek esan zigun telefonotik [Jon Salsamendi entrenatzaileak] haizeak behera egin zuela eta erritmoa bizitu beharra zegoela. Bigarren luze horretan lehertzeko eskatu zigun, eta olatuak lagundu egin zigun. Hala ere, ez zen olatua bakarrik izan: luze horri hasiera ona eman genion, eta bigarren luze horretan erabaki zen estropada. Hala ere, esan behar dut olatu horiek kanporanzko luzeetan tokatu izan balitzaizkigu alde baino gehiago kontra egingo zigutela; hala izan balitz, segundo batzuk galduko genituen, eta bosgarren-edo egingo genuen.

Zenbat bizitu zenuten erritmoa olatu horien gainean?

Olatuak berak eskatzen dizun hainbeste. Olatuak markatzen du. 36-37 paladatan joanda, olatua azkarrago joaten da, eta bizitu egin behar da, baina ez gehiegi ere. Bestela, arraunlarien balantza handitu egingo litzateke, eta, hamahiru lagunen aurrera-atzera mugimenduen eraginez, segida galdu egiten du ontziak, muturra altxatzen zaio, eta olatua galdu egiten da, ez da baliatzen. Azpian ematen diozun proportzioan etorriko zara gora, eta horrek ematen du erritmoa.

Bezperan egin zenuten entrenamenduan ohartu zineten itsasontziek sortutako olatuak onak izan zitezkeela estropadan baliatzeko?

Bai. Entrenamendua bukatzear ginela, San Pedrorekin batera gindoazen uretan, eta gure entrenatzaileak ere ontzi motordunean zetozen, alboan. Geratu egin behar izan genuen denok, itsasontzi batek sortutako olatuak zetozkigulako. Bestela, ontzien muturretik olatua sartuko zitzaigun.

Olatu handiak ez ziren Bartzelonakoak, baina, itsaslasterren eraginez, luzatu egiten ziren?

Bigarren luze horretan, itsaslasterra kontra genuen, eta, olatua azkarra zenez, uste dut olatua gerarazi egin zutela itsaslasterrek eta gure abiadurara egokitu zituen. Gu 17 kilometro orduko abiaduran bagindoazen, olatua 22 kilometro ordura joango zen, eta, itsaslasterren eraginez, olatuaren abiadura hogeira jaitsi zen. Natura gure alde atera zen, baina guk ere abilezia izan genuen, eta indarra, egoera baliatzeko.

Olatuak baliatu eta igaro ondoren, zein abiaduratan joan zen trainerua?

Olatuak hartu aurreko abiaduran berriz. Egundoko konfiantzarekin joan ginen, luzea bikaina izaten ari zela jabetuta.

Olatuez jarduteko, itsasoan izan behar du estropadak. Itsasokoa al da benetako arrauna?

Bai. Guk irabazi egin genuen, eta pozik gaude, baina beste bati gertatu izan balitzaio, ez nintzen hain pozik egongo. Itsasoan kontrolatzen ez dituzun hainbat faktore daude, eta itsasontziek olatuak sortzea hemen ere gertatzen da.

Olatuen egoera horiek guztiak denborarekin ikasten ditu patroiak ala berezkoa du?

Ikasiz joaten gara. Berezkoa ere baden, ez dakit. Beste edozein patroik egin duen bide bera egin dut nik: haurra nintzela hasi nintzen, bateletan, eta trainerura heldu naiz. Moila bazterretan-eta horrelako olatuak egoten dira, eta trainerilletan itsasoan ateratzen garenean ere han izaten dira.

Itsas bazterretik oinez zoazenean, olatuei begira egoten zara?

Ez, baina, itsaso handia dagoenean, gustatzen zait ikustera joatea. Ontzia nabigatzen doan eran antzeman egiten diozu olatuari ona den edo ez; nik, behintzat, antzematen diot. Ez dakit ikasia den edo sentipenak diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.