Bertsolari Txapelketa Nagusia. Unai Iturriaga. Bertsolaria

«Txapelketan gerta ala gerta, nik garbi neukan ez nindoala sufritzera»

Elizondoko finalaurrekoaren aurretik ez daki esperantza, ametsa ala nahia zuen Unai Iturriagak. Akatsik gabe baina Tolosakoaren antzeko saioa egitera joanda, finalerako aukerarekin da.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Durango
2013ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
«Sorpresa itzela» hartu zuen Unai Iturriagak (Durango, 1974) Elizondoko finalaurrekoan bere izena entzutean irabazlearen puntuaketa altuari lotuta.

Nola planteatu duzu «guda» zure bizitzako momentu honetan?

Guda nahiko era baketsuan planteatu dut. Ahal izan dudanean entrenatu, jarrera positiboa izaten saiatu, eta ezin denean bururik ez janez. Gure etxean etxeko bi helduok parte hartu dugu txapelketan. Pentsatuko duzu horrek zelako nahastea dakarren, eta zer moldaketa lana egin behar den hor. Hori horrela, hartu dut hartu ahal zen modurik onenean Tolosakoa arte. Txapelketa barruan zaudenean sentimendu horiek gobernatzen zailagoak dira. Entrenamenduetan, askotan, oso gustura ibili naiz, eta pentsatu izan dut entrenamenduetako hori eginez gero aurrera egin dezakedala. Aldi berean, entrenamenduetako hori ez egitea oso-osoposibletzat neukan.

Horrek freskotasuna ekarri dizu?

Beharbada, bai. Ez dut inoiz eduki txapelketa batean Tolosan eduki dudan gorputzaldia. Egia da freskotasun horri gehitu behar zaiola anbizio edo tenple pixka bat. Baina ez zegoen beste modurik. Eskerrak ez nuen txapelketa beste modu batean hartzeko asmorik izan. Nik garbi neukan ez nindoala sufritzera txapelketa honetan gerta ala gerta.

Nola ulertu nahiko zenuke Tolosan jaso zenuen txalo zaparrada?

Tolosan poto egin eta gero jasotako txalo zaparrada hori izan da nire bertso bizitzan jaso dudan txalo zaparradarik politena: bat-batekoa izan zelako, ez zen izan lorpen bati jotako txalo bat, ez dut uste errukiz jotakoa izan zenik ere, eta Tolosan izan zen, ez zen Durangon izan. Ederra izan zen, eta hartzeko prest nengoen.

Txapelketak zer emango zizulakoan aurkeztu zinen?

Zintzo esaten badizut, aurkeztu nintzen lanik ez galtzeko, eta damutzen naiz. Damutu izan naiz izena eman izanaz, aurreko txapelketa amaitu zenean garbi nuelako ez nuela berriro parte hartuko. Bizitzako momentu batzuetan beldurrak sartzen zaizkizu, lan egoera ere dagoen moduan dago, eta, momentu batean, neuk urte askotan esandakoen kontra, beldurtu egin nintzen. Ez da hori bakarrik izango, baina hori izan zen motibazio nagusia.

Lanaz ari zarenean, plazez ari zara?

Urte batzuetan nire ardatza izan da nire bizitzan eta nire bizibide moduan. Urte batzuetatik hona geroz eta gutxiago da, eta urte batzuetatik hona nire bizitza ere konplexuagoa da. Bizimodua titiritero moduan atera dugunok, eta ateratzeko asmotan jarraitzen dugunok, garai gogorrak ditugu aurrean. Badakit ez zela gauza handirik aldatuko, baina ohituta gaude neurri batean fokuan bizitzera ere, eta lanaz gainera, hori ere badago. Proba egin arte ez da jakiten zer pasatzen den. Txapelketa nola joan den ikusita, ez naiz damutzen, baina nire hautua izenik ez ematea zen.

Aurreko txapelketan, zuen belaunaldia «ezinbestekoa» ez dela adierazi zenuen. Txapelketa honetan berdin pentsatzen jarraitzen duzu?

Nik uste nuen txapelketa honetan errelebo handiagoa izango zela. Plazan, neurri batean, izan da. Nik nire ibilbidean behintzat ikusten dut. Era berean, ez dezagun ahatz txapelketa puntu pilaketa bat dela. Horretan, agian, inozo samarra izan nintzen: puntu pilaketarako, esperientziak balio du, eta laguntzen du. Gure belaunaldian bagaude jende dezente oso buru-belarri bizi duguna eta bizi izan duguna bertsoa. Akaso, ez da adin desberdintasun bat bakarrik beste batzuekiko.

Nola hartu duzu Jon Maia kanpoan gelditzea?

Pena handia hartu dut Jonekin, bene-benetan. Jon lau urtean ederto ibili delako bertsotan, badakidalako Jonek nik eduki ditzakedan kezkak edo zalantzak ez dauzkala, parte hartu gura zuen, han egon gura zuen, eta, niretzat, lau urteko plazetan, Jon finaleko pertsona bat zen. Txapelketa erlatibizatzeko balio lezake.

Eta nola ikusten duzu Igor Elortza kidea txapelketa honetan?

Oso ondo. Orain arte, behintzat, Igorri gauzak joan zaizkio bere lanaren eta bere jarreraren arabera. Pozten naiz, Igor presentzia handiarekin sartu delako txapelketan. Helburu desberdinekin aurkeztu gara. Igor hortzak zorroztuta hasieratik, eta ni ez nekiela hortzak zorrotz nituen edo hortzordearekin nenbilen. Bioi gauzak ondo joateak itzelezko mesedea egiten digu bioi, eta inguruari ere bai.

Nola doazkizu plazak azken urteetan?

Astiro-astiro beherantz. Ni plazan baloratua sentitzen naiz. Ez naiz sentitzen duela hamar urte baino gutxiago maitatua. Arrazoi logiko denak daude lehen finkotzat neuzkan lekuak beste batzuk betetzeko. Naturala eta ona iruditzen zait. Ez dut uste desagertuko naizenik plazetatik, baina beste batzuk sartzen badira lau aulki dauden lekuan; normala da plazak murriztea. Bestalde, eremu batzuetan ez naiz sartu, eta logikoa iruditzen zait, beste bertsoera batzuk estimatzen dituzte. Eskaintza zabala dago, eta logikoa da leku batzuetan ni Patillas izatea.

Txapelketarekin plaza kopuruari eutsiko diozun esperantza duzu?

Beldurretik gehiago du esperantzatik baino. Momentu konkretu batean harrapatu nau.Nire motibazioa ez da hori bakarrik izan, baina nire lana da. Ez diot inoiz inora joateari uko egin dirurik egon ez delako, eta ez dut inoiz lotsarik eduki nire lanarengatik kobratzeko. Jarraitu gurako nuke lan honetan, ez dirua irabazteko: gustatzen zait, urte asko daramatzat lan hau egiten, eta uste dut nire lan honek merezi duela.

Txapelketan argitaratu dituzun komikiak terapia ere badira?

Terapia dela Elizondoko saioaren aurretik gorputzaldi txarra nuenean ikusi nuen argien: jarri nintzen komikia egitera, eta lasaitu egin nintzen. Ez nintzen asmo kontziente horrekin hasi. Konturatu nintzen funtzionatzen zuela, eta jendeak barre ere egin du. Ohartu nintzen modu polit bat izan zitekeela nire txapelketaren beste irakurketa bat egiteko.

Finalera iritsiko bazina, zer jarrerarekin hartuko zenuke?

Saiatuko nintzateke, posible balitz, Tolosako jarreratik gertu ibiltzen, beste tentsio puntutxo batekin. Egunak merezi duelako. Gozaraztera joango naiz.

Zer litzateke txapela janztea?

Ez nuke gurako. Niretzat, txapela da nire lagun baten buruan oso ondo geratzen den jantzi bat. Ez da nire ametsa. Ez nago prest, eta ez dut prest egon gura. Mundu honetan gabiltzanontzat badauzka esanahi batzuk, gauza pisuzko bat da, eta, beharbada, nik ihes egiten dut ardura horretatik.

Zein dira esanahi horiek?

Bertso munduan erreferente garrantzitsu bat izatea; euskal kultur munduan eta kulturatik kanpora ere esanahi bat badu. Karga bat da, ardura bat, erantzukizun bat. Neure burua ez dutikusten txapel horrek daukan gerizpe guztia hartzeko moduan, ez gaitasunez, ez gogoz. Joera frankotiratzaileagoa dugunontzat, ikuspegi zentralegia da.

Azken «gudan» sentitzen zara?

Bai, bolada baterako bai behintzat. Txapelketa ulertzen dut, bere funtzio asko betetzen ditu, asko konpartitzen ditut, baina nik bertsolari moduan jadanik ez dut nire burua hor ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.