Paisaiak ezagutzeko proposamena

Mutriku, Deba eta Zumaiako geoparkea jendeari gerturatu eta bertako paisaia eta ondare guztia egun batean ezagutzeko, 'Geoparkearen behatokien ibilbidea' prestatu dute.

Ibilbidean zehar interpretazio panelak jarri dituzte. EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEA.
Ainhitze Ruiz.
2014ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Euskal Kostaldeko Geoparkean, lurraren eta gizakiaren historiako hainbat kapitulu biltzen dira, baita bestelako ezaugarri natural eta kulturalak ere. Horren harira, historian eta denbora geologikoan barrena ibilbide berezia prestatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta La Caixak, Geoparkearen kostaldeaz gain, barnealdea ere ezagutzeko asmoz. Ondare geologiko, paisajistiko eta kultural aberatsa du Euskal Kostaldeko Geoparkeak, baina orain arteko ibilbide gehienak kostaldea ezagutzeko izan dira. Orain, ordea, ibilbide osoarekin, barnealdea ere osotasunean ezagutzeko aukera izango da. Egun bateko ibilbidearekin, geoparke guztia ezagutzeko aukera ematen du ibilbide horrek. Seinaleen bidez adierazita dago, eta interpretazio panel bat ere badute, paisaia horiek ezkutatzen dituzten sekretuak ezagutzera emateko. Begiratokiak errepidean bertan edo egokitutako aparkalekutik hamar minutura oinez iristeko guneetan kokatu dituzte, hala bisitariek erraz aurkitzeko.

Guztira hamabost interpretazio panel jarri dituzte ibilbidean. Gizartean baztertuak izateko arriskuan dauden kolektiboetako langileek izan dute panelak jartzeko ardura. Begiratokiak eta aparkalekuak egokitzea ere talde horren lana izan da. «Panelek kokatuta dauden inguruneari buruzko azalpen txiki bat ematen dute, eta guztiak bisitatuz, bide batez, geoparkearen ikuspegi orokor bat ere ematen dute», azaldu du Asier Hilario Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoak. «Panelen gaiak fly-scha, barnealdeko karsta, barnealdeko ohiturak eta arkeologia dira», gaineratu du.

Horrez gain, zuzendari zientifikoak esan duenez, panel guztiak Txetxo Gaztañaga margolariak eskuz egindako marrazkiz osatuta daude. «Marrazki horiek paisaia interpretatzen dute, hau da, panelean ikusten duzuna, aurrean daukazun paisaiaren marrazki artistiko bat da», azaldu du. Marrazki teknikoak erabili beharrean estilo artistiko bat erabili nahi izan dutela adierazi du: «Estilo artistiko honen bitartez uste dugu paisaiak eta ondarea humanizatu eta gerturatu egiten direla eta irakurleari errazago sartzen zaiola. Gainera, ideia errazak transmititu nahi izan ditugu, baina marrazki politen bidez», esan du.

Ibilbide autogidatua da, ibilbiderako prestatu den mapa eskuratzeko aukera edukiko dute-eta Deba, Zumaia eta Mutrikuko turismo bulegoetatik urtero pasatzen diren 50.000 bisitariek. «Geoparke guztia ezagutzeko, autoz egun batean egiteko moduko ibilbide zirkular bat antolatu dugu. Kostaldetik hasi eta barnealderantz abiatuta, edo alderantziz egin daiteke», azaldu du Hilariok. «Jende asko etortzen da egun bakar bat pasatzera, eta geoparke guztiaren ikuspegi orokorra egun batean ikusteko prestatu dugu ibilbidea», gaineratu du.

Geoparkeko ibilbide osoak Zumaia, Deba eta Mutriku inguruko begiratoki eta paisaiak ezagutzeko aukera ematen du. Euskal Herriko kostaldearen erdian daude, Gipuzkoako itsasertzaren mendebaldeko muturrean. Geoparkeak, ekialdean, Getariarekin egiten du muga, hegoaldean Aizarnazabal, Zestoa, Azpeitia, Azkoitia eta Mendarorekin. Eta mendebaldean, Bizkai aldean, Ondarroarekin. Euskal Kostaldeko Geoparkea Europako Geoparkeen Sareko kide da.

Besteak beste, hainbat helburu izan ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak La Caixarekin elkarlanean egindako ibilbideak: alde batetik, interpretazio orokorreko produktu bat sortzea geoparkeko baliabide guztietarako, eta, bestalde, geoparkeko bazter adierazgarrienak egun batean bisitatzeko moduko eskaintza autogidatu bat sortzea. Horrez gain, Hilariok gaineratu duenez, kostaldean sortuta zegoen jende fluxu hori barnealdera eramatea ere izan da helburua: «Kostaldeaz gain, barnealdean ere mugimendua eta garapena sortzeko», esan du.

Paisaia aberatsa

Euskal Kostaldeko Geoparkeak mundu berriak ditu deskubritzeko, flysch eta karstetik abiatu eta kultura eta tradizioekin jarraitzen du. Horren adibide da Geoparkeko ibilbide osoa. Barnealdea kareharrizko mendiz osatuta dago, eta kareharri hori euri urarekin disolbatu eta kobazuloak sortzen dira. Horri deitzen zaio karsta. Geoparkeko zuzendari zientifikoak azaldu duenez, mendi horiek kostaldetik oso gertu egoteagatik, Goi Paleolitoan gure arbasoek okupatu zituzten, eta, horregatik, inguru horretako hainbat kobazulo egokitu egin dituzte. «Horren eredu dira Ekain eta haren moduko kobazuloak». Paleolitoko margo multzo berezia biltzen du. Ibilbide osoan zehar, hainbat taberna eta ostatu daude, eta bertako produktuak dastatzeko aukera izango dute bisitariek.

«Ibilbidean zehar bazkaltzeko eta lotarako lekuak daude; horietatik jendea pasatzea ere bada beste helburuetako bat», azaldu du zuzendari zientifikoak. «Karstaren ibilbidean barneratuz gero, Debako Lastur ibarrak, Mutrikuko Astigarribia eta Olatzek osatzen duten paisaiak ikus daitezke. Horren eredu dira Ekain bezalako kobazuloak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.