Bertsolari Txapelketa Nagusia. Igor Elortza. Bertsolaria

«Ez dut neure burua ez zigortu, ez laketu, ez antzeko ezer»

«Sentipen onak» ditu Igor Elortzak, txapelketako bigarren finalaurrekoaren irabazleak. Gustura jardun zuen Tolosan. «Tentsioarekin, baina konfiantzarekin» oholtzaratu zen, eta azkenaldian ez bezala aritu zen.

Beñat Zamalloa Akizu.
Durango
2013ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Azken Bertsolari Txapelketa Nagusian ez bezala kantatu zuen igandean Igor Elortzak (Durango, 1975), Tolosan. Aurreko txapelketan finalerako aukera galdu zuen oholtza berera «horri buelta emateko intentzio osoz» igo zen, eta hala asteburuko emaitzarik onena erdietsi zuen.

Nola jaso zenuen emaitza?

Ondo. Lasai nengoen. Egia esan, kartzelara joan ginenean, ofiziotan-eta eroso sentitu nintzen, ondo egin nuen bertsotan arinago, goitik ere tenperatura hartzen diozu saioari, eta ondokoak diotsunaren arabera berresten duzu ala ez. Bai Etxahunek [Lekue] eta bai Unaik [Iturriaga] ere esaten zidaten aurretik eta alde politaz joango nintzela. Hala ere, kartzelara irten nintzen ahal nuen eta onena egitera. Hori dena egin eta gero, trankil nengoen. Ez ninduen lar arduratzen zenbakiak. Hala ere, bezperan Ametsek 717 aterata, 722 entzuten duzunean, oraindik eta hobeto.

Zure bertsokera dotorea dela aipatu izan da behin eta berriro. Zerk esango zenuke egiten duela hala izatea ?

Niri bertsoaren alde estetikoa asko gustatzen zait, baina ez bertsoena bakarrik. Musikan, literaturan, zineman… zer gauza gustatzen zaizkidan konturatzen naiz, eta ez dut uste kasualitatez gustatzen zaizkidanik. Niretzat mamia eta azala batera doazen gauza bat dira, eta gustatzen zait hori lantzea. Lantzea, baina ez modu efektista batean. Suposatzen dut hortik etorriko dela.

Unai Iturriagak poto egin zuenean burua makurtu zenuen. Mina eragin zizun?

Ba bai. Unai bertsotan seguru ikusi nuen. Arinagoko zalantzazko poto bat hor zegoen; hala ere, ondo entzun nuen bertsotan. Etxahunen bakarkakoa entzun nuen, eta gustatu zitzaidan. Gero, pentsatu nuen Unairentzat gai ona zela. Gainera, uste dut ondo hasi zela eta ondo hartu zuela. Justu azkeneko bertsoan, muxu berbarekin oso distantzia laburrean egin zuen, eta hor momentuan esan nuen: 'kauen la letxe!'. Potoarengatik baino gehiago, pentsatu nuelako lehen ere zalantzazko bat egonda, poto batekin aukerak zaildu egiten zitzaizkiola; nahiz eta orain ia seguru bigarrenera pasatuko den, eta aukerak hor dauden.

Zure txapelketako ibilbidea Bizkaiko Txapelketarekin aspaldi hasi zela esan izan duzu. Batetik bestera ia urtebeteko aldea egonda, nola lotu dituzu?

Hemen egoteko derrigor egon behar nuen Bizkaikoan. Orduan, derrigor lotzen dira. Iaz, Bizkaiko txapelketan, errimak batuan landu nituen; nahiz jakin Bizkaiko txapelketan bizkaieraz egingo nuela. Burua aurtengoan neukan. Azkenean, dena lotzen da zer edo zelan. Iaz, nahiz eta buruak agindu, benetan grina sortzea kosta egin zitzaidan. Iazko lana hor zegoen, eta, aldi berean, lanean zabiltzanean, igartzen duzunean beste gozamen eta grina batekin zabiltzala, konturatzen zara bide onean zoazela.

Lekuz kanpo sentitu zara une batzuetan?

Ez. Horretan ez dut neure burua ez zigortu, ez laketu, ez antzeko ezer. Pasatu nuen aldikada goibela orain dela lau urte, eta hortik aurrera kito: «Hauxe da dagoena, eta nagoen lekuan nago».

Bertsotarako lehen bezala zeundela kantatu zenuen, zeuretik egin zenuen Legazpiko bakarkakoan. Azkenaldikoa baino garai hobeak izan zenituelako bota zenuen?

Bai. Bizkaiko txapelak, Euskal Herriko final bi jokatuta… Agian, gehiago bai, txapelketako emaitza aldetik. Egia esan, ni plazan azkeneko urteetan oso gustura ibili naiz. Aurrekoan finaletik kanpo geratu aurretik erabakita nuen sei hilabetetan ez nuela bertsotan egingo, bigarren alaba jaiotzean. Gero, berriro hasi nintzenean beste leku batean nengoenez, nahiko modu kontzientean planteatu nuen pare bat urtean beste nasaitasun batekin jardutea. Kontziente izanda horrek lagunduko zidala inertzia batzuk kentzen. Akorduan daukat pare bat urtean nahiko jakinaren gainean ibili nintzela horrela. Nahiz eta iaz grina falta bat eduki, bazen berriro hastea bertsokera zorrotzagoa fintzen eta lantzen. Banekien ez nintzela zerotik hasten, baina bai ertz horiek kenduta eta gero, beste batzuk topatzen.

Arrazoi pertsonalak aipatu izan dituzu txapelketako beheraldia azaltzeko. Bertsoari lotutako arrazoirik ere izan duzu?

Bai. Egia da momentu hartan, ez bertsotan gaitasun aldetik, baina egin gura nuenaren aldetik, momentu lauso nahasi samar batean nengoen. Unai eta biok gentozen Gu Ta Gutarrak egitetik, urte eta erdi batean plazan nahiko gutxi ibilita. Gainera, Gu Ta Gutarrak zenarekin —bertso jarriak musikariekin— erantzun oso ona topatuta. Oso-oso asegarria zen. Bertso jarriek zehaztasuna ematen dizute, zein gairen inguruan egin nahi duzun, eta abar. Plazara bueltatzea gaitza izan zen. Hor pixka bat lekua topatu ezinik ibili nintzen. Horrelako momentu batek harrapatu ninduen orain dela lau urte.

Nolakoak izan dira lau urte hauek?

Nik lau urte hauetan saio dezente eduki ditut, eta saio politak: jaialdi onak… Alde horretatik, estimatua sentitu naiz. Egia da txapelketa txapelketa dela eta horren arabera denon buruan sailkapen bat finkatzen dela. Baina, zorionez, nahiz eta txapelketak sekulako presentzia mediatikoa daukan, gero, urte osoko bertso ibilbideak esango nuke dezente gainditzen duela txapelketaren ezinbestekotasun hori. Txapelketetan emaitza onik lortzen ez duten dezentek egiten dute saio asko. Alde horretatik, ez naiz sentitu gutxietsia.

Finaletik gertuago egoteak lasaitzen zaitu?

Bai, jakina. Deskalabru handiren bat pasatu beharko litzateke, egia esanda, baina bai. Edozelan ere, ez da nire kezka ez finalean egotea edo finalean ez dakit zer egitea. Nire kezka gehiago izan da atzo egin nuena egitea. Aurrera begira, nire kezka ere hori izango da. Ez nuke jausi gura 722 puntuak modu seguru edo espekulatiboan neurtzen ibiltze batean. Gurako nuke oraingoz ustezkotzat jotzen dudan nasaitasun hori erabiltzea libreago onena emateko. Atzo bota nuen onena baino bertso hobe bat botatzea errazago ikusten dut, atzo egin nuen saioa oro har hobetzea baino.

Atea zabalik utzi zenuten Gu Ta Gutarrak-ekin bukatutakoan. Zenbateraino dago zabalik?

Atea zabalik dago. Nik oso gustura egingo dut, egiten badugu. Horrelako gauzek bere momentua behar dute, eta, bere momentua heltzen denean, denbora ere bai. Ikusiko dugu, baina egia da txapelketa hau bukatzen denean nik horrelako gauzetarako daukadala gogoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.