Bertsolari Txapelketa Nagusia. Sustrai Colina. Bertsolaria

«Nire obsesioa da nire bidean ahalik urrutien joatea»

Oiartzungo mamuekin oheratu zen, herenegun Sustrai Colina; Murgian irabazita, berriz, atzo. Txapelketan nortasun propio bat erakustea da bere helburuetako bat.
IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Beñat Zamalloa Akizu -

2013ko azaroak 19

Igandean Murgian (Araba) jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa irabazi arren, «hobetzeko tartea» nabari dio Sustrai Colinak (Urruña, 1982) saioari; «kontuan hartzekoa», gainera. Horrek «pozten eta lasaitzen» du, asteburuan hasiko den bigarren itzuliari begira. Maulen ariko da hurrengo larunbatean, sailkapenean goian dela.

Lehen aldiz zaude txapelketan bigarren itzulian puntuei buelta eman beharrik gabe finalean sartzeko. Zein aldagairengatik uste duzu zaudela egoera honetan?

Izan litezke gauza asko, eta zortea ere bai. Orain dela urtebete Iparraldeko txapelketako oholtzatik jaitsi nintzenean, jaitsi nintzen hunkituta eta ukituta. Hunkituta jendeak maitasun handia transmititu zidalako, eta ukituta uste dudalako oholtza batean txapelketan ez dudala hainbeste sufritu sekula; nahiz eta gero jendeak esaten zidan hori ez nuela transmititu. Eta pentsatu nuen garai zahar baten bukaera eta garai berri baten hasiera izan behar zela. Ezin zela segitu txapelketa batera joaten prestatu gabe, ea zer gertatzen zen. Nahiko azkar ikusi nuen handik urtebetera beste txapelketa bat neukala, txapelketa handi bat, eta hau zela unea heltzeko egiteke nuen ikasgai horri. Orduan, hasi nintzen txapelketa agertoki baten gisa hartzen. Agertoki bat, hitzaren esanahi osoan: agertzeko toki baten gisa. Zer agertua ere eduki behar duzu.

Zertaz ohartu zinen, orduan?

Konturatu nintzen 12 urte daramatzadala plazarik plaza urtean 100 plazatik gora eginez, eta hori ongi dagoela, nolabait bertsolari izateko nire ametsa bete dudala. Baina, orain, 31 urte ere badauzkat, eta, bizitzako gauza askotan bezala, zer izan nahi dudan erabakitzeko eta definitzeko momentu batean nago. Bertsotan ere bai: zer bertsolari izan nahi dudan definitzeko momentu batean nago. Orduan, azken urte honetan horra begira aritu naiz, definitzen eta fintzen. Izan nahi ez nuena argi edukitzen hasi, eta orain izan nahi dudana argi daukat. Txapelketa batera aurrez erabakita eraman litezkeen gauza gehien-gehienak, guztiak ez esateagatik, atzo, erabakita eraman nituen.

Erabakiak hartuta eta egin nahi zenuena garbi zeneukala oholtzaratu zinen, beraz. Zer da egin nahi zenuenetik egin zenuena?

Gauza asko neuzkan garbi, baina ez nituen denak egin. Badakit bertsolari batzuk hobeak direla arlo batzuetan, baina saiatu naiz neure burua konbentzitzen nire arloetan izan naitekeela bertsolari horiek baino hobea. Atzo hori zen nire kezka nagusia. Jokatzea ofizioa nire guda zelaian. Uste dut horretan asmatu nuela, batez ere. Txapelketa ikusten dudan bezala orain artekoari balioa emateko eta hemendik aurrera egin nahi dudana agertzeko bide gisa. Nahi nuke atzo emandako puntuek edo jasotako puntuek lasaitasuna ematea, aurrera begira hobetzeko tarte hori estutzeko. Uste dut saiatu nahi dudala atzo egin nituenak baino gauza sakonagoak, konplexuagoak, ertz askoz gehiagokoak, egiten. Nire beste alderdi batzuk erakusten. Alde horretatik, uste dut atzo nahiko kolore bakarrean aritu nintzela eta hurrengo saioetarako nire erronka hori izango dela. Pixka bat paletara kolore batzuk gehituz joatea.

Saioa ez entzutea erabaki zenuen. Zertan lagundu zizun horrek?

Nire bideari eusten segur aski, ez deszentratzen egin nahi nuenetik. Bestela, arriskua dago zu pixka bat desbideratzen hasten zarenean, besteei entzuten hasi eta gehiago desbideratzeko eta heldulekuak zugan topatu beharrean besteengan bilatu nahi izateko. Nik uste dut hori arriskutsua dela. Nahiago dut, orain nagoen bezala behintzat, nigan zentratu eta hurrengo ariketan egin behar dudana pentsatu. Horrek ez du esan nahi sentsaziorik ez duzula jasotzen.

Publikoaren beroa nola jasotzen zenuen?

Jendea oso bero. Atzokoa zen niretzat nire iruditerian txapelketa dena. Frontoi edo kiroldegi zahar samar bat, aulki deseroso pila, kanpoan hotza, kasik-kasik lehen ilarakoaren arnasa entzuten duzula oholtzatik, jendeak itxaropena ere bai saio ona atera litekeela, igande arratsaldea… Nire iruditerian txapelketa hori da. Horrek uste dut laguntzen duela.

Maulen egokitu zaizu hurrengo saioa...

Oso ilusionatuta nago. Mauleko bertso eskola sortzen eta hazten ikusi dut. Badakit jende horrek zenbat lan egin duen, zer lan egiten ari den, eta horientzat zer esan nahi duen Txapelketa Nagusiko finalaurreko bat han egoteak, han ospatzeak. Badakit jende batentzat azken saioa izango dela. Nire hurbileko jende askorentzat izango dela, eta ez naiz bertsolariez ari, publikoko jendeaz ari naiz. Horrek ere ematen dio eragingarri emozional berezi bat niretzat. Jende hori BECen ezingo da egon, egoera dagoen bezala dagoelako oraindik. Horrek indarra ematen dit. Oso pozik nago ilusio hori bat datorrelako nire txapelketa honetako bidearekin. Ikusten dut aukera handi bat daukadala atzo egin nuena baino ertz gehiagoko saio bat egiteko, saio sakonago bat egiteko, eta nire bide horretan beste pauso inportante bat emateko.

Argitzeagatik, nortaz ari zara?

Errefuxiatuez ari naiz.

Aurreko finalaren aurretik finalak erretiratuen afari bat ematen zuela aipatu zenuen umorez, beti batek huts egiten zuelako. Jon Maiak, behintzat, huts egingo du aurten. Zer emango du aurten finalak?

Pena handia hartu nuen. Esango nuke Jon Maiari larunbatean tokatu zitzaiola azken lau urteetan tokatu zaion egunik txarrena bertsotan. Lau urte pletoriko pasatu ditu plazan saio bat bestearen atzetik gailurretara eramaten. Zuk egun txar bat baldin badaukazu, eta urtero egon ohi den saio tontoan topatzen bazara, horrelako gauzak gertatzen dira. Batek huts egin du, baina ikusten dut lehen egondako bat bueltan datorrela, eta uste dut hori pozgarria dela denontzat. Esango nuke gerra eman behar duela oraindik jendeak. Sailkapenak kanpo daukan baten batek patillak ondo zorroztuta izango ditu Elizondon.

Txapelketa Nagusiko txapela jantzita irudikatu duzu sekula zeure burua?

Txapelketa hau ez dut planteatzen lehia gisa, baizik eta agertoki bezala. Nire obsesioa da nire bidean ahalik eta urrutien joatea. Gero, nik ez dakit hori nola baloratuko den, ez dakit nora eramango nauen, ez dakit… Baina aurrera egitea nire esku dago. Orduan nik aurrera egin behar dut. Niri interesatzen zaidana da bertsokera bat, nortasun bat, sinadura bat, estilo propio bat da. Niretzat BECen kantatzea erronka pertsonal bat da, ezeren aurretik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Toti Martinez de Lezea idazlea, gaur goizean, Donostiako Parte Zaharrean. ©Gorka Rubio / Foku

Toti Martinez de Lezeak 'Egurra S.A.' eleberria plazaratu du

Itziar Ugarte Irizar

Intrigazko nobela da, industria editorialaren miserietan girotua. Ereinekin eman du, eta aldi berean kaleratu ditu gaztelaniazko jatorrizkoa eta euskarazkoa; Miren Arratibelek egin du itzulpena.

Jon Insausti, Josemi Beltran eta Patxi Presa, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian; erdian, aurtengo edizioaren kartela. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Panpinen madarikaziopean

Itziar Ugarte Irizar

Ostiralean hasiko da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astea Donostian, eta 50 film inguru erakutsiko ditu azaroak 6ra bitarte: genero horretako urteko ale nabarmenetako batzuk nahiz zenbait klasiko

Celia Eslava aristaren erakusketako irudi bat. ©IÑIGO URIZ/ FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna