June Crespo. Artista

«Niretzat ere aurkikuntza bat izaten dira nik egindako lanak»

Sorkuntza lanaren Gure Artea saria eman diote. Eguneroko irudi nahaspilatik zenbait hautatuz, ebakiz, eskaneatuz, moldatuz eta berriro jenderatuz lan egin ohi du, bai bi dimentsioetako collageak aurkeztuz, edota eskulturak plazaratuz, esaterako.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Ezagutzen ditu patxadaren onurak. Lasai aritu ahal izatearen bertuteez mintzo da horregatik June Crespo artista (Iruñea, 1982) Bilboko Gorte kaleko bere estudioan. Bi mahairen artean dabil. Zabalik du ordenagailua batean, eta aldizkari eta egunkarietatik moztutako irudi sorta bat bestearen gainean. Onartu du: erlojuaren kontra dabil orain. Gure Artea saria jaso du orain aste batzuk; Lushka erakusketa du zabalik Bilboko Narata aretoan urtarrilaren 11ra arte; Mexikotik itzuli berri da, eta New Yorkera doa urtarrilean Phillippe Van Snick artistarekin batera erakusketa bat zabaltzera. Bare aritu nahi lukeela dio. Baina alde du haizea oraintxe. Ezagutzen ditu sasoi bizien onurak ere, eta horri ere heldu nahi dio orain.

Denboraz lan egitearen garrantzia azpimarratu izan duzu maiz, baina, hain justu, denboraren kontra zabiltza orain, diozunez.

Bai. Sasoi batzuetan lanak pilatu egiten zaizkizu, eta kasik ez duzu denborarik zertan zabiltzan jakiteko eta nondik jarraitu erabakitzeko ere. Etengabe zabiltza egitekoren bati erantzuten. Ez naiz horretaz kexatuko, noski. Irauli beharreko muga batzuk jartzen dizkizu horrek, eta badago horri zukua ateratzerik. Batzuetan gehiegizkoa izatera ere heltzen da, ordea. Jendeari kolpez heltzen zaizkio lanak, eta gero emaitzan igarri egiten da hori. Ez du zertan okerrerako izan, muga horiek batzuetan lagungarri izan daitezke artistarentzat, eraman dezakete bere jarduna erradikalizatu eta duen onena ematera. Baina nik bai behar dut denbora hori. Egiteko zehatzik edo bekarik izan ez dudanetan heldu naiz esku artean gerora oso balekoa iruditu zaidan zerbait edukitzera. Gero landu ahal izateko zerbait. Kontraesankorra irudi dezake beti lasai aritzearen alde aritzea eta gero jasotzen ditudan proposamenei ezetzik esaten ez jakitea. Kosta egiten da ezezkoak ematea.

Paperak doblatuz sortuak dituzu pieza batzuk. Brontzearekin ere aritu zara eskultura egiten. Eskanerra oinarri hartuta sortu dituzu Escanografias liburu bikoteko irudiak. Orain Mexikon izan zara performanceari eskainitako ziklo batean. Areago zabaldu duzu zure lan esparrua?

Performanceari eskainitako ziklo bat zen, bai, baina zentzu zabalean hartzen zuen performancea. Eskulturaren eta bideoaren erdibidean zebilen nik aurkeztu nuen lana, adibidez. Nik neuk akzionatzen nuen, baina bideo collage moduko bat zen. Material modura lantzen nituen bideoak, erdi-eskultura zen egitura batean. Ez zuen bideo gisa funtzionatzeko asmorik, material metaketa moduko bat zen.

Hori da zure lan ildo nagusia. Eguneroko irudi nahaspilatik zenbait irudi hautatu, ebaki, eskaneatu, moldatu eta berriz jenderatu.

Bai. Horretan aritu naiz denbora luzez, bai bi dimentsiotako collageetan eta bai eskulturetan. Collagearen izpiritu hori izaten dute, maiz, hormatik aske dauden piezek ere. Nire lana beti dago arte grafikoetatik eta eskulturatik gertu. Behin-behineko muntaiak izaten dira maiz, edo leku zehatz batean eraikitzeko pentsatutakoak.

Oraintxe bertan lan mahaiaren gainean hiru irudi dituzu. Carrero Blancoren aurkako atentatuaren ostean errepidean gelditu zen urmael zirkularrarena; Mestalla futbol zelai zirkularrarena; eta zirkulu forman kiribildutako suge baten estatua batena. Nola erabakitzen duzu zer irudirekin abiatu?

Kasualitatea da hiru irudi horiena. Egunkari bakarrean aurkitu ditut denak. Ez ditut hautatu duten esanahiagatik. Kontu formalak erakarri nau hor. Maiz ez dut jakiten zergatik hautatu dudan irudi bat edo bestea, edo bestela prozesua amaitzean ohartzen naiz zergatiaz. Hautaketa egiterakoan ez dut oso modu arrazionalean jokatzen. Intuizioari jarraitzen diot. Ezaugarri formalen batek arreta deitu didalako pilatzen ditut irudiak eta objektuak. Batzuetan, baita edukiagatik ere. Baina ez da izaten haiekin mezu bat eman nahi dudalako edo narrazio bat osatu nahi dudalako, baizik eta gustatzen zaidalako nola uztartzen diren oso jatorri ezberdineko gauzak.

Batzuetan badirudi zentzuaren aurka egin nahi duzula. Objektu bat aurkeztu eta jendea dela hari aurre egin behar diona.

Jendea eta baita ni neu ere. Nire lan egiteko modua hori da. Maiz ez dut jakiten zer darabildan esku artean, harik eta bukatzen dudan arte. Mugitzen dut, moldatzen dut, beste material batera pasatzen dut... Atzo eskaneatu egin nituen mahai gaineko irudi horiek, adibidez. Ez dakit nola bukatuko den kontua, baina baliteke, azkenean, irudi horiek identifikatzeko modurik ez edukitzea ere. Daukadan materialari urratsez urrats erantzuten diot. Hori da nire helburua. Gustatzen zait irudiak bigarren planoan uztea, baita zentzu berezia duten irudiak erabiltzen ditudanean ere. Elementuen artean sortzen den lotura berri horri ematen diot garrantzia. Niretzat ere aurkikuntza bat izaten dira nire lanak. Dena berriz ordenatzen jartzen zarenean sortzen dira batzuetan gauzak; zerbait galdutzat ematen duzunean; alde egitekoa zarenean. Bat- batean zerbait aurkitzen diozu, erreskatatzen duzu, eta hor hasten da negoziazioa objektuaren eta zure iruditeriaren eta zure nahiaren artean. Aritu ahala izaten duzu zure eta zure desiren berri; objektuak bat-batean bere autonomia lortzen duenean.

Eta noiz ematen duzu bukatutzat lana?

Hori da arazoetariko bat. Asko du nire lanak berrelikatzetik, eta hor sartzen da denboraren kontua. Egin dituzun gauzez bereiztea ona da halakoetan. Oso saturatuta zaudenean ez duzu distantzia hartzeko aukerarik, eta hori da arriskua. Ikasi egiten den zerbait da hori ere, ziur aski.

Noiz hasi zinen irudiak hala lantzen? Berrelikatze horretan?

Ez dut une zehatzik gogoan. Unibertsitatean Angel Badosen eskolak oso garrantzitsuak izan ziren, halere. Zeure lan egiteko modua bilatzen laguntzen zizun. Artelekun, Iñaki Imazekin egindako ikastaroa ere hor dago. Eta egun ere lagungarri zait beste artistekin egotea, besteen lanak ikustea... Hemen badago lan egiten laguntzen dizun sare bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.