Susana Soto. San Telmo museoko zuzendaria

«Gizartean gertatzen ari dena erakusteko ispilu bat da San Telmo»

Kanpotik datorren jendeari euskal gizartearen argazki bat erakustea, eta bertakoari, berriz, erakusketa erakargarriak eskaintzea. Bi osagai horiekin, etzi inauguratuko dute San Telmo berria; museo «bizia» izatea da Sotoren helburu nagusia.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Langileak gora eta behera zebiltzan asteazkenean San Telmo museoan, kanpoaldeko plazan zein barruko korridore eta aretoetan, 2007an hasitako obrei azken ukituak ematen, erlojuaren kontra lanean. Izan ere, etzi izango da museoaren inaugurazio ekitaldia, eta datorren asteburuan zabalduko dute herritarrentzat. «Urduri bai, baina batez ere oso lanpetuta» zebilen Susana Soto ere (Donostia, 1960). «Egun zailak eta politak dira aldi berean. Orain obrak ia bukatzen ari dira, eta denbora gutxi izan dugu museo osoa martxan jartzeko. Azkenean, bi hilabeteotan dena elkartu da».

San Telmo irekitzea eta Txillida Leku ixtea, ia aldi berean iritsi dira. Bi errealitate badira ere, kezkarik ez al dizuete sortzen halako berriek?

Pena izan da bai, baina kezkarik ez digu sortzen. Egoera eta museo erabat ezberdinak dira. Batetik, Donostiara datozen turista guztiak parte zaharrera etortzen dira, eta gu bertan gaude. Kanpotik datorren jendeak jakin nahi izaten du nolakoa den hemengo gizartea, euskal kultura, Euskal Herria... eta San Telmo aproposa da hori erakusteko. Nahiko lasai gaude, museoa itxi genuenean 40.000 bisitari inguru jasotzen baitzituen, eta, arkitekturaz gain, ez zuen bestelako erakargarririk. Gehiago lortu behar dugu, baina hori jada badugu, eta konfiantza handia ematen du. Hemengo jendeari begira, berriz, erakusketa erakargarriak ekartzea da apustua. Uste dugu horrela lortuko dugula jendeak museoa plan baten gisara ikustea, ez behin bakarrik etortzeko, baizik eta itzultzeko. Eskaintza ona baldin bada, hemengo jendea etorriko da.

San Telmo gizarte museotzat duzue. Zein izango da haren bide nagusia? Zein arlo jorratuko ditu?

Museologikoki, gizarte eta herritartasun museoa dela esaten dugu. Museo bat antolatzeko eredu bat da, duela 25 urte hasi zena. Ez ditu bildumak edo diziplina ordenatuak erakusten. Adibidez, lehen hona etorrita, bilduma etnografikoa, arte ederretakoa, armena, arkeologikoa eta abarrekoa ikus zitezkeen. Honelako museoek, berriz, gizarte baten inguruko kontakizun bat egiten dute, eta hori kontatzeko erabiltzen dituzte bildumak, gizarte horiek nola bizi diren eta nola aldatu diren erakusteko. Guk horri beste helburu bat gehitzen diogu: ez dugu soilik atzera begiratzen, gaur egungo gizarteari ere begiratzen diogu; geu ari baikara geure gizartea egiten. Zaila da gure gizartea musealizatzea, baina ispilu bat jar dezakegu gizartean gertatzen ari dena erakusteko; ispilu bat gara, eta subjektuak, herritarrak.

Eredu gisa, beste museorik izan duzue buruan San Telmo osatzeko?

Badira ereduak, esaterako, Zibilizazioen Museoa Quebecen, Bretainiako Museoa eta Grenobleko Museoa (Frantzia). Alemanian ere egin dute alemaniarren historiari buruzko museoa. Eta haietan denetarik azaltzen da: arte ederretako bildumak ez ezik, zer-nolako lanbideak egon diren gizarte horietan, ideologiak... Haietara joanez gero, hango gizarteen bizimodua ezagutzen duzu.

«Kontua ez da dena erakustea. Jakin behar da zer erakutsi nahi den eta zergatik. Museo batek zentzua eman behar dio erakusten denari», aipatu zenuen 2005ean, egunkari honetan egindako elkarrizketa batean. Zer zentzu eman nahi dio San Telmo berriak bere edukiari?

Hori da gure gizarte museoaren espiritua, gure bildumaren bidez euskal gizartea hobeto ezagutaraztea. Bildumak garrantzitsuak dira, baina beti zerbait esplikatzeko daude hor. Bitrina batean burdinazko guraize sorta bat erakusten baduzu, pentsa dezakezu oso politak direla, baina zertarako eta zergatik erabiltzen ziren, zer pentsamendu zegoen gizarte horretan, zein lanbide, zein bizimodu, zein ekonomia eta beste azaldu behar da, eta agian bi pieza baino ez jarrita. Gero Foru Aldundiaren Gordailuan jaso daitezke beste piezak, adituek aztertzeko, baina, museo bezala, dibulgazioaren helburua ere badugu, ez soilik piezak gorde eta erakustekoa.

Bisitari kopurua edo herritarrak nola erakarri izaten da museo gehienen buruhauste nagusia. Egun, zer eskatzen dio herritarrak museo bati?

Publiko mota asko daude, baina uste dut museo bati herritarrek autoritate zientifikoa eskatzen diotela edozein gai tratatzen duenean. Badakizu museo batean talde tekniko bat dagoela, beste erakunde batzuekin harremanetan dagoena ezagupen tekniko eta zientifikoak gizarteratzeko. Bestetik, egungo gizartea nahiko erosozalea da, eta ezagutzak bai, baina modu erraz eta erakargarrian ematea eskatzen du.

Lehen urtean 140.000 lagun bertaratuko direla aurreikusten duzue, eta hurrengo urteetan, apur bat jaitsita ere, kopuru horri eustea. Ez ote dira aurreikuspen baikorregiak?

Bai [barrez]. Baina uste dugu bete daitezkeela. Adibidez, lehen erakusketa [6 mila milioi beste ikus-entzunezkoen bilduma] oso indartsua da; Parisen, Erroman eta Shanghain egon da, orain Bruselan dago, jende asko joan da ikustera eta bisita errepikatu du. Gurean ere hala izango dela pentsatzen dugu. Eta bai, kopuru oso altua da, baina uste dugu egin dugun museoak helburu horrekin lan egin behar duela.

Gastua bikoitza izango da aurrerantzean. Horregatik, besteak beste, sarrera ordaindu beharko da lehen aldiz. Horrek bisitari kopurua jaitsiko ote duen kezkarik ez dizue sortzen?

Bai, baina uste dugu gure prezioak nahiko sozialak direla, eta, bestalde, bazkide txartel berri bat daukagu. Gure ekonomiarako, prezio horiekin, sarrerak ez dira garestiegiak; sarrera garrantzitsuenak patronoak dira. Hori lantzen hasi gara, baina oraindik askoz ere gehiago landu beharko dugu, eta horretan Guggenheim da gure eredua. San Telmok jarraitzen du udal museoa izaten, baina Jaurlaritza eta Foru Aldundia patrono instituzional gisa ditugu jarduerei eusteko, eta beste hainbat erakunderekin ere hitzarmenak sinatu ditugu. Udalak mantenduko du museoa eta bere bilduma, baina erakusketak eta jarduerak egiteko beste sarrera horiek behar ditugu, eta, hori ez badugu, gutxiago egingo dugu.

Udalak aurrekontuaren bi herenak jarriko ditu. Jaurlaritzaren ekarpena, berriz, Artium edo Arte Eder museoetara bideratzen duena baino dezente txikiagoa da (350.000 euro), eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren kopuru bera jarriko du. Nahikoa iruditzen zaizu beste erakundeen ekarpena?

Ba ez, zer esango dizut! [barrez]. Baina egoera ez da berdina, Artium eta Arte Eder museoetan Aldundiak eta Jaurlaritza patronatuan baitaude; fundatzaile dira. Eta hemen, ez; museoa udalarena da. Ez dakit bi edo hiru urte pasatuta hori aldatuko den, baina orain horrela da, eta haien laguntza jarduerak eta erakusketak antolatzeko da. Gainera, oso une txarra da gehiago eskatzeko. Horrekin oraingoz martxan jartzen gara. San Telmo Euskal Herrian erreferente izatea lortzen badugu, agian errazagoa izango da beste erakundeak gehiago sartzea.

Bazkide txartela ere aterako duzue. Zer eskainiko diezue herritarrei bazkide izatera erakartzeko?

Gure egitarauan urtean hiru erakusketa handi izango dira, eta horietara behin etortzeko 15 euro ordaindu beharko dira. Txartelarekin horiek badituzu, baina prezio berean nahi duzunean sar zaitezke. Eta, bestetik, museoaren inguruko berriak izango dituzu, edo erakusketak zabaldu aurretik komisarioarekin bisita egiteko aukera... Halako gauzak egingo dira. Museoaren bazkide leiala izanda, museoak hala tratatuko zaitu.

Espazioak alokatuta duzue beste diru iturri bat. Ildo bati jarraituz egingo dela eta ez direla edozein jardueratarako alokatuko esan duzue. Zer-nolako irizpideen arabera egingo da hori? Non daude mugak?

Horretan ere Guggenheim da gure eredua, espazioak alokatzea diru iturri oso-oso inportanta baita museo batentzat, eta gure eliza eta klaustroa oso leku bereziak dira edozein jarduera egiteko. Gure baldintza beti izango da jarduera horrek ez oztopatzea museoaren normaltasuna; hori lortzen badugu, muga gutxi dauzkagu. Tira, esaterako, ezkontza bat bezalako gauza pribatu baterako ezin izango da alokatu, baina enpresa batek bere produktua aurkezteko-edo bai, beti museoaren normaltasuna gordeta. Kasu bakoitzean erabakiko dugu, eta hasieran, behintzat, oso inportanta izango da bidea markatzea.

Espazioak handitu direla eta, orain arte ekarri gabeko erakusketak hartu ahalko ditu museoak. Nolakoak? Formatu handikoak?

Gure programazioa 2013ra bitarte nahiko aurreratuta dago, eta formatu handiko erakusketak dira gehienak, normalean ongi mugitu direnak, baina Donostiara oso gutxi etortzen zirenak, lekurik ez zegoelako. Lekua garrantzitsua da, baina gaia ere bai guretzat, museo gisa ditugun helburuengatik. Udal museoa eta baliabide turistiko bat gara aldi berean, eta, horregatik, jaialdiekiko harremana, Zinemaldiarekiko edo Jazzaldiarekiko, esaterako, garrantzitsua da guretzat edozein erakusketa egiteko. Federico Felliniren erakusketak, adibidez, ez du zentzu handirik otsailean, baina irailean, Zinemaldira jende asko etorriko denean, orduan bai.

Erakusketa berriak ere sortuko ditu San Telmok, beste museo batzuekin elkarlanean. Proiekturen bat baduzue oraintxe esku artean?

Baditugu harreman batzuk. Datorren urterako badugu proiektu bat CCCB Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroarekin, eta hitz egin dugu Bartzelonako Museo Egiptoarrarekin eta Parisko Musee du Quai Branlyrekin ere. Hainbat proiektu daude, batzuk jada sinatuak eta beste batzuk, aztertzeko. Bestalde, gure produkzioak daude; euskarari edo eskulturari buruzko proiektuak hasita ditugu.

Gipuzkoako museoen sareko burua izango da San Telmo, beste museoetarako atea edo sarbidea. Zer ekarpen egingo dio sareari?

Horretan ere lan asko dugu egiteko. Urte hauetan nahiko harreman izan dugu beste museoekin. Guk gune bat izango dugu bisitaren bukaeran, Museoen museoa, eta bertan, modu interaktiboan, aztarnak emango ditugu, San Telmon ikusitako milaka gaietako batean sakondu nahi izanez gero, nora jo jakiteko. Atari bat gara, eta hona etortzen denak beste museoetara joateko bideak topatuko ditu. Lehen pausoa da hori, nahiko apala oraindik ere, baina gehiago lantzea da gure asmoa.

«Desafio gisa» hartu zenuen zuzendaritza 2005ean, obrak iraun artean kudeaketan zeure ekarpena egiteko, artean liburuzain sentitzen bazinen ere. Ia sei urte eta gero, liburutegietara itzultzea pentsatzen duzu, ala San Telmori lotuta jarraituko duzu?

Ez dakit. Egia da fase hau ez dela asteleheneko inaugurazioarekin bukatzen, museoa normal hasteko, gutxienez urtea beharko da, eta, beraz, 2011n argi dago oraindik martxan jartzen ariko garela. Hortik aurrera, ez dakit. Ni benetan zerbitzari publiko sentitzen naiz; hori da nire lana, hasieran liburutegietan, orain museoan, agian hurrengo urteetan ere hemen...; ez dakit. Museoaren istorioak ere nahiko kateatu nau, ikusten dena erakusleihoa baita beti, bukaera, baina erakusketa batera iristeko dokumentazio eta ikerketa historikoko lan handia dago atzean, eta hori izugarri gustatzen zait, pixka bat liburuzain izatea da berriro; horrekin badu lotura; nik liburuzaina naizela esaten dut oraindik [barrez]. Orain hau martxan jartzea da nire helburua, eta 140.000 bisitari izatea ez dakit, baina bai museo bizia izatea, Artesanako terrazan entzutea: «Jo, ze polita; joan beharra dago, e?». Horixe nahi dut; hori egina baldin badago, ni edozertarako prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.