Legez aritu, zigorrez saritu

Bi urte bete dira Pannagh kalamuaren aldeko elkartearen jarduna eten zenetik. Orotara, 22 urteko kartzela zigorra eta hiru milioi euroko isuna eskatu du fiskalak elkarteko bost kiderentzat.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Astakeria hutsa». Hitz bitan azaldu du Martin Barriusok fiskalak egindako zigor eskaera. Pannagh kalamuaren aldeko elkarteko kide zen Barriuso. 2011n atxilotu zuten, elkarteko beste bi bazkiderekin batera. Ordutik, elkartearen jarduera geldiarazita dago, eta kontu korronteak zein webgunea, itxita. Duela hilabete jaso zuten fiskalaren eskariaren berri. Droga trafikoa eta talde kriminaleko kide izatea leporatu diete. Orotara, 22 urteko kartzela zigorra eta hiru milioi euroko isuna eskatu du fiskalak elkarteko bost kiderentzat.

«Txoko kanabiko bat». Labur eta sinple definitzen du Barriusok Pannagh elkartea: «Pertsona helduez osatutako elkarte pribatua zen. Kalamuaren inguruko merkatu beltzari bizkarra emateko asmoz, sistema propioa garatua zuen». Publikoa zen elkartearen jarduna. Eusko Jaurlaritzaren elkarteen erregistroan onartuta egoteaz gain, zergak, errentak eta faktura guztiak ordaintzen zituen. «Hori hala izanda ere, talde kriminaleko kide izatea egozten digute», salatu du Barriusok.

Oraindik ez dakite epaiketa noiz izango den. Prozesua luzatu egingo dela uste du. Fiskalaren zigor eskaerari helegitea jarri diote, eta onartu egin diete. Kontra analisi bat egiteko aukera dute orain, eta horretan ari dira. Hala ere, Bilboko epaitegiak ez ditu Pannagheko bazkideak lekuko gisa onartuko. Hirurehun baino gehiago zituen elkarteak. Erdiek erabilera terapeutiko gisa kontsumitzen zuten kalamua elkartean. «Mediku batzuen errezetetan gure elkartera etortzeko gomendatzen zen», azaldu du Barriusok. Erabiltzaileen testigantza aintzat hartuz gero akusazioaren «istorio ofiziala» bertan behera geratuko litzakeela dio. «Akusazioan dauden zergatiak baliorik gabe utziko lituzke».

Izan ere, Barriusok oso argi adierazi du akusazioak ez duela inolako funtsik, ez dutela «fundamentuzko frogarik». Errepikatu du elkartea guztiz publikoa zela, eta horren dokumentuak ukitu ere ez dituztela egin. Operazioaren oinarrian Poliziaren momentuko jarraipenak eta «ondorio aldrebesak» daudela dio. «Ikaragarria da frogarik gabe nola izorra dezakeen instrukzioko epaile batek zure bizitza osoa».

Auzi «politikoa»

Argi du: «Auzia guztiz politikoa da, ez juridikoa». Polizia operazio gehienak kalamua legeztatzeko ahaleginetan ari diren elkarteen aurka egiten direla dio. «Hori ikusita, zer geratzen zaizu? Legezkotasunean zigortzen baldin bazaituzte, aukera bakarra merkatu beltza da». Barriusoren ustetan, hori bultzatzen dute. Legezkotasunaren alde lanean ari diren elkarteak «gobernuarentzat ezerosoak» dira, haren arabera. «Estatus quo-a baldintzatzen ari gara: legea zalantzan jarri, eta araudi alternatibo bat proposatzen dugu. Horregatik, nahiago dute kasua delitu auzi bezala tratatu».

«Eskubideen aitorpenean baino, gobernuak nahiago du era autoritario batean funtzionatu». Hori uste du Barriusok. Drogen kontsumoaren auzia herritarren askatasuna mugatzeko era bat dela. Salatu du egun Poliziak erabakitzen duela nori zein isun jarri. «Poliziari boterea eman eta herritarrak segurtasun juridikorik gabe uzteko era bat da». Nabarmendu du horregatik ez zaiola gobernuari kalamua legeztatzea interesatzen. «Drogaren inguruan ustelkeria asko dago».

Aldekoak eta kontrakoak

Behin eta berriz errepikatu du Barriusok: helduen kalamuaren kontsumoa legeztatzea «behar-beharrezkoa» da. Hori lortzeko pausoak ematen ari dira. Eusko Legebiltzarrean kalamuaren kontsumo elkarteen arautzea aztertzen ari dira urritik. Guztira, hirurogei aditu ari dira parte hartzen antolatu dituzten agerraldietan. Martin Barriuso ere izan da horien artean. Baita Josu Zubiaga Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordea, Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea eta nazioarteko zenbait aditu ere. Barriusok dio adostasuna badagoela. «Alderdi guztiak ados jarri dira erregularizazioaren gaiarekin». Pozik dago emaitzarekin, baina oso astiro doala uste du: «Berandu gabiltza».

Bitartean, Espainiako Gobernuak Herritarren Segurtasunerako Legearen aurreproiektua aurkeztu du. Hori onartuz gero, gogor zigortuko luke kalamuaren kontsumoa. Aurreproiektuaren arabera, 1.000 eurotik 30.000 eurora bitarteko isunak ezar daitezke kalamua landatzeagatik. «Autoekoizpen minimoa ere zigortuko dute». Madrilgo gobernuaren proiektu hori lege organikoa izango da. Hortaz, Eusko Legebiltzarrean kontsumo elkarteak erregularizatzea erabakita ere, ezerezean geratuko litzateke.

Auziari begira atxikimenduak jasotzen ari dira orain Pannagh elkarteko bost akusatuak. Elkarte zein norbanako ugariren babesa jaso dute jada. «Droga menpekotasunaren prebentzioan lanean ari diren taldeek ere babesten gaituzte». Iritzi publikoa alde dutela nabarmendu du. «Gizartearen gehiengoa dago kalamua legeztatzearen alde».

Bizitza hankaz gora du atxilotu zutenetik. Ondasunik gabe dago, eta hamabost egunean behin Bilboko epaitegira joan behar du sinatzera. Baina baikor da. «Babesa dugula nabari dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.