Mikel Orbañanos. Hondarribiako entrenatzailea

«Ondo iritsi gara sasoiko une garrantzitsuenera»

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2013ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Esperientzia handiko arraunlaria eta entrenatzailea da Mikel Orbañanos (Orio, 1973). Hamaika ikusitakoa, onetik eta txarretik. Aurtengo San Miguel ligan, hain zuzen, bietatik ari zaio tokatzen. Txarretik izan zuen lehiaketaren hasieran, bere taldeak, Hondarribiak, ez ziolako uste bezain hasiera ona eman lehiari. Gero, onetik ere tokatu zaio, ordea; izan ere, bi bandera irabazi dituzte bere arraunlariek ligan, Donostian eta Orion. Gazitik eta gozotik, hortaz. Denboraldiaren azken txanpa luzea bideratzen hasita dauka dagoeneko bere taldeak, eta gauzak zehaztu bezala ateratzeko itxaropentsu da.

Nolako azterketa egin duzu orain arteko ligako zuen lanaz?

Hasieran ez geunden uste bezain ondo, eta zorte on handirik ez genuen izan. Liga hain berdindua izanik, halako kontuak garesti ordaintzen dira. Emaitza irregularrak izan genituen. Nahiz eta guk maila ona eman, aurkarien maila onak zigortu egin zuen gure lana. Beste alde batetik, berriz, pozik gaude, bi bandera irabaziak ditugulako ligan eta estropada politak egin ditugulako. Uste dut ondo iristen garela denboraldiko momentu garrantzitsuenera.

Etxeko estropadarekin hasten al da une garrantzitsua Hondarribiarentzat?

Bai. Etxekoa da, eta garrantzitsua. Gero, Zarauzko bi egunak daude, hurrengo asteburukoak, eta, ondoren, jakina, Kontxako sailkatzea eta bi igandeak.

Liga ondo ez hasteak aldarazi egin zizkizuen helburuak?

Hasieratik genituen helburu horiek, eta baita liga ondo hastea ere; hori ezin da ukatu. Iruditzen zait talde guztiek antzeko plangintza egiten dutela.

Ligan, hasi orduko geratu zineten aukerarik gabe, eta hori ona izan al daiteke zuen oraingo helburuetara neke gutxiagorekin heltzeko?

Tira, ez da erraza jakitea. Hobetzeko tartea izango dugu guk, baina bost-hamar segundokoa izango da hobekuntza, ez gehiago. Pasaian eta Orion 19 minutu eta erdiren bueltan ibili ginen, eta horiek erreferentzia bezala hartuta, bost-hamar segundoko tartea edukiko dugu hobetzeko. Eta, jakina, hobekuntza gauzatzeko, dena atera beharko zaigu ondo: kale ona tokatzea, txanda egokia izatea, eguraldiak eta itsasoak laguntzea, okerrik ez egitea...

Jarritako helburu goren horiek nola prestatzen dira denboraldiko lanaren barruan?

Lan karga ezberdinekin aritzen gara, baina ez da erraza lortzea. Saiatzen gara helburu horietan sasoi puntu onenean izaten, ahalik eta gehiena gerturatzen, baina zaila da pare-parean jotzea. Estropada asko izaten dira denboraldian, gainera, eta helburuetara fin heltzea ez da erraza izaten horregatik. Gero, arrauna taldeko kirola da, eta pertsonak izanik, bakoitzaren eguna ez da beti berdina izaten. Bakoitzaren errendimenduak eragin handia izaten du, eta oinarrizko zerbait da hori.

Gaur, etxean ariko zarete. Iaz, zuek irabazi zenuten, eta aspaldiko partez gainera. Etxean ere irabaz daiteke, ezta?

2006an irabazi genuen aurrekoa, eta iaz berriz, asko kostatu eta gero. Ematen zuen etxean berriz irabaztea ezinezkoa zela, baina lortu genuen. 2000n, 2006an eta 2012an irabazi dugu, sei urtetik behin. Ez dakit aurten tokatuko zaigun... [barrezka].

Faboritoen artean ez zaudetela ematen du.

Zaila izango da berriz irabaztea, lehen esan dugun guztiagatik. Aurkariak oso indartsu daude, berdintasun handia dago, eta txanda guztietan daude traineru indartsuak.

Zer beharko du Hondarribiak etxean irabazteko gaur?

Hasteko, gure lana oso ondo egin, eta batere okerrik gabe, gainera. Ilusioz eta gogoz gaude goiko lehia horretan egoteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.