Al-Sisi, aurkaririk gabeko hautagaia

Bederatzi hilabete igaro dira Abdel Fattah Al-Sisi jeneralak Mohamed Mursiren kontrako estatu kolpea eman eta presidentetzara aurkeztuko dela jakinarazi bitartean. Dena ondo lotua ikusi duenean egin du jauzia.

Emakume bat, Al-Sisiren argazki batekin, Kairoko Polizia Akademiaren atarian. KHALED ELFIQI / EFE.
Ane irazabal
Kairo
2014ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Erabakia hartuta dago. Lau hilabeteko zurrumurruen ondotik, Abdel Fattah Al-Sisik militar izateari utzi dio eta Egiptoko hurrengo presidentea bihurtzeko nahia iragarri du. Ibilbide politikoari hasiera emateko, Defentsa ministro gisa dimisioa eman eta indar armatuetako buruzagitza utzi du Al-Sisik. Haren ordez, Sedki Sobhi, Defentsaren Estatu Nagusiko buru ohia izango da militarren zuzendari berria.

Egiptoko mariskal nagusiak bederatzi hilabete behar izan ditu politikarako saltoa antolatzeko. Alta, tarte horretan lider ukaezina bilakatu da. «Mohamed Mursiren aurkako estatu kolpearen ostean, terrorismoa amaitzeko tawfid-a edo agintaldia eskatu zuenetik, herritar askorentzat Al-Sisi izan da de facto-ko presidentea», uste du Ahmed Xater izeneko analista politikoak.

Edonola ere, sisimania begi bistakoa den arren, Defentsa ministro ohiak badaki botoek emango diotela nazioarteko zilegitasuna. Helburu hori lortzera begira, Al-Sisik argi dauka herritarrei promestu behar diena: egonkortasun politikoa, segurtasuna eta hobekuntza ekonomikoa.

Hiru aldarrikapen horiek bat datoz gaur egiptoar gehienek eskatzen dutenarekin. «Demokrazia lortzeko ahaleginak larrutik ordaindu ditugu. Zulo beltz honetatik atera behar dugu orain», adierazi du Mohamed Hassan turismo gidariak. Hassan itxaropentsu dago Al-Sisiren iragarpenarekin: «Egiptok bide onera itzultzeko aukera du. Eskualdeko potentzia bat izango gara aurki».

Al-Sisik, ordea, ez du bere burua nazioaren salbatzailetzat aurkeztu nahi. «Mirakulurik ezin dut egin, baina gogor lan egingo dut krisi honetatik ateratzeko», agindu die harengan esperantza gehiegi jarri dutenei.

Itzala egingo dionik ez dago

Demokraziaren aldeko aldarrikapenak isildu egin dira estatu kolpearen osteko testuinguruan. «Azken hiru urtetako ezegonkortasun politikoak neka-neka eginda utzi ditu herritarrak. Egiptoko gizarteak barealdi bat nahi du, eta Al-Sisi fase berri horren sinbolo nagusia bilakatu da», esan du Xaterrek. Hala, egiptoarren artean ziurtzat jotzen da indar armatuetako buru ohia hurrengo presidentea izango dela. «Hauteskundeak aise irabaziko ditu,azken orduko ezustekorik ezean». adierazi du Adhan izeneko ekintzaile batek.

Al-Sisiri itzala egingo dionik ez dago, analista politiko gehienen ustez. «Zoritxarrez, sistema osoa bere alde dauka. Onartezina da hautagai batek bere iragarpena egiteko telebista publikoa erabiltzea», salatu du Ahmed Xarif izeneko gazte naserrista batek.

Hain zuzen, oposizioak gogor kritikatu du Al-Sisik iragan asteazkenean telebistaz emandako diskurtsoa. «Ondo zaindutako eszenaratze bat izan zen. Traje militarrarekin azken aldiz agertu, eta, fase berri bati hasiera emanez, emadazue aukera bat erregutu zigun egiptoarroi», uste du Xarifek. Itxura aldaketa hori aise nabaritu daiteke Al-Sisiren aldeko karteletan, izan ere, argazki berrietan zibilez jantzita agertzen da.

Hauteskunde kanpaina oraindik hasi ez bada ere, Egiptoko kaleak Defentsa ministro ohiaren posterrez josita daude. Arreta mediatiko horrek biziki haserretu du Hamdeen Sabahi, oraingoz, bozetan Al-Sisirekin lehiatzekoa den aurkari bakarra. Sabahiren Egiptoko Herritarren Korrontea alderdiak salatu egin du bi hautagaiek arreta bera jaso ez izana.

Islamisten erantzuna

«Hautagai desegokia, une eta toki desegokian», hala erantzun diote Anaia Musulmanek Al-Sisiren erabakiari. Mugimendu islamistak bere haserrea erakutsi du, eta «bozak egiteko testuinguru okerrena» dela irizten dio prentsa ohar batean.

Izan ere, Al-Sisiren iragarpenak bat egin du Anaia Musulmanen jarraitzaileen kontra hasitako makroepaiketekin. Iragan asteartean, Egipto hegoaldeko Minia probintziako auzitegi batek hiltzera zigortu zituen talde islamistaren aldeko 529 jarraitzaile. Polizia bat hiltzea eta gobernuaren eraikinei eta elizei eraso egitea leporatu diete kondenatuei. Anaia Musulmanek, berriz, frogarik gabeko «prozesu irregular» bat izan dela esan dute: «Egiptoko justizia sistema ustelak bi egunetan hartu du halako erabakia».

Miniako auzitegiak beste bi prozesu judizial hasi ditu Anaia Musulmanen jarraitzaileen aurka, eta, guztira, 2.150 lagun epaitzeko erabakia hartu du. Iazko abuztuan Kairon Rabaa al-Adawiya eta Nahdako kanpalekuak desegin ondoren sortutako istiluengatik epaituko dituzte.

Nolanahi ere, erabaki judizialak hautsak harrotu ditu Egiptoko gizartean. Kairon eta Alexandrian protestak izaten ari dira, eta atzo gutxienez pertsona bat hil zuten. Segurtasun indarrek Mayada Ashraf kazetari egiptoarra tiroz hil zuten, Ain-Xams auzoan islamisten eta poliziaren arteko liskarren berri izaten ari zen bitartean.

Iazko estatu kolpetik, 2.000 pertsona inguru hil dira, eta 20.000 preso politikotik gora daude Egipton, giza eskubideen aldeko erakundeek emandako datuen arabera. Egiptoko armadak trantsizio politikoa amaitutzat eman nahi du, presidentetza eta parlamenturako bozak egitearekin bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.