Eurena ez dute oparitu nahi

KAE 1 ligako azken estropada da gaur, eta Isuntzak eta Santurtzik jokoan dute San Miguel ligara igotzeko kanporaketan aritzea. Isuntzak lortua zuela zirudien, baina Santurtzi gainera etorri zaio.

Isuntzaren trainerua, joan den astean, ostegunean, Zarautzen, ziabogako lanari ekin berritan; puntu asko galdu zituzten gero igandean. GORKA RUBIO / ARP.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2013ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Santoña (Espainia), joan zen igande goiza. Traineruak estropadarako prestatzen. KAE 1 ligako ontziak dira. Azken-aurreko jardunaldia da. Ematen du goialdeko lehia guztia erabakita dagoela. Zierbenak eta Isuntzak esku-eskura daukate San Miguel ligara igotzeko kanporaketan aritzeko aukera. Isuntzak, esaterako, hamar puntu ateratzen dizkio Santurtziri, hirugarren sailkatuari.

Santoña, igande eguerdia pasatuta. Bukatu da estropada. Isuntzakoen aurpegietan kezka handia antzematen da. Santurtzikoak irribarrez daude. Inork espero ez zuena gertatu da. Santurtzik bandera irabazi berri du, eta Isuntza zazpigarren izan da. Ligako sailkapenean, bien arteko aldea lau puntu eskasean geratu da. Zierbenak bai, Zierbenak lortu du kanporaketan aritzeko aukera.

Bi sakelako telefonoren arteko komunikazioa. Atzo goiza. Josu Aboitiz, Isuntzakoen entrenatzailea ari da solasean BERRIArekin. Ia astebete pasatu da Santoñako sustoa pairatu zutenetik. Igande eguerdiko kopetilunak argitu egin zaizkie, ordea, Aboitizen hitzen arabera: «Susto handia hartu genuen. Ez genuen espero. Eta gaitz erdi, atera zen bezala atera zelako. Izan ere, zazpigarren egin genuen bezala egin genezakeen bederatzigarren». Isuntza, eta atzeko biak, Orio eta Ondarroa, bi segundo pasatxoan sartu ziren.

Asteko lehen entrenamendua. Isuntzakoen buruetan, kezka eta galderak. Galdera asko. Erantzuna aurkitu behar zaie aurrera egiteko. Ohiko jarduna dute azterketarena asteko aurreneko entrenamenduan, baina hau berezia da. «Aztertu egin genuen zer gertatu zitzaigun Santoñan. Kezkatuta geunden, ez zuelako azalpen errazik. Lasaitu egin ginen gero, aztertu eta gero. Ondorio hau atera genuen: ez zen gure hutsa izan». Teknikaz ari da hizketan: arraun egiteko eraz, traineruko neurriez... Beste zerbaitetan huts egin zuten: «Norabidea aukeratzean egin genuen kale. Askoz metro gehiago egin genituen». Ondorio hori atera berritan, lasaitasuna eta handia, gainera, Isuntzakoen aurpegietan.

«Arraunean ondo egin genuela ikusi genuen, baina ontzia ez zihoan behar bezala», jarraitu du Aboitizek. Ondorioak eta ondorioak atera, ondorengoa ere plazaratu zuten: «Santoñakoaren aurreko bi estropadetan, Santurtzin eta Zarautzen, bi lan on egin genituen; bietan, hogei minutu azpitik ibili ginen. Ezin zen izan Santoñakoa gure hutsa. Ez, behintzat, arlo fisikoan, hain egun gutxian ezin delako halako beherakadarik izan». Beste ondorio baikor bat. Igandekoari bueltaka, baikor izaten segitzeko arrazoi bat ere atera zuten: «GPSaren datuak ikusita, trainerua oso azkar ibili zela ikusi genuen».

Aste honetako beste egun bat. Isuntzakoen entrenamendua. Lasaitasuna eta konfiantza tostetan. Trainerua ondo doa. «Lasai gaude», dio entrenatzaileak. Baina kezka puntua ere badaukate. Camargo burura, hango eremua. Azkeneko estropada KAE 1 ligakoa, gaurkoa (18:30). Kale edo bale egin beharra. Lau punturen aldea nahikoa izango delakoan da Aboitiz: «Igandekoa istripua izan zen, eta ondo ari gara arraunean. Guk ezin dugu jardun Santurtziri begira. Gurea egin behar dugu, eta egiten badugu, lehen pausoa emango dugu: kanporaketan izatea». Konfiantza eta lasaitasuna. Baina Camargoko eremua... «Ai Camargoko eremua... Ez da egokiena. Hori horrela da, eta ezin da ezkutatu. Baina denboraldi osoan oso garbi izan dugu ez diegula kaleei begiratu behar, eta ez gara horretan hasiko; aurrera egin behar dugu eta kito!».

Ondo aztertu du gaurko eremua, eta ondorio bat atera du: «Luze batean eremuak kentzen dizuna bestean eman egiten dizu, eta horri eutsi behar diogu. Ez da, adibidez, Bilboko eremua bezalakoa». Nolabaiteko lasaitasuna ematen dio alde horretatik. Baita puntu aldeak ere: «Ez dira puntu bat edo bi. Lau dauzkagu alde, eta bada zerbait». Isuntzak ez dio oparitu nahi Santurtziri liga osoan eurena izan dena.

Behealdean ere, lehia estua

Gaurko estropadan, beste kontu bat ere erabakiko da: zein traineru ariko den KAE 1ean jarraitzeko kanporaketan. Azken-aurreko sailkatua izango da hori, eta Zarautz dago leku horretan behin-behingoz. Baina Oriok hainbeste puntu dauzka Zarautzek, eta bietako batek jokatuko du kanporaketa KAE 2ko bigarren eta hirugarren sailkatuarekin. Santoñan harrapatu zuen Oriok Zarautz, eta finala izango da gaurkoa bi traineruentzat. Txanda berean joango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.