Aspaldiko lagunen bilera

Laboral Kutxan jokatutako hiru jokalari ari dira egun Anadolu Efes taldean: Milko Bjelica montenegroarra eta Zoran Planicic eta Stanko Barac kroaziarrak. Gaur Gasteizen ariko dira.

Julen Etxeberria -

2014ko urtarrilak 31
Bosteko festa izango da gaur Buesa Arenan, Laboral Kutxaren eta Anadolu Efesen arteko partida hasieran eta amaieran. Aspaldiko lagun asko elkartuko dira kantxan, Gasteizko taldean jokatutako hiru jokalari ari baitira egun Anadolu Efesen: Zoran Planinic joko-antolatzaile kroaziarra, Milko Bjelica pibot montenegroarra eta Stanko Barac pibot kroaziarra.

Bjelicaren eta Laboral Kutxaren artekoa duela gutxi eten zen, jokalariak iazko urte amaieran Turkiara joatea erabaki zuenean. Bi hilabete iraun zuen Bjelicak Gasteizen egindako bigarren aldiak —2011-12ko eta 2012-13ko sasoietan ere jokatu zuen—. Montenegroarra urri bukaeran iritsi zen Gasteizera, taldean min hartuta zeuden barruko jokalariek utzitako hutsunea betetzeko. Hilabeterako sinatu zuen, eta lan ona egin. Horregatik luzatu zioten kontratua beste hilabetez. Hark berean jarraitu zuen. 11,5 puntu sartu eta bost errebote jaso zituen partidako ACB ligako eta Euroligako lehiak kontuan hartuta. Gasteizko taldeak kontratu luzeagoa eskaini zion orduan, baina ordurako Anadolu Efesek begi artean zuen.

Bjelicaren bide bera egin zuen 2011ko udan Baracek: Gasteiztik Istanbulera, hura ere Anadolu Efesera —Efes Pilsen zuen izena taldeak orduan—. Barac 2007ko udan iritsi zen Euskal Herrira. 21 urterekin, etorkizun bikaina iragartzen zioten. NBAko draft-ean ere izana zen. Baina heldu gabe zegoen, eta Gasteizko taldeak Valentziari uztea erabaki zuen. Urtebete egin zuen han, eta itxura txukuna eman. Horri esker egin zuen toki bat Baskonian. Gasteizen, ordea, gorabeheratsu aritu zen hiru urtez. Partida oso onak jokatu zituen, baina baita edonor ernegatzeko modukoak ere. Hori eta Turkiako taldeak eskaini zuen dirua —milioi bat euro inguru— nahiko arrazoi izan zen klubeko kirol ordezkariek haren salmentari baiezkoa eman ziezaioten. Ez dira egindakoaz damu, Turkian ere oreka topatu ezinik jarraitzen baitu Baracek.

Dirua ere izan zen Planinicek Gasteiz utzi izanaren arrazoi nagusia. Kroaziarrak bi urtez jokatu zuen Baskonian, 2006tik 2008ra. Haren gidaritzapean ACB liga bat eta Espainiako bi Superkopa irabazi zituen taldeak. Gasteizen jokatutako bi denboraldi horiek mesede handia egin zioten, haren jokoak nabarmen egin zuelako gora. Horrek, noski, izan zuen ondoriorik: Europako talde indartsu askok haren atea jotzea. Azkenean, CSKA Mosku izan zen hura fitxatu zuena. Bi urte egin zituen bertan, eta Errusiako beste talde batera joan, Khimkira. Han hiru urtez jokatu ondoren iritsi da Istanbulera. Planinic izan da, hain zuzen ere, azken astean protagonista, Emporio Armaniren aurka azken segundoan hogei metrotik saskiratze ikusgarria sartu eta haren taldeari garaipena emanda.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna