Futbola. Europako Ligako finalerdiak: Sporting Lisboa-Athletic

Bihotza buruan

Sporting Lisboako entrenatzailea da Ricardo Sa Pinto, Realeko jokalari ohia. Odol berokoa da, eta jokalariek dena ematea da haren filosofiaren oinarria.

Aitor Manterola -

2012ko apirilak 18
Jokalari denek entzun dute noizbait aldarri itxurako aholku hau: «Bihotza bero, eta burua hotz!». Ricardo Sa Pintok ere bai, jokalari izan zen neurrian. 1991tik 2007ra zenbat bider ez ote zuen entzungo?

Gero, jokalari bakoitza bere-berea izaten da, eta aholkuak betetzen dituzten bezala hainbatek, beste zenbaitek bereari eusten diote. Sa Pintok ez zuen inoren aholkurik behar bihotza bero edukitzeko. Berez da bihotz berokoa. Burua hotz izateko aholkuaz ezer gutxi jakin nahi izan du, eta bihotzak agindu dio buruari.

Bihotza. Zuria, berdea eta beltza. Sporting Lisboakoa. Izanez eta izatez. Jaio zen egun beretik, gainera. 1972ko urriaren 10ean ikusi zuen mundua aurrenekoz. Egun berean jaio zen, 87 urte lehenago, Jose Alvalade, Sporting Lisboaren sortzailea eta lehen bazkidea. Sa Pintok bihotzean dauka talde zuri, berde eta beltza.

1994an egin zuten bat. Orduan jokatu zuen aurrenekoz bihotzeko taldean. Berehala maitemindu zituen zaleak. Izaera bizikoa izanik, dena ematen zuen zelaian. Bihotza uzten zuten horietakoa zen. Zaleen kutun bilakatu zen berehala. Bere izenarekin eta bihotzarekin jolas eginez, azkar jarri zioten ezizena: Ricardo Coração de Leão (Rikardo Lehoi-bihotza). Baina dena eman behar horretan, ahaztu egiten zitzaion burua hotz izatea. Beti bihotza bero. Beti bihotza buruan. Izaera horren eraginez, istilu handia izan zuen Artur Jorge entrenatzailearekin.

1997ko martxoaren 27an izan zen, Belfasten (Ipar Irlanda). Portugalgo selekzioko orduko entrenatzaileak, Artur Jorgek, salatu zuen Sa Pintok jipoitu egin zuela. Sa Pintok gezurtatu egin zuen. Azkenean, zigortu egin zuten jokalaria. Urtebetez jokatu ezinik egon beharko zuen. Eta orduan azaldu zen Reala. Orduan, edo lehenago. Fitxatu egin zuen egungo hiru milioi euro baino gehixeago ordainduz, eta gerora jakin zen zigortu egingo zutela. Realak taldean segitzeko aukera eman zion, hala ere, eta 1997-1998 denboraldia Zubietan entrenatzen soilik igaro zuen.

Izar izaerarekin fitxatu zuten txuri-urdinek. Portugalgo jokalari onenetakoa zen, eta taldea indartzeko ezaugarri denak zeuzkan. Realaren inguruan hainbeste erabiltzen den definizioa bete-betean zetorkion bat: «Etxekoen ezaugarriak hobetzen dituen atzerritarra». 1998an hasi zen jokatzen, baina gauza bat zela, bestea zela, ez zuen lehengo mailarik eman. Bi denboralditan, 70 partida jokatu zituen, eta sei gol bakarrik sartu.

Gol horietako batek zaleen buruan segitzen du. Golak bainoago, ospakizunak. Biharko aurkari bera zeukan parean: Athletic. Derbia. 1998ko udazkenaren hasiera zen, eta Anoetan ziren aurrez aurre bi taldeak. Realak irabazi zuen, 3-1, eta 2-0eko gola Sa Pintorena izan zen. Darko Kovacevic eta biak aulkira joan ziren, eta txapel bana eman zieten. Jantzi egin zituzten, eta horrela ospatu zuten gol hura. Behingoagatik, bihotzaren ordez, beste zerbait ipini zuen buruan.

2000. urtean, Reala utzi eta etxera itzuli zen. Bihotzeko Sporting Lisboa zeukan zain. Sei denboraldi bete zituen, eta 2006an futbolari agur esateko ordua heldu zitzaiola ematen zuenean, ezusteko erabakia hartu zuen. Harridura eragin zuen futbolaren munduan: Standard Lieja Belgikako taldeak fitxatu zuen. Joan zen Portugaldik urrun, baina bihotzean eraman zuen bere betiko taldea. Eta zaleak ere bai. Liejan 76 zenbakiarekin jokatzea erabaki zuen. Bihotzak agindu zion buruari, beste behin. Juventude Leonina zaleen taldea 1976an sortu zenez, hainbeste maite zuten zaleei omenaldia egitea erabaki zuen, bere herrialdeko mugetatik aparte egonagatik.

Denboraldi bakarra egin zuen Standard Liejan. 2007tik 2009ra ez zen haren berririk izan. Hain justu, 2009ko azaroan iragarri zuen Sa Pintoren bihotzeko taldeak hura zela futbol profesionalaren arduraduna, kirol zuzendaria. Baina ez zuen asko iraun: bi hilabete. Beste gertakari ilun bat tarteko, lan hura utzi zuen. Liedson da Silva Muniz Sporting Lisboako jokalariarekin eztabaida handiren bat izan zuen, eta elkar joka ere ibili omen ziren. Bihotza bero berriz ere Sa Pintok.

2010eko udan, entrenatzaile lanetan murgildu zen, Uniao Leiria taldean. Bigarren entrenatzaile izatearen ardura hartu zuen. Baina bihotzak ez zion utzi agintzeari, eta urtebete geroago, Sporting Lisboak deitu zionean, han joan zen bere betiko taldera. Bigarren taldeko entrenatzaile izendatu zuten. Lan horretan ari zela, duela bi hilabete eskas, otsailaren 13an, eskaintzarik onena eduki zuen: Sportingeko lehen taldeko entrenatzaile izatekoa. Nola esan ezetz!

Eta horretan dabil orain. Jokalariei erakutsi die futbolean jokatzeko oinarrizko ezaugarria zein den: borroka eta lana. Taldeak hobeto edo okerrago jokatuko du, eredu batekin edo bestearekin, baina honetan ez dago zalantzarako tarterik: dena ematen dute partida guztietan. Lehiakorrak dira erabat Portugalgo lehoiak. Sa Pinto jokalariaren ezaugarriak txertatu dizkie Sa Pinto entrenatzaileak.

Bihar, Athletic izango du aurkari berriz ere. Ia hamalau urte geroago elkar ikusiko dute. Bihar golen bat sartzen badu bere taldeak, ez du txapelik jantziko. Ziurrenik, zelaira aterako da, edo mugan geratuko da. Baina bihotzez ospatuko du, burua hotz izatea ez baita bere izaerarekin bat datorrena. Gustura entzungo genuke jokalariei zer esango dien jokatzera atera aurretik. Eskatuko al die burua hotz edukitzeko, entrenatzaile den aldetik?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna