Akelarre modernoa izan da

Crystal Fighthers talde ingelesak 'Cave Rave' azken diskoa aurkeztu du ofizialki Zugarramurdiko kobazuloetan. Kontzertu ona eskaini dute horretarako, eta publikoak ederki erantzun du.

Sebastian Pringle, ostegun gauean, Zugarramurdiko leize-zuloko emanaldian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Zugarramurdi
2013ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Gutxitan ikusi da jendea modu horretan dantzan. Entzule batzuk deabruak hartuta egongo balira bezala jauzika eta burua astintzen kontzertu hasieratik amaieraraino. Abesti bakar batean ere atsedenik hartu gabe. Herenegun Crystal Fighters ikusten Zugarramurdin (Nafarroa) egon zirenek akelarre baten gertuko zerbait bizi izan zutelako sentipena izan zuten. Berezia izan baitzen, inondik inora, ingelesek herriko kobazuloan eskainitako ikuskizuna. Berezia inguruarengatik, haitzulo batean kontzertu bat ikustea erabat ezohikoa delako, eta berezia Crystal Fightersek ezer baino gehiago zuzeneko talde bat dela erakutsi zuelako. Indar handia dute taula gainean, eta energia izugarria transmititzeko gai dira. Publikoak bere egin zuen energia hori, eta iraganean sorginek akerbeltza gurtzen zuten modura gurtu zituzten musikariak.

«Zugarramurdin jotzea betidanik izan da gure ametsa», adierazi zuen Sebastian Prinble taldeko abeslari eta buruak. Cave Rave bigarren lana kaleratu dute aurten, eta diskoaren mundu mailako aurkezpen ofiziala egiteko jo zuten Zugarramurdin. Festa pribatu baten itxura hartu zuen, hala, haitzuloak, herenegun. 450 lagunek bakarrik zuten sartzeko aukera; horietatik 150 herritarrak ziren, eta 80 kazetariak. Aste batzuk lehenago jarri ziren salgai sarrerak, eta ordu gutxitan amaitu ziren. Streaming bidez ere ikusi ahal izan zen. Askotariko jendea zebilen kobazuloan. Ezpainak gorriz pintatutako dezente eta era guztietako alkandorak ikus zitezkeen. Euskara eta gaztelania bezainbeste ingeles entzuten zen.

«Hemen gaudenak modernoak gara», esaten zion txantxetan Beñat Izagirrek Markel Anasagasti lagunari. Biak euskaldunak dira, baina atzerrian bizi dira orain. Ezin, ordea, Zugarramurdiko kontzertua galdu. Bi emakume gerturatu zitzaizkien halako batean, bizarrei argazkiak ateratzen ari zirela eta ea animatzen ziren galdezka. Baiezkoa eman zieten. «Bartzelonan Razzmatazz aretoan Crystal Fightersekoekin panderoa jotakoa naiz ni. Ea entzuleen artean norbait animatzen zen galdetu, eta ni igo nintzen taula gainera», azaldu zuen Anasagastik.

Londreskoak diren arren, Euskal Herriarekiko eta hemengo musika instrumentu tradizionalekiko begirune izugarria dute Crystal Fighterseko kideek. Taldekide ohi baten aitonak Nafarroan baserri bat zuen, eta bertan aurkitutako eskuizkribu batetik hartu zuen izena taldeak. Eskuizkribua amaitu gabeko opera bat zen, eta horren eraginez hasi ziren euskal musika ezagutzen. Txalaparta, txistua eta danbolina erabiltzen dituzte euren abestietan, eta hori ikusi ahal izan zen kontzertuan ere. Ia hamaikak zirenean, hitzartutakoa baino ordu erdi geroago, bi txalapartari igo ziren kobazuloaren gain batean jarritako oholtzara. Elkarren alboan jarritako txalapartekin jolastuz, erritmo eta intentsitateak bortizki aldatuta publikoa piztu egin zuten. Horren ondoren atera ziren Crystal Fighterseko musikariak.

Solar System Star Of Love lehen diskoko abestiarekin ireki zuten kontzertua. «Pais Vasco to San Francisco» esaldia behin eta berriz errepikatuz. Ondoren iritsi ziren Calling, Separator, I love London eta You and I abestiak, batzuk aipatzearren. Disko zaharreko eta berriko kantuak tartekatu zituzten, eta hain berezkoa duten estiloan mugitu ziren; folk tribala eta elektronika nahastuz, eta tarteka popa ere ukituz. Doinu horietan noizbehinka protagonismoa hartzen zuen txalapartak. Ikusgarria izan zen instrumentua abestietara zein ongi egokitzen zuten, makilak bateriako makilak balira bezala egurraren kontra indartsu joz.

Kontzertuak Plage abesti alaiarekin jo zuen goia. Ordurako jendea etenik gabe dantzan ari zen aspalditik, baina zoramena oraindik eta gehiago handitu zen. Prinble abeslaria ere batetik bestera mugitzen zen oholtzan bere onetik aterata bezala. Eta energia. Energia izugarria transmititzen zuten. Euren letrek islatzen duten baikortasun eta bizipoz bera. Oholtza gaineko indarra publikora iristea lortu zuten, eta inguruaren edertasunak eraginda ziurrenik, akelarre batean baleude bezala sentitu ziren ikusle asko.Xtatic Truth abestiarekin amaitu zuten cave rave edo haitzuloko festa.

Wilhem eta Belako hasteko

Crystal Fighthersen aurretik ere, egon zen musikarako tartea. Wilhem And The Dancing Animals seikote nafarra igo zen lehendabizi oholtzara. Iaz kaleratu zuten The War of the Specials lehen lana, eta diskoko abestiak jo zituzten, indie folkeko doinu gozo eta leunetan jardunez gehienbat. Emanaldi txukuna osatu zuten. Publikoa oraindik lozorroan zegoen, ordea, eta giroa ez zen erabat berotu.

Belako arduratu zen horretaz. Mungian finkatutako laukotea da Belako. Gazteak dira, baina erakutsi zuten oholtzan ez direla kikiltzen. Iaz Gaztea Maketa lehiaketa irabazi zutenetik etenik gabeko gorakadan daude. Aurten, Jazzaldian jo dute, esaterako. Eurie euren lehen diskoko abestiak, kanta berri batzuekin tartekatu zituzten. Pop koloretsutik —Southern Sea (Beautiful World)— post punkeko gordintasunera —Zaldi Baltza, Sea of Confusion—ederki egin zuten jauzi. Ahotsa eta instrumentuak tarteka aldatuz, oholtza gainean presentzia handia dutela erakutsi zuten. Emanaldi dotorea izan zen, eta publikoak erantzun zuen. Geroago iritsi zen zoramenerako eta akelarrerako beroketa ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.