'Herriko tabernen' auzia. Epaiketa Madrilen

Batasunak «irizpide propioa» zuela azaldu du Rufi Etxeberriak

PSOEk Suitzako bileretan Batasuna eta ETA bi mahaitan bereizi zituela ekarri du gogora Etxeberriak, gauza bera ez diren seinaleAkusatuak deklaratzen hasi dira, lauk egin dute, eta astelehenean segituko dute

Karmelo Landa, Jon Gorrotxategi eta Rufi Etxeberria, epaiketaren aurreneko egunean. MARTA JARA / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2013ko urriaren 19a
00:00
Entzun
«Irizpide propioa genuen. Zuzendaritzak eztabaidatu eta hartu izan ditu erabakiak, beti». Hala esan zion Rufi Etxeberria auzipetuak Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiari HB, EH eta Batasuneko mahai nazionalen eta ETAren arteko harremanari buruz. 35/02 edo herriko tabernen auziko epaiketa atzo hasi zen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta deklaratu zuten lau auzipetuek ukatu egin zuten ETArekin inolako loturarik eduki izana. Ez dira ETAk aginduta aritu, eta ezta beste inork aginduta ere. «Talde terroristako» kide izatea edo hari laguntzea egotzita zigortu nahi dituzte Fiskaltzak eta herri akusazioak.

Gainera, horretarako arauak hautsi behar badira, horretarako ere prest agertu ziren atzoko saioan Vicente Gonzalez Mota eta Marcelo Azkarraga fiskalak. Egin ezin daitekeen arren, akusatu bakoitzaren deklarazioaren ostean haiek prozeduran egindako beste deklarazio batzuekin zeuden «kontraesanak» azpimarratzeko hitza hartzen saiatu ziren. Epaileak ez zien utzi, ordea, argi esanez ez dela horretarako garaia.

Atzo hasi zen, azkenean, epaiketa, Madrilen, Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan. Zortzi bat auzipetuk deklaratuko zuten itxaropenez sartu ziren auzitegira, baina lauk besterik ez zuten deklaratu: Idoia Arbelaitzek, Bixente Enekotegik, Jon Gorrotxategik eta Rufi Etxeberriak. Izan ere, hasteko ordua 10:00etan bazuen ere, 11:00etan hasi zen saioa, eta 13:30ean amaitutzat eman zuen epaimahaiak. Defentsak bazekien 14:00ak aldera amaituko zela saioa, halaxe ohartarazi baitzien Angel Hurtadok, Julio de Diegok eta Clara Bayarrik osatutako epaimahaiak. Auzi saioak dauden egunetan goizez bakarrik arituko direla jakinarazi zien, gainera, eta 14:00ak alderako amaitzen saiatuko direla beti, aurreikusitakoa bete edo ez.

Luzea aurreikusten zen epaiketa arintzeko beste modu bat proposatu zuen Hurtado epaileak: auzipetuek gaztelaniaz deklaratzea, eta ez euskaraz egin ostean itzultzen ibiltzea —gainera, normalean arazoak izaten dira itzultzaile eta itzulpenekin—. Arbelaitz deklaratzen hasi zenean argi erakutsi zuen: «Azkarrago ulertuko dugu elkar gaztelaniaz egiten baduzu», esan zion. Arbelaitzek erantzun zion gaztelaniaz deklaratzeko asmoa zuela, baina joera erabat euskaldunagatik balitekeela hitz batzuetan estropezu egitea. Hala gertatu zen, baina Kepa Landa abokatuaren laguntzarekin moldatu ziren. Itzultzaileari adi egoteko ere esan zion epaimahaiburuak, Arbelaitzi laguntzeko. Hark auzipetuaren alboan egoteko eskatu zion, errazago egingo zuelako itzulpena. Epaileak esan zion ulertzen zuela, baina han ez zegoela lekurik. Bere lana behar bezala egiteko; «horretarako zaude hemen».

RUFI ETXEBERRIA

«Garzonek berak onartu zigun: jarduera politikoa egiteko eskubidea geneukan»

Argi esan zuen Rufi Etxeberriak baietz, jarduera politikoan aritu dela. Bai HBko eta bai Batasuneko mahai nazionaletan egon dela, eta haiek legez kanpo zeudela ere egin duela politika, ezker abertzaleko beste askok bezala. Baina, hori egin zezaketela nabarmendu zion epaimahaiari Iñigo Iruin abokatuaren galderei erantzunez: «Jarduera politikoan libreki aritzeko eskubidearen subjektuak ginen eta gara». Eta gogora ekarri zuenez, halaxe esan zien 2006 eta 2007 artean ateratako auto batzuetan Baltasar Garzon epaileak ere, zeinak 35/02 auzia hasi zuen. Gainera, jarduera erabat publikoa egin zutela nabarmendu zuen, ez zirela ezkutatu.

Hain justu, Batasuna legez kanpo zegoen garai hartako jarduera politikoan dago auziaren tesia indargabetzen duten gakoetako bat. Batasuna legez kanpo zegoela, 2006aren buelta hartan ezker abertzalearen jarduera politikoak zilegitasuna lortu zuela nabarmentzeko hiru gertaera ekarri zituen gogora: ezker abertzalearen negoziazio taldeak —hango kide zen Etxeberria— PSE-EEko kideekin 2006ko ekainean Donostian egindako bilera; 2006an Azpeitiko Loiolan EAJ zein PSE-EEkoekin izan zituzten negoziazioak; eta 1997ko maiatzean Suitzan egindako negoziazioak. Suitzako bilera haietan PSOEren esku zegoen Espainiako Gobernuak eta ETAk mahai batean negoziatzen zutela azaldu zion epaimahaiari, eta ezker abertzaleak eta PSE-EEk beste mahai batean egiten zutela. Beraz, Espainiako Gobernuak berak bereizi egiten zituen ETA eta ezker abertzalea. Onartu egiten du ez direla gauza bera. Gauza bera balira, guztiekin batera biltzea nahikoa izango baitzuen.

2002an atxilotu eta inkomunikatu ostean Garzonen aurrean egindako deklarazioa berretsi zuen Etxeberriak atzo, eta nabarmendu zuen akusazioek bere kontra egiteko txostenak ez zituela ordura arte ezagutzen.

Herriko tabernen koordinazio batzordeko kide izatea ezinezkoa dela azaldu zuen; «batzorde hori osatu ere ez zen egin». Eta ukatu egin zuen ETAren iraultza zerga deiturikoaren kobraketan lagundu izana ere.

JON GORROTXATEGI

«'Herriko tabernetatik' ez zen dirurik joaten HBra»

Fiskalak egozten dion bezala, 1998-1999tik 2002ra arte HBko diruzaina izan zela onartu zuen Jon Gorrotxategik. Horretan bakarrik eman zien arrazoia akusazioei; izan ere, diruzain gisa herriko tabernen batzorde nazionaleko kide izatea eta «Aberatsen Batzordeko» kide izatea ere egozten dizkio. Bi horietako inor ez duela inoiz ezagutu esan zuen, ordea, Gorrotxategik. Akusazioen arabera, herriko tabernek HB, EH eta Batasuna finantzatzen zituzten. Hori «inoiz» ez dela gertatu azaldu zuen Gorrotxategik, eta erraz frogatu daitekeela ohartarazi zuen, alderdiaren kontu korronteak eta haietako mugimendu guztiak auzitegiaren esku daudelako. Koalizioak batik bat erakundeetatik zetozen diru sarrerak zituen. Hautetsien bidez lortutakoak, diru laguntzak, eta abar.

Herriko taberna bakoitzak bere funtzionamendua duela nabarmendu zuen Gorrotxategik, eta ez zutela loturarik batak bestearekin. Haietako kide izateko HBkoa izatea ez dela beharrezkoa ere argitu zuen, eta gogora ekarri zuen «herritarren batasuna» zela HB, eta alderdiko karnetik existitu ere ez zela egiten. Herriko tabernak eta elkarteak ez zirela HBren jabetza nabarmendu zuen, bazkideekin osatuta zeudela, eta haiek hartzen zituztela beraien erabakiak. Beraien egiturak dituzte, beraien batzarrak, zuzendaritza... HBko kideek bilerak egiteko-eta erabiltzen zituztela azaldu zion epaimahaiari Kepa Landak egindako galderei erantzunez, baina, ez zirela beraien jabegoa.

BIXENTE ENEKOTEGI

«Neure kabuz sortu nuen Eneko SA, inork agindu gabe»

Eneko SAren sortzailea da Vicente Enekotegi. Akusazioaren arabera, ETAren «udaletxe proiektuaren» barruan sortu zen enpresa hori, erakunde armatua finantzatzeko. Zehazki herriko tabernen gestiorako sortu zela dio. Hori dena gezurra dela azpimarratu zuen, ordea, atzo Bixente Enekotegik. Aurrena autonomo gisa hasi zela eta gero SA bat sortu zuela azaldu zuen. Inork agindu gabe, bizimodua aurrera ateratzeko. Ostalaritzako materiala saltzen zuen, eta ez herriko tabernetara bakarrik. Batzokietara ere saldu zuen, adibidez, eta Guardia Zibilari ere bai.

Alberdi Artetxe enpresarekin zer harreman zuen ere galdetu zion Landak Enekotegiri. Eneko SAren banaketa lanak batik bat Alberdi Arretxek egiten zituela azaldu zuen. Eta Banakak kudeaketan laguntzen ziola, aholkularitza lanak egiten zizkiola.

IDOIA ARBELAITZ

«Eustatzan ez zeuden 'herrikoak' bakarrik, eta 'herriko' denak ez zeuden han»

Idoia Arbelaitz zinegotzia izan zen Errenterian 1995etik 1999ra arte, eta Batasunean lanean ere aritu zen, 2000. urtean kontratua egin ziotenetik aurrera, urtebete inguruan. Ekonomia eta kultur arloetan lan egin zuen, epaimahaiari azaldu zionez.

Eustatza elkartean ere aritu zen. Eustatza herriko tabernen koordinaziorako zela dio fiskalak, baina hori ukatu egin zuen Arbelaitzek. «Elkarteen elkarte moduko zerbait» zela onartu zuen Landaren galderei erantzunez, baina ez zela herrikoen elkarte bat. Hango kide batzuk herrikoak zirela, baina denak ez zirela hala dio, eta zeuden elkarte denak ez zirela herrikoak.

Eustatzan zer egiten zuten galdetuta, ikastaroak-eta egiten zituztela azaldu zuen: adibidez, nola atera kafe on bat, edo pezetatik eurorako aldaketa egin zenean, txanpon eta billete berriei buruzkoa ere egin zutela dio. «Behar eta arazo berdinak» zituzten elkarteen artean osatu zuten Eustatza, soluzioak emateko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.