Lanean etxeaz, etxean lanaz

Lanaldi bikoitzak kalte egiten dio andreen osasunari, estresa areagotzen duelako eta atseden hartzea oztopatzen. Ariketa fisikoa egiteko denbora ere kentzen die.

Maite Asensio Lozano.
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Lantokian daudenean, etxeko beharrizanetan pentsatzen dute, eta etxean daudenean, laneko egitekoez gogoratzen dira. Hor ere, lan baldintzek osasun fisiko eta psikikoan eragiten dute: andreen lanaldi bikoitzak nekea eta estresa areagotzen ditu. Izan ere, etxeko ardurek emakumeengan tentsio handiagoa sortzen jarraitzen dutela azaleratu du Suedian egindako ikerketa batek, hau da, Europan parekidetasun adierazle onenak dituen herrialdeetako batean. Enpresa batzuetako zuzendaritza taldeetako gizonek eta emakumeek hormonen jario eta tentsio arterial desberdinak agertu dituzte lanean eta etxean, bi esparruotan antzeko baldintzak izan arren.

Zehazki, azterlanaren emaitzek diote gizonei goizez igotzen zaiela tentsioa, lantokian daudenean, eta emakumeei arratsaldez, etxean daudenean. Loan eragina du horrek: gauez adrenalina, kortisol eta antzeko hormona gutxiago isuri behar dira kalitatezko atsedena hartu ahal izateko, baina estres egoeretan jarioa handitzeak nekea ekar dezake asko baino lehen. Ez hori bakarrik: gaixotasun kardiobaskularretarako arrisku faktorea da estresa.

Lanaldi bikoitza, gainera, beste hainbat osasun arazoren jatorria da. Lanez gainezka dauden emakumeek ez dute kirola egiteko astirik: gizonek baino ariketa fisiko gutxiago egiten dute adin tarte guztietan, baina aldea nabarmenagoa da umeak edo adinekoak zaintzeaz arduratzen diren garaietan. Emakunderen 2009ko datuen arabera, 26 eta 49 urte arteko andreen %50ek baino gutxiagok egiten dute kirola (gizonen %60k baino gehiagok), eta 50 eta 64 urte artekoen %25ek (gizonen %57k).

Loditasuna eta hezurretako arazoak eragin ditzake sedentarismoak. Alegia, luzera begira, emakumeen bizi-kalitatea okertuko duten gaitzei bide ematen die. Ondorioa, sarritan errepikatzen den esaldia: andreak luzeago bizi dira, baina okerrago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.