Maite Asensio Lozano. BERRIAko kazetaria

«Arazo askotan dago generoa; hori ikusarazi behar dute hedabideek»

Garikoitz Goikoetxea.
Usurbil
2014ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Maite Asensio Lozano BERRIAko kazetariak (Bilbo, 1983) jaso du prentsako saria, berdintasunarekiko konpromisoz egin lanagatik.

Hedabideetatik zenbateraino egin daiteke parekidetasunaren alde?

Mugimendu feministaren kezka handietako bat dira hedabideetatik igorritako mezuak. Fikziozko produktuak estereotipo sexistaz josita daude; indarkeria sexista naturaltzat jotzera heltzen dira batzuk. Hedabideek, oro har, ez dute genero ikuspegia txertatuta; kezkagarria da, adibidez, indarkeria matxistari zer tratamendu ematen dioten. Hedabideak oso garrantzitsuak dira sozializazioan eta balioen hedakuntzan, eta ezinbesteko egitekoa dute. Generoa eguneroko arazo eta gatazka askotan dago. Hedabideek lagundu behar dute hori ikusarazten.

Gaiari behar adinako garrantzia ematen zaio komunikabideetan?

Oro har ez, baina badago dikotomia bat: erreportajeetan, kazetariek sakontzeko denbora gehiago dutenean, genero gaien inguruko lan onak egiten dituzte ia hedabide guztiek; baina albisteetan, presaka lantzen diren testuetan, genero ikuspegia desagertu egiten da. Indarkeriaren tratamendua da kezkagarriena: ez da arazo politiko gisa hartzen, ez da desberdintasunekin lotzen. Hedabideek ardura handia dute; askok badakite ez direla ondo ari. Talde feministek eta erakundeek gomendioak eman dituzte, baina batzuek morboa eta horikeria lehenesten segitzen dute. Borondate kontua da.

Nola jorratu genero indarkeria?

Arazo sozial eta politiko gisa. Genero indarkeriaren oinarrian desberdintasuna badago, ezin da bortizkeria justifikatu, haserrealdi batekin edo zeloekin lotu. Kazetaritzak arazoen erroetara jo behar du: gizonen eta emakumeen arteko desorekak eta botere harremanak agerian jarri behar ditu.

Kazetarien heziketa falta da?

Bai. Kazetaritza ikasketa gehienetan ez dago ikasgairik genero ikuspegiaz edo feminismoaz. Baina unibertsitatetik aurrera ere bada trebatzeko aukera, beste arlo batzuetan egiten dugun bezala; etengabe ikastea kazetarion lanaren barruan dago. Arazoa da hedabide gehienetan ez dagoela berdintasunean espezializatutako kazetaririk. Borondate kontua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.