Poesiari eskainitako plaza

Ehunka pertsona hurbildu da Eara, aurten hamargarren aldia duten Poesia Egunetako errezitaldi eta ekitaldiak ikusteraAurten zaharberritutako burdinolarako ibilbide literarioa sortu dute urteurrenean

Ehunka pertsona izan zen atzo Eako Poesia Egunetan, eta eguerdian herriko burdinolara egindako ibilbidea izan zen ekitaldi jendetsuenetariko bat. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Ea
2013ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
«Kalean dabilen zerbait da poesia». Federico Garcia Lorca ez zen inoiz Ean izan (Bizkaia), baina bete-betean asmatuko zukeen esaldi horrekin bertako giroa deskribatzen. Hamargarren urteurrena bete dute aurten Poesia Egunek, eta urteurrena biribiltzeko, herriko plaza bete zuten atzokoan poesiazaleek. Gabriel Arestik idatzitako hitzaldi batekin hasi ziren ekitaldiak, ostiralean, eta ehunka pertsona elkartu zen atzo errezitaldi, musika emanaldi eta ibilbide literarioz gozatzera. Bazebilen zerbait kalean.

Gizartearen eta poesiaren arteko lotura. Hori izan da aurtengorako hautatu duten ardatza, eta gai hori izan zuen mintzagai Fabiana Boer poeta eta antzerkigile argentinarrak atzo. Donostian bizi da orain dela hilabete batzuz geroztik, eta bera izan da aurtengo idazle gonbidatua. Artea gizartea aldatzeko tresna gisa: sormena eta talde-indarra izeneko hitzaldiarekin hasi zuen egitaraua goizean. Sorkuntzaren eraldaketarako gaitasuna defendatu zuen udaletxeko aretoan, zeina jendez beteta zegoen, eta adibide praktiko sorta bat ere eskaini zuen. Hasieratik azaldu zuen argi bere iritzia. Lehen esalditik: «Sortzea erresistitzea da. Erresistitzea, sortzea».

Artearen eta aktibismo politikoaren bidegurutzean jarri zuen begia. «Lagun hurkoaren mina sentitzeko eskubidea» aldarrikatu, eta arteak «gizaki izatearen lotsa» kudeatzen lagun dezakeela azaldu zuen. «Artea etortzeko den bizitzarako entsegu bat da». Iraultzailea dela, alegia, «bizitzak askatzen dituelako». Azaldu zuenez, kontsumitzaile nahi du sistemak pertsona, eta sorkuntzak lagundu dezake pertsona eragile bilakatzen.Eskain diezazkioke gizarte bidegabe bati aurka egin ahal izateko tresnak. Eta hor topaketa. Izan ere, beste hitz batzuekin eta beste hizkuntza batean, baina Arestik esandako bera esan nahi izan zuen Boerrek: poesia badela mailu. «Ez dago bere kanta ez duen iraultzarik».

Poesiaren indarra

Etengabea izan zen Arestiren erreferentzia bestela ere. Haren itzalpean sortu ziren Poesia Egunak, eta haren gerizpean jarraitzen dute egun ere. Hamar urteren ostean. «Poesiaren indarra aldarrikatzea da gure asmoa». Esaldi horrekin laburbildu zuen Karmelo Landa EHUko literatura irakasleak Poesia Egunen asmoa. Urteurrena borobila izanik, ordea, lehen aldia ereizan zuen gogoan, eta berriz ere Aresti aipatu behar. Landaren hitzetan, Arestiri «babesa» eskaintzea izan baitzen antolatzaileen lehen asmoa. Gogo horrek abiatu omen zuen jaialdia. «Bilboko Udalak oso baldar jokatu zuen harekin, eta guk babes bat eskaini nahi izan genion herrian». Ez zen debaldekoa idazlearen aipamena. Bertan eman zituen idazleak bere bizitzako azken bi urteak, eta, Landaren hitzetan, «babesleku bat» eskaini zion herriak.

Jaialdiarekin hasi, eta hamar urteren ondoren positiboa da Landaren balorazioa: «Egun oso bizirik eta indartsu dago poesia Ean, eta, oro har, baita Euskal Herrian ere. Erdal poetak etorri izan direnean, adibidez, harrituta gelditu dira hemengo bizipen poetikoekin». Karmele Larrinaga Herrijari Emon Arnasa taldeko kidea ere pozik mintzo zen atzo. Lanpetuta, baina pozik. «Batzuetan pentsatzen duzu ez zarela helduko, eta galduta zaudela, baina oso poz handia da guretzat urtero ekitaldi bakoitzean jende kopuru dezente bat biltzen dugula ikustea». Beteta zeuden aparkalekuak, esaterako.

Eguerdikoa izan zen eguneko ekitaldi nagusietariko bat. Aurten berritu dute herriko burdinola zaharra eta hara doan bidea, eta baliatu egin zuten lan hori antolatzaileek. Ibilbide literario eta artistikoa izan zen bertan. Eta literatura eta memoria uztartu zituzten hala. Espresuki jaialdirako sortu zuten emanaldia, eta herritarrek irakurri zituzten beren herriko historia txatalak biltzen zituzten testuak. Denborarekin bazterrean gelditutako bidean ibiltzen ziren eatarren nondik norakoak izan zituzten gogoan. Haien lanak, erbestea, gerra... «Izan ere, bideetan barrena gabiltzanean, ez al gabiltza akaso beste batzuen oinek, itzalek, ahotsek utzitako arrastoen gainean?»

Baina ez zen irakurketa soila izan. Idoia Beratarbide artistak instalazio bat prestatu zuen herritik olarainoko biderako. Burdinola berritzen ari zirela bertan aurkitutako zapata zaharrak jarri zituen bide ertzeetan pilatuta, adidibez, eta testuz betetako orri batzuekin egindako paperezko itsasontziak ere jarri zituen putzuetan. Olara helduta Joxemari Karrerek idatzitako Zapatak bakarrizketa eskaini zuen Ainhoa Alberdi aktoreak. Zapata piloaren erdian emakume bat, bere haurtzaroko ametsak eta gerrak ekarritako izua kontatzen. Memoriaren aldeko aldarrikapena hor ere. «Datozen haurrek ez dute merezi gure isiltasuna».

Ez da aurten jaialdirako espresuki sorturiko pieza bakarra izan.Mikel Antzak ere Sumak Kawsay testua idatzi du beren-beregi Earako. Ekonomiari buruzko gogoeta sorta bildu ditu egun Fresnesen preso dagoen idazleak, eta liburuxka batean argitaratu dituzte Poesia Egunetarako. Testuaren irakurketa dramatizatua eskain zuten Mikel Martinez eta Iñaki Ziarrustak. Haiek hartu zuten idazlearen ahotsa. Haren hitzekin: «arriskatu eta berritzeko garaiak dira».

Hurbiltasuna eta mimoa

Ehunka pertsona izan zen ekitaldietan, eta zerrenda osatzen zuten, adibidez, eguerdian herriko plazan bildutako idazleek. Bertan ziren, besteak beste, Iñigo Aranbarri, Itxaro Borda, Juanjo Olasagarre, Angel Erro eta Lutxo Egia. Jaialdia topaleku ere bada, izan ere. Eñaut Elorrietak, adibidez, lehen aldia zuen atzokoa Poesia Egunetan, baina ez bisitari gisa. Aurrez ere maiz izan da jaialdian ikusle gisa, baina aurten izan da aurrenekoz musikari modura. «Eskaintzaren maila handia da, eta antolatzaileek oso ongi zaintzen dute ekitaldi bakoitzean». Oso gustura egoten zen ikusle gisa, eta oso gustura sortzaile modura. «Ezin ederragoa da lekua, eta antolatzaileek mimo handia jartzen diote denari. Sortzen den giroa oso atsegina da. Oso gertukoa. Familiakoa». Eta hurbiltasun hori nabarmendu zuen Gloria Totorikaguena eatarrak ere. Beti izan da irakurzalea, baina Poesia Egunen bitartez bilakatu zen poesia zalea. «Urteko ekitaldirik ederrena izaten da hau niretzat. Luxu bat da».

16 urtez libururik kaleratu gabe egon ostean, iaz kaleratu zuen Bitan Esan Beharra liburua Rikardo Arregi Diaz de Herediak, eta argitalpen haren harira izan zen atzo Ean. Errezitaldia eskaini zuen Hedoi Etxarte eta Fabiana Boer poetekin batera Apikalen. Eta babesa aipatu zuen berak ere jaialdiari buruz aritzean. «Oso gustura sentitzen naiz hemen, eta lagunak ere etortzen direnez, oso babestuta sentitzen naiz».

Castillo Suarez idazleaketa Borja Estankona musikariak ere Urtebetetze festa emanaldia eskaini zuten afalostean. Gaur Lucien Etxezaharretaren hitzaldia izango da goizean, eta poesia eta kantua batuko dituenEñaut Etxamendiren kantaldia 13:00etan. Eta Elkartasun Basatia errezitaldia eskainiko du Oier Guillan poetak 17:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.