Bi kulturaren arteko armak

Armagintzaren hipokrisia salatu du 'Arma, tiro, bamm!' eleberrian Joan Mari IrigoienekBi familia lotzen ditu kontakizunak, euskalduna bata, arabiarra bestea, baina funtsean berdintsuak dira biak alor askotan

Joan Mari Irigoien, atzo, Donostian, Arma, tiro, bamm! eleberria aurkezten. Ia 600 orrialdeko nobela osatu du idazleak. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko irailaren 6a
00:00
Entzun
«Ez da lehen bezain hizlari trebea. Kosta egiten zaio. Ez, ordea,idaztea». Barrez erantzun zien Joan Mari Irigoienek (Altza, Donostia 1948) Xabier Mendiguren Elizegiren hitzei. Irigoienen Arma, tiro, bamm! eleberria aurkeztu zuten atzo Donostiako Elkar aretoan Pako Aristiidazleak eta Mendigurenek, argitaletxeko editoreak. Gaixotasun bat dela medio, hizketarako zailtasuna du Joan Mari Irigoienek, eta, horregatik, Aristiri egokitu zitzaion nobela aurkeztea. «Pakok ez du, oraingoz, herdoilik mihian», esan zuen Mendigurenek. Bigarren barre algara entzun zen orduan.

Arma, tiro, bamm! bizi dugun munduaren inguruko fabula kritikoa da, mendeetako ezinikusia duten bi mundu uztartu ditu Irigoienek; Ekialdeko mundua bata, islamiarra, Mendebaldekoa bestea, kristaua. Dena den, Aristiren esanetan,«mundu osoan gizakia bat eta bera dela adierazi du Irigoienek nobela honetan». Bi kulturen arteko botere harremanak ditu ardatz eleberriak, eta bi munduak, halabeharrez, batuko dira armagintza dela tarteko. Gipuzkoa eta Bizkaia arteko alegiazko herri batean, Bereibarren, eskopeta lantegi bat duen ugazaba familia da istorioaren hari mutur bat. Beste hari muturra, Ekialde Hurbilean kokatu du idazleak, Balad al Xams alegiazko beste herri batean. Kontakizuna XX. mendeko bigarren erdian hasten da,eta hiru belaunalditan, egundaino, bi familien pozak eta minak deskribatzen ditu nobelak.

Mundu islamiarraren berezitasunak ongi jasotzeko, urteetako dokumentazio lana egin du Irigoienek. Aristiri bereziki atentzioa eman dio horrek. «Euskal literaturan oso gutxitan egin da islamaren mundua azaltzeko horren lan sakona. Islamaulertzeko, entziklopedia irakurtzea baino hobea da nobela irakurtzea».

Familia arabiar baten ohiturak, kodeak, eta pentsamoldeak jasotzeko, Ekialdeko kultura gertutik ezagutzen duten hiru aholkulari izan ditu Irigoienek: Mari Jose Lasaeta Karlos Zurutuza kazetariak eta Antonio Escalantearmagintzaren kontrako aktibista.Xabier Mendiguren editoreak azaldu duenez, Lasak, esaterako, xiitek eta sunitek dituzten ohiturak helarazi dizkio idazleari. Zurutuzak Afganistango gerran talibanek nola jardun zuten azaldu dio eta, azkenik, Escalantek arma industriaren negozioaren inguruko xehetasunak eman dizkio. Eleberriaren gaia «munduaren polarizazioa» dela uste du Aristik. «Munduzibilizatua, gu, eta mundu basatia, haiek. Hori mendez mende egin dugu, eta baita sinistu ere». Siriako kasua aipatuz, Aristik adierazi zuen kultura maiz «sarraskiak egitekodokumentario hiprokita eta zurigarri» gisa erabiltzen dela. Baina momentu jakin batean nobelan bi aurreiritzi horiek irauli eta protagonistek bat egiten dute; «bat egiten dute, adieraziz denok garela gizakiak, gu eta haiek. Eta ondoan dagoen mina mina dela guztiontzat». Bestalde, ekintza armatuaren «aukera» ere planteatzen da eleberrian, eta horren inguruko eztabaida eta galdera mamitsuak sortzen direla irizten dio Aristik.

Estiloari dagokionez, Mendigurenek, hizkuntzaren «estetika, edertasuna eta txukuntasuna» nabarmendu zituen. Aristiren arabera, testu irakurterraza ondu du Irigoienek. «Irakurlea orriz orri eramaten duten horietakoa, oztoporik gabea». Guztira, 572 orrialde ditu nobelak.

Irigoieni buruzko erakusketa

Hil honetan 65 urte egingo ditu Irigoienek, eta haren inguruko erakusketa bat egingo dute Altzako Tomasene kultur etxean. Anaiak, ImanolIrigoienartistak, urteetan liburuetarako egindako ilustrazioak ikusi ahalko dira. Urriaren 3an inauguratuko da erakusketa, eta egun horretan Mendiguren editoreak Irigoienen obraz hitzaldi bat emango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.