Albistea entzun

Gernika bidegurutze

Jose Luis Zumeta eta Mikel Laboaren lanak batu ditu Angel Sandimas zuzendariak 'Gernika' animazio film laburrean

Zuri-beltzean hasten da filma, baina kolore biziz irudikatzen du bonbardaketa gero
Angel Sandimas, bere bulegoan, <em>Gernika</em> film laburra erakusten.
Angel Sandimas, bere bulegoan, Gernika film laburra erakusten. A. SANDIMAS

Iñigo Astiz -

2012ko maiatzak 4

Ezetz esaten zioten. Buruan zerabilenak ez zuela zentzurik. Ezin zela animazioko film bat musikaren gainean eraiki. Bereari eutsi dio, ordea, Angel Sandimasek (Iruñea, 1969). Nahiago izan du arriskua, konbentzioa baino; eta azkenean, hala sortu du Gernika izeneko bere lehen film laburra. Mikel Laboaren Gernika abestia hartu du filmaren zimendutzat, eta haren gainean eraiki du animazioa. Segundo batzuk gorabehera, abestiak duen iraupena du filmak ere. Jose Luis Zumetaren Gernika koadroa animazioaren hizkuntzara eramatea zuen bere lehen asmoa, eta bidean Laboaren abestiarekin topo egin, eta batu egin ditu azkenean biak. Zumetaren kolore biziak, eta Laboaren garrasiak. Aurreko astean estreinatu zuen lana Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Giza Eskubideen Zinemaldian, eta gaur emango dute Iruñean, Nafarroako Filmotekan. 19:00etan.

Zumeta, Laboa, Sandimas. Ildo bera partekatzen dute hiruren lanek, eta bat egiten dute animazioko filmean. Gernika dute denek bidegurutze. Bonbardaketa bera, eta haren gaineko sorkuntza artistikoa. «Filmak kontatzen du istorio bat, baina ez da ohiko filma. Arriskuak hartu ditut kontaketan, baina ez da bideo artea ere. Margolan espresionista bat hiru dimentsiotara eraman dut, eta musikaren gainean eraiki dut lan osoa. Ikus-entzunezko poema bat dela esango nuke». Zumeta eta Laboa bezala, aske aritu da Sandimas, baina baita arduraz ere. «Arteak lagun dezake, Gernikan gertatu zena ahatz ez dadin. Picassoren koadroa da horren adibide, baita Zumetarena ere. Lekukoen testigantzak badaude bideoan grabatuta, eta eskerrak. Baina pinturak, sorkuntza, badu zerbait eternoa, eta zeregin garrantzitsua betetzen du».

Elur bola baten modura joan da proiektua haziz, Sandimasek dioenez. «Bizilagunak ginelako egiten nuen Zumetarekin bat tabernan, eta haren koadroak animazio bilakatzeko aukera aipatu nion. Gernikari buruzkoarekin hasi nintzen probak egiten, eta animazio horiei istorio bat gehitzea otu zitzaidan. Gero Laboaren musika sartu nuen eta... Hasieran txikia zen proiektua handituz joan zen pixkanaka-pixkanaka». Lau urte behar izan ditu proiektua burutzeko, eta, hala ere, estu ibili dela dio. Aitor Gaston eta Urko Mauditek lagundu dute azken txanpan, baina estu, halere. «Estreinaldia baino bi egun lehenago ez nekien helduko ote nintzen ere». Xehetasun bakoitza zaindu du, eta BERRIAri filma erakutsi berritan ere zalantza du Sandimasek. «Bukaerako irudi hori, agian, laburrago eman behar nuke».

Lehen bonbaren etena

Zuri-beltzean hasten da kontakizuna. Ume bat ageri da Gernikan, orri batzuk margotzen. Guda itxura du bakeak, ordea. Nabarmena da kontrastea. Herrian kamioi bat azokara ardo barrikak eramaten ari den une berean, bonbak eramaten ditu hegazkinetara beste kamioi batek herritik kanpo. Hegazkinak gero zeruan. Uso bat Gernikako kaleetan. Laboaren musika irudi bakoitzaren oinarrian. Baina lehen bonbarekin dator etena. Isildu egiten da musika, itzali egiten dira irudiak. Beltz eta isil dena.

Une horretatik aurrera ezer ez da berdina izango. Laboaren ahotsa hasten da orduan, lotsati, eta sugar batzuk harekin batera. Ezker eta eskuin, dantza moduko batean. Zuri-beltzekoa zen ordura arte filma, baina suaren koloreekin abiatzen da bonbardaketaren ondorengoen kontaketa. Infernua, Zumetaren kolore bizietan, eta Laboaren garrasiekin. Giza figura desitxuratuak, eraikinak txikitzen dituzten Falangeko ikurrak, biktimen oin biluziak... Oinak eta oinak bata bestearen ondoan: oin baso bat. Baina hondamenaren erdian, samina gaindituz, umeak ukabila altxatzen du, eta hor amaitzen da filma. Zumetaren koadroa dator gero pantaila osoa hartzera. Koloretsu eta ikusgarri; erraldoi.

Zehaztasuna eta askatasuna

Lan artistikoa izan da, baina detaile guztiak zaindu ditu Sandimasek. Errealitatearekiko ardura bat badduu bere sorkuntza lanean. Bonbek suntsitu aurreko Gernikako garaiko planoaren gainean eraiki du hiriaren animazioa, hiru dimentsiotan altxatu du planoko eraikinetariko bakoitza, eta 1937an tren geltokiak zuen itxura bera eman dio filmeko geltokiari ere. Eta berdin jokatu du paisaiarekin ere. Gernikako ingurua irudikatzeko ere argazki errealak erabili ditu, baina Zumetaren koloreek bustita. «Benetako erliebea da, baina piktorikoki landuta».

Zumetak egindako irudiak izan ditu animazioak sortzeko oinarritzat Sandimasek. Ezkontza ez da erraza izan. «Erabat kontrajarrita dauden teknikak dira Zumetarena eta nirea», azaltzen du Sandimasek. «Koadro handi bat bi egunetan bukatzen du maiz Zumetak; nik, aldiz, lau urte behar izan ditut animazioko hamar minutu egin ahal izateko. Kontrako bi muturretan dira bi teknikak, eta erronka handia izan da moldaketa egin ahal izatea».

Mikel Laboak ez zuen Sandimasen proiektua ezagutu. Zuzendaria oraindik lana zehazte lanetan zela hil baitzen kantaria. Hurbil izan du beti, ordea, haren alargun Marisol Bastida, eta handia da Laboaren presentzia ere filmean. Filmaren oinarri musikaletik hasi, eta filmaren eskaintzarekin bukatu: «Mikeli».

Filmarekin, Zumetaren irudiekin erakusketa ibiltari bat antolatzeko asmoa ere badute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Hizketa arruntaren bitartez gauza asko adierazi litezke»

Andoni Imaz

Mutil gazte batek, neska gazte batek eta gizon heldu batek iazko «bizi etenaren» ondoren izandako elkarrizketak kontatu ditu Segurolak 'Koiterezia' eleberrian, kontatzailerik erabili gabe.
Bi erakundeetako ordezkariak, atzo, Donostian. ©BERRIA

Tabakalera eta Tekniker, bat eginda arte sormena eta zientzia uztartzeko

Aitor Biain

Bi erakundeek lankidetza hitzarmen bat egin dute sortzaileen lana beste esparru batzuetara zabaltzeko. Lehen proiektu bat garatzen hasiak dira

Bisitari bi Guggenheim museoan, Alex Katz artistaren <em>Irribarreak</em> obra sortari begira. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Esperimentaziorako espazioa

Olatz Enzunza Mallona

Ezohiko materialak eta teknikak erabiltzen dituzten artistak bildu ditu Bilboko Guggenheim museoak 'Asmamenaren ildoa' erakusketan. Otsailaren 6ra arte egongo da ikusgai

Galder Perez eta Ane Zabala, obraren une batean. ©GILKITXARO

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna