Yolanda Arrietak 'ABCD berri bat' kaleratu du

Peru Abarka narrazio laburren saria irabazi duen lana da, eta Yolanda Mosquerak egin dizkio ilustrazioak

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Yolanda Arrietaren ABCD berri bat narrazioa, Peru Abarka narrazio laburren lehiaketaren laugarren ekitaldiaren irabazlea, liburu gisa eman du argitara Mezulari argitaletxeak, Yolanda Mosqueraren ilustrazioekin hornituta. ABCDberri bat «narrazio poetiko edo poesia narratibo gisa» defini daiteke, Arrietak adierazi duenez, «jabekuntza baten adierazpen zuzena egiten delako, unean uneko sentsazioei adi, oroimena piztuta eta irudimenari tartea utziz, guztia hitzen musikaz inguratuta». Egileak adierazi duenez, «ozenki nahiz isilean irakurtzeko beste proposamen bat» da, «Pablo Nerudak idatzi eta Elena Odriozolak ilustratutako Oda a una estrella albuma dastatu ondoren» sortua.

Elementu ugariren baturaren ondorio da Arrietaren narrazioa: «Hegoaldeko mutiko baten gogoetak, iparraldeko aititaren etxean.Gazte etorkina nola doan egokituz egoera berrira: egun berriaren esnaera, senide berriarekin topo egitea, leihoaz bestaldeko errealitatea eta iragana talkan, eta, azkenik, onarpena».

Edizio ilustratuak beti

Aurreko urteetan Yolanda Larreategik (2006an), Jon Martinek (2007), Karlos Aizpuruak (2008), Xabier Mendiguren Elizegik (2009) eta Irati Goikoetxeak (2010) irabazi dute Peru Abarka saria, eta haien narrazioak ere Mezularik ditu argitaratuak. Ez da haur eta gazte literaturara bideratutako narrazio lehiaketa, baina hala ere argitalpena ilustrazioekin lagunduta egiten du beti Mezularik, helduentzako narrazioak ilustratuta argitaratzearen aldeko apustua eginez.

Irakasle ikasketez gain, Antzerkia eta Kultur eta Gizarte Antropologia egin ditu Arrietak. Zenbait liburu argitaratu ditu Haur eta Gazte literaturan (Denboraren kanta-kontuak, Nola bizi zazpi bizi, Oinutsik jauregian) zein helduenean (Jostorratza etaharia,adibidez).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.