Donostiako Aste Nagusia. Josu Goikoetxea. Gai-jartzailea

«Hitzaren bitartez soil-soilik, jendea ehun urte atzera eramango dugu»

'Mendak usaia bezala' bertso trama gidatuko du gaur Konstituzio plazan, 23:30ean. Bilintxen garaiko Donostia irudikatuko dute.

BERRIA.
2012ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Bilintxen garaiko pertsonaien azalean jarri beharko dute gaur Anjel Mari Peñagarikano, Aitor Mendiluze, Nerea Elustondo eta Alaia Martin bertsolariek. Hitzaren bidez soil-soilik, duela ehun urteko Donostian daudela sinetsarazi beharko diete ikusleei. Ordu eta laurden inguruko istorioa izango da, eta Josu Goikoetxea gai-jartzaileak (Gernika, 1974) gidatuko ditu denbora guztian bertsolariak eta ikusleak. Harrera ona espero du, donostiarrentzat egindako istorioa baita. Dena den, «bat-bateko saioak direnez, ez dago ezer bermatuta».

Azaldu apur bat nolako ikuskizuna izango den Mendak usaia bezala.

Bertso trama bertsogintzako formatu berezi bat da. Hasiera eta amaiera dituen istorio bat garatzen dugu, ordu eta laurden inguru irauten duena. Bat-batekoa izaten da; bertsolariek ez dakite istorioaren nondik norakoaren berri. Biografia labur bat ematen diot bakoitzari, eta hasierako egoera ere azaltzen diet, beharbada, baina besterik ez.

Gaurko istorioa Bilintxen garaiko Donostian kokatuko dugu, eta bera izango da istorioaren ardatza; ez, ordea, protagonista nagusia. Bertso tramaren tituluak istorioaren espiritua islatzen du. Bilintxen bertso baten azken zatia da. Hark esaten zuen, bere baitatik maitasuna sortzen zela, mendak usaina duen bezala. Hala, Bilintxen bertsoetatik eta giro erromantiko horretatik abiatuta, maitasun istorio bat izango da tartean. Baina ez nuke asko aurreratu nahi.

Bertsoez gain, beste elementurik izango da?

Bertsoek baino ez dute osatuko ikuskizuna. Hitzaren bitartez soil-soilik jendea ehun urte atzera eramateko gai garela erakutsi nahi dugu. Jendeak, pelikula batean balego bezala, istorioa garai hartan kokatuta dagoela sinestea nahi dugu, bertsolariak gaur eguneko arropekin jantzita egon arren. Hortaz, hitz hutsez egingo dugu saioa. Dena den, istorioa girotzeko elementu batzuk izango dira agertokian: bankuren bat, farola batzuk, mahaitxo bat... Eta, istorioa aurrera egin ahala, leku batetik bestera mugituko ditugu bertsolariak.

Bertsoek balio al dute historia liburuek irakasten digutena irudikatu ahal izateko?

Bilintx eta haren garaia apur bat ezagutzen duenari, bertso tramak laguntzen dio berak ikasitakoa irudikatzen, egia bihurtzen. Bilintx ezagutzen ez duen bati, ordea, gure ikuskizunak ez dio ezer esango, agian. Dena den, uste dut gaurko saioan egongo den jende gehienak Bilintx eta haren bertsoak ezagutuko dituela, baita garai hartan emakumeak bertsolaritzan zuen papera ere. Izan ere, hori izango da gaurko ikuskizunaren elementu garrantzitsuenetako bat.

Bertsolarientzat ardura handia izango da beren bertsoen bidez historia islatu behar izatea, ezta?

Bertsolariari argi uzten badiozu zer egin behar duen, edozein egoeratara egokitzen da, eta oso ondo jarraitzen dio istorioaren ildoari. Aurretik bertso tramarik egin ez duten bertsolariekin oso esperientzia onak izan ditut. Egia dahasi berritan arduratuta egoten direla, eta pertsonaiarekiko oso fidelak izatea gerta daiteke, oso zurrunak izatea. Baina, berez, lasai egiteko papera da, fikzioa baita, azken finean.

Zein izango da zure lana gaur gauean?

Gai-jartzailea baino gehiago, gaurkoan tramagilea izango naiz. Bertsolariak tokatzen zaien egoeretan kokatzea eta istorioaren ildoa eramatea izango da nire lana. Bai bertsolariak eta bai publikoa, toki batetik bestera eraman beharko ditut, eta denbora jauziak daudenean, ohartarazi. Dena den, saioari benetako espiritua bertsolariek ematen diote.

Nolako harrera izaten dute bertso tramek jendearen artean?

Nik ez dakit egia den ala ez, baina Andoni Egañak esan ohi du emakumeek gehiago estimatzen dutela bertso trama gizonezkoek baino. Normalean, ondo funtzionatzen dute. Saioetan, oso garrantzitsua izaten da komunikazioa. Oholtzatik sentitzen badugu jendea gustura dagoela, eta bertsoz bertso barre nahiz negar egiten dutela, aintzat hartzen dugu. Dena den, bat-bateko saioak izaten direnez, ez dago ezer bermatuta.

Eta Donostian, zer harrera izatea espero duzue?

Ordua ez da oso ohikoa bertso saio baterako, baina jaiak direnez, pentsatzen dut ibiliko dela jendea. Tokia, berriz, paregabea da. Gaia ere donostiarrentzat egina da, gainera, Donostian kokatua, eta Donostiako pertsonaiekin. Beraz, espero dugu harrera ona izatea. Gu saiatuko gara saio ona eskaintzen. Jendeari, berriz, etorri eta plazan leku bat hartzeko esango nioke, ez baitira zutik egoteko orduak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.