Ezarian. Urriko azken astelehena Gernika-Lumon

Barazki adina euritako

Euria izan da protagonista nagusia egun osoan Gernika-Lumon ospatutako urriko azken asteleheneko azokan6.700 euroan erosi du Mendata Berria Jatetxeak Olaberriako Aizpea gazta erdia

Gernika-Lumoko urriko azken asteleheneko azokan, urtaroko produktuak izan ziren nagusi baserritarren postuetan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Gernika-Lumo
2013ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Urtero zita garrantzitsua izaten da Gernika-Lumon (Bizkaia) urriko azken astelehenean ospatzen den azoka. Euskal Herriko hamaika txokotako ekoizle biltzen da han, beren produktuak saltzeko edota erakusteko. Atzo, eguraldia zen bertaratutako gehienen ahoetan zebilena. Izan ere, goizean hasi eta apenas atertu zuen egun osoan.

09:00etatik aurrera ohi baino jende gutxiago nabari zen Gernika-Lumoko kaleetan zehar, baina apurka-apurka, eguerdi aldean, milaka aterki pilatu ziren saltokien inguruan. Dena den, aurreko urteetan baino bisitari gutxiago izan zen atzo. Gernika-Lumoko Udalak emandako datuen arabera, 60.000 lagun inguru bildu ziren atzo; beste urte batzuetan 100.000 ingurura iritsi izan dira.

Guztira 277 saltoki izan ziren herriko kaleetan. Aurreko urteetan bezala, gazta izan zen gehien zegoena, 74 saltokitan. Barazkiekin 47 saltoki izan ziren, frutekin hamabi, eztiarekin sei, txakolinarekin hamabi, eskulangintza produktuekin 46, makinekin hamahiru, ogi eta euskal pastelekin hogei, kontserbekin hamabi, erroskilekin bost, esnekiekin bi eta bestelakoekin beste hamar saltoki. Saltokiez gain, bederatzi txosna jarri zituzten.

Jose Maria Gorroño Gernika- Lumoko alkatearen hitzetan, Euskal Herriko baratzetako produkturik «onenak» izaten dira Gernika-Lumoko azokan. «Eguraldiak eragiten badu ere, milaka pertsona etorri da, jendearen aurpegia ikustea besterik ez dago gustura daudela ikusteko». «Betiko giro ona dago gaur, bertokoa». Saltzaileek adierazi zuten beste batzuetan baino jende gutxiago izan zela. Gehienen arabera, euria egiteak kalte egin zuen atzo.

Eskari gehien izan zuten produktuen artean, indabak izan izan ziren atzo. Urdulizko (Bizkaia) Adela Urrutikoetxeak bere barazkien saltokian adierazi zuen ohi baino jende gutxiago ikusten zela goizean. Motel baina saltzen ari zela, «tomatea eta indabak saldu dut gehien». Zamudioko (Bizkaia) Maria Arkotxak ere jende gutxiago zebilela adierazi zuen, eta salmenten beherakada ere nabari zela. «Batetik, eguraldia, eta, bestetik, poltsikoak hutsik daudela nabaritzen da». Jesus Ansolak adierazi zuen Mausitxa gaztaren salmenta motel baina ondo joan zela. «Ez dugu batere zorte onik izan eguraldiarekin, joan den urtean baino jende gutxiago dagoela nabari da». Txakolin zein sagardoetako saltokietan ere nabaritu zuten beherakada. «Eguraldiak kalte handia egiten du horrelako egunetan», adierazi zuen Gizaburuagako (Bizkaia) Lanekoop Sagardoa saltzen zebilen Aitor Intxaurragak.

Eguerdian, sari banaketa egin baino lehen, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Sustrai Colina bertsolariak izan ziren Merkurio plazan giroa berotzen. Haien bertsoetan ere, euria izan zen gai nagusia: «Ea eguraldi hobeagoa/ etortzen den arrastian/ nahiz ta jendeak poza imini/ giro eta eguzkian/ gauza goxoak egin litezke / aterki baten azpian», bota zien Colinak euritakoen azpian plazaren inguruan bilduta zeuden guztiei erreferentzia eginez.

Gazta erdia, 6.700 euroan

Azokan produktuen erakusketa zein salerosketa izaten da, baina gehien esperotako ekitaldiak eguerdian egiten den sari banaketa eta, batez ere, ondoren egiten den gazta irabazleen enkantea dira.

Olaberriko (Gipuzkoa) Aizpea gaztandegiak lortu zuen gazta onenaren saria, eta ondorengo enkantean iaz baino gehiago ordaindu zen gazta erdiagatik: 6.700 euro. Jose Antonio Bastegieta Marko Kortezubiko alkate ohiak gidatu zuen enkantea. Gori-gorian jokatu zen, gainera. Denbora gutxian, gazta erdiaren eskaintza 400 eurotik 6.700 eurora igo zen.

Morgako Bitxia Txakolina, Morgako Katxi jatetxea, Gernika- Lumoko Xaibor eta Ondarroako Sutargi jatetxea aritu ziren gazta jasotzeko lehian, baina azken eskaintzak Xaibor eta Bilboko Mendata Berria jatetxeak eman zituzten. Azken horrek eraman zuen gazta erdia, 6.700 euroan. Jose Antonio Cubinos Mendata Berria jatetxeko kideak adierazi zuen lehen aldia zela Gernika-Lumoko enkantera joaten zela. «Lehiaketa irabazi duen gazta etxera eramateko ideiarekin etorri naiz, eta horrela izan da». Era horretan, helburua jatetxea ezagutzera ematea dela aitortu zuen.

Mikel Etxezarreta Aizpea gazta irabazlearen egilea ere pozik agertu zen sariarekin. Egindako lanaren errekonozimendu bat dela adierazi zuen: «Urte osoan lan handia egin behar da emaitza onak izateko». Gazta ona egiteko duten sekretua esne garbia, produktu ona, lana eta mimoa direla aitortu zuen. Ez da jasotzen duen lehen saria. Aurreko aldietan ere bigarren eta hirugarren egin du.

Era horretako sariak jasotzeak badu eraginik; izan ere, iaz lehen saria jaso zuen Zeanuriko (Bizkaia) Jon Etxeberriak gazta guztiak salduta zeuzkan atzo 10:30erako. Bigarren saria Agiñigako (Araba) Larrabe gaztandegiak lortu zuen. Ehun euroan atera zuten enkantera, eta Xaiborrek, disko showa egiten duen Gernika-Lumoko herrikideak, erosi zuen, 700 euroan.

Gaztak probatu eta notak jartzeko izen handiko sukaldariak izan ziren epaimahaian: Haizian jatetxeko Jose Miguel Olazabalaga, Jauregibarriako Beñat Ormaetxea, Bascookeko Aitor Elizegi, Zortziko jatetxeko Daniel Garcia, Boroako Javier Garcia, NH hoteleko Txomin Gomez, Minako Alvaro Garrido eta Tamesis jatetxeko David Garcia, besteak beste. Guztiek izan zuten aurtengo gazta onena aukeratzeko ardura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.