Bilboko Aste Nagusia. Gure txokotik

Jaia barra artera ere bai

Presoak gogoan, senideek eta Euskalguneko konpartsek urteroko bazkaria egin dute

Euskalgunea presoen aldeko bazkarira etorri ziren lagunez bete zen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Aste Nagusiko egun handia berezia da bilbotarrentzat, eta Euskalgunean ez da gutxiagorako izaten. Espetxeetan sakabanatuta dauden presoak ere nolabait jaiaren parte bihurtzeko, haien senideak bazkaltzera gonbidatzen ditu Txori Barrote Bilboko amnistiaren aldeko mugimenduaren konpartsak. Hor Dago Abante, Hau Pittu Hau eta Eguzkizaleak konpartsetako kideekin batera egiten dute otordua, txosna artean atondutako mahaietan. Urtero bezala, atzo ehunka lagun bildu ziren senideei elkartasuna adieraztera.

Hitzordua baino lehen lagunez bete zen Euskalgunea. Poteoko azken tragoa hartzera guneko hiru txosnetako batera gerturatu zirenak ia kabitu ere ez ziren egiten. Mahaiak eta jarlekuak behar bezala atondu zituztenean, denak eseri ziren boluntarioek zerbitzatutako bazkariaren zain.

Gehiagorentzat lekurik ez

Atzo jai zutela aprobetxatuta, ostegun gauean ez zen etxean geratu bilbotarrik. Areatzan, behinik behin, pazientziaz egin beharreko lana zen txosna batetik bestera mugitzea. Oro har, bazter guztietan bildu zen jendetza. Dena den, seguruenik Euskalguneko kontzertua izan zen parrandazale gehien erakarri zituena.

Ze Esatek musika taldea aukeratu zuten ostegun gaua girotzeko. Egiteko berezia zuten, gainera, emanaldi horretan Txori Barrote konpartsaren 25. urteurrenaren harira sortutako kantua aurkeztu behar baitzuten. Aurretik entzuteko aukerarik egon den arren —Gernika-Lumoko (Bizkaia) jaietan, kasurako—, doinuaren estreinaldi ofiziala ostegunekoa izan zen.

Hamaiketarako 25 minutu falta zirela hasi zen kontzertua. Hara ozta-ozta iritsi zirenek ez zuten agertokira asko gerturatzeko aukerarik izan, ordurako Euskalgunea mukuru baitzegoen, eta ondoko guneetatik ikusi behar izan zuten. Entzule gehienak gazteak ziren, eta taldearen abesti guztiak buruz zekizkiten. Besoak jasota egiten zuten kantuan; maiz dantzan eta saltoka ere ibili ziren. 01:00 inguruan kantatu zuten azken doinua, eta, kontzertuari bukaera emateko, Txori Barrote konpartsako bi kide igo ziren oholtza gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.