'Parot doktrina', eraitsia. Epaiaren ondorioak

Espetxean 29 urte egin ondoren, aske geratu da Jon Aginagalde

Ostiralean Auzitegi Nazionalak aske uztea erabaki zuen bederatzi presoetatik libre geratu ez zen bakarra zen

Jon Aginagalde preso ohia, atzo, Alboloteko espetxetik irten berritan. @GUZTIOKLANEAN.
Erredakzioa
2013ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Jon Aginagalde aske geratu zen atzo, 29 urte preso egin ondoren. Parot doktrina ezarria zuen Aginagaldek, eta 2010etik egon behar zuen aske. Eguerdian irten zen Alboloteko espetxetik (Granada, Espainia), Donostiatik hara joandako senide eta lagunak babestuta. Ostiralean Espainiako Auzitegi Nazionalak erabaki zuen doktrina ezarria zuten bederatzi preso aske uztea, eta horien artean zegoen Aginagalde. Besteak ostiralean bertan irten ziren espetxetik, baina, Aginagalderen kasuan, Almeriako Auzitegian zuen beste auzi batengatik atzo arte atzeratu zuten haren kaleratzea, Europa Press agentziaren arabera.

Aginagalderi 67 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 80ko hamarkadan, besteak beste, merkatari bat eta guardia zibil bat hiltzea leporatuta. 1984an espetxeratu zuten, eta 2010erako zen kalera ateratzekoa. Doktrinarekin, 2014ra luzatu zioten zigorra, eta ia osorik bete du gehienezko espetxe zigorra (30 urte).

Aginagalderekin batera 11 dira Parot doktrina ezarria zuten eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabakiaren ostean aske geratu diren euskal presoak. Ines del Rios izan zen lehena, urriaren 22an, eta urriaren 25ean Juan Manuel Pirizek utzi zuen espetxea. Aurreko asteko ostiralean, berriz, Txomin Troitiño, Isidro Garalde, Iñaki Urdiain, Jokin Sancho, Elias Fernandez Castañares, Joseba Artola, Patxi Gomez, Luis Mari Azkargorta eta Jon Aginagalde aske uzteko agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Aurrera begira, EPPK-ko beste 45 presori buruz erabaki beharko du Auzitegi Nazionalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.