Sanzek hauteskundeak eskatu dizkio Barcinari

Herenegun egindako batzarrean agerian gelditu ziren UPNren barruan dauden iritzi joera biak

Erredakzioa
Iruñea
2014ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
UPN alderdiak herenegun egindako batzorde eragilearen bileran agerian gelditu ziren alderdi horren barruan dauden iritzi joera biak. Bataren buru Yolanda Barcina alderdiko eta Nafarroako gobernuko presidentea da, eta bestearen buru, Miguel Sanz alderdiko eta gobernuko presidente ohia. ETBk jakinarazi duenez, batzar horretan bertan eskatu zion Miguel Sanzek Yolanda Barcinari hauteskundeak antolatzeko eta Nafarroako Parlamentua desegiteko. Haren ustez, hori da biderik egokiena alderdia bera zein gobernua bizitzen ari diren krisitik ateratzeko. Yolanda Barcinak ezezko biribila eman zion proposamen horri, ETBk UPNko iturriak aipatuz jakinarazi duenez.

Sanzek egoerari buruzko bere azterketa plazaratu zien alderdikideei. Zentsura mozio baten ondorioz gobernua uzteak dakartzan ondorioez aritu zen, eta bere tesia plazaratu zuen: zentsura mozio hori eragoztea dela onena, hauteskundeak aurreratzea eta, horrela, hauteskundeak iritsi arte behintzat gobernuan jarraitzea, eta tarte horretan administrazioa kontrolatzea eta porrot itxurarik ez ematea. UPNren azken batzarretan kale egin izan du Sanzek. Agertu, eta horiek esateak ez zituen Barcinak ontzat eman.

Barcinaren asmoa oso bestelakoa baita. Sanzen proposamena baztertu egin zuen hark, ez du alderdi barruan horrelako eztabaidarik sortzea nahi, eta bere jarrera azken egunetan agertu duen berbera dela berretsi zuen. PSNren pultsuari azken bururaino nahi dio eutsi, eta zentsura mozioaren bozketan sozialisten eta Bilduren bozak zentzu berean emandakoak direla ikusarazi.

UPNren barruan zalantzak sortu dira, ordea, eta atzo bertan Barcina bera eta zenbait kontseilari bilera egitekoak ziren berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.