Maribi Ugarteburu. Ezker abertzaleko kidea

«Baldintzak badaude alderdien arteko elkarrizketei ekiteko»

Konponbide integrala lortzeko eragile guztien inplikazioa behar dela uste du Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak. Horregatik, aukera baliatzeko dei egin die EAJ, PSOE eta PPri.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Pello Urzelai.
Durango
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Maribi Ugarteburuk (Amoroto, 1968) beti izan du jarrera baikorra bizitzaren aurrean. Amorotoko alkate zenean murgildu zen Udalbiltzan. 2003an atxilotu zuten Udalbiltza auzian, eta ia zortzi urte geroago epaitu eta absolbitu. Erronka berri bati ekin dio orain: ezker abertzalearen bozeramaile lanak egiten hasi da. Ohiko baikortasunez.

Azken egunotako pausoek (EPPKren atxikimendua, Egiaztatze Batzordearen aurkezpena, presoen hurbiltzearen alde Lopez lehendakariak agerturiko jarrera, ETAk Egiaztatze Batzordea aintzat hartu izana...) , oro har hartuta, egonkortu dute konponbide prozesua? Atzeraezinago egin dute?

Bai, oraindik ere atzeraezinago egin dute. Aipatutako elementu horien segidak adierazten du eragile oso esanguratsuak ari direla bat egiten Gernikako Akordioan bideorri modura adostutako norabidearekin. Presoen kolektiboak bat egin izanak pisu garrantzitsua dauka prozesu horren egonkortzean. Eta ondoren etorri diren gertaerek ere. Egiaztatze Batzordeari jarraitu dio ETAk berak onetsi izana batzordearen irizpideak. Atzeraezinago egin dute elementu horiek prozesua? Bai. Azken bi urte hauetan ezker abertzaleak berak egindako apustuari esker bide politikoetatik konponbide demokratikoetaraino eramango duen prozesua sendotzen joateko, dudarik ez dago denbora horretan finkatzen doala, aldebakartasunez. Aldebakartasun horretatik konponbide integralera pauso definitiboak emateko beste eragile batzuen inplikazioa beharrezkoa da.

Zein ekarpen egiten dio EPPKren agiriak ezker abertzalearen apustuari? Agiriaren garrantzia nabarmendu du ezker abertzaleak ere; zertan datza garrantzi hori?

Ezker abertzalearen apustuari baino, agiri horrek ekarpen esanguratsua egiten dio konponbide demokratikorako prozesuari berari. Gernikako Akordioan markatzen diren pauta horiekin bat egin izanak egonkortzen du, etazimendu garrantzitsu bat jartzen du.

Kolektiboak izaera kolektiboa eta berari dagozkion kontuetan parte hartzea aldarrikatu du. Espetxe politikaren aldaketa premiazkoa da? Presoen egoeraren gaia agendaren hasieran egon behar du?

Espetxe politikari lotutako elementu batzuk larrialdikoak dira. Momentu honetan, oraindik espetxe politikak ezaugarri kriminalak ditu. Hainbat kontutan: gaixorik dauden presoek hor mantentzea, bizi guztiko kartzela gauzatzeko tresna martxan egotea, dispertsioa bera mantentzea... Neurri horiek eteteak agendan berehalakoa izan beharko luke, beste inolako baldintzarik gabe. Giza eskubideen ikuspuntutik soilik. Beste plano batean, gatazka politiko bat izanik, prozesu batek aurrera egin ahala, biktimak, presoak eta errepresaliatuak ere agendan kokatu beharko dira.

Garrantzitsua ikusten duzu EPPKren izaera kolektiboa onartzea?

Bai, eta mintzakidetza ere. Aintzat hartu beharko lukete, elkarrizketari ekiteko orduan. Presoei buruz asko hitz egiten da, baina presoei eman behar zaie ahotsa.

Nola ikusten duzu Patxi Lopez lehendakariak «hurbiltze progresiboaren» alde egindako proposamena Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran? Gauzak mugituko dira norabide horretan?

Behingoagatik, norabide egokian egindako adierazpenak izan dira. Ez dira nahikoak. Hurbiltze progresiboa aipatzea, besterik gabe, sintonizatzen hasi den seinale da; baina ez, inolaz ere, nahikoa. Praxia falta da.

Gernikako Akordioaren sinatzaileek biltzeko eskatu diozue. Zertarako? Erantzunik jaso duzue?

Ez da erantzunik jaso. Zertarako bildu? Gernikako Akordioak berak markatzen ditu demokrazia osoko jokaleku bateranzko premisak eta pausoak. Horretaz eragile guzti-guztiekin hitz egin beharra dago. Noski, baita Lopezekin eta haren alderdiarekin ere.

Egun hauetako albistea izan da Ekinek jakinaraztea desegin dela. Halaber, Ekineko militanteek ezker abertzalearen apustuarekin bat egin dutela adierazi dute. Horrek kohesio handiagoa emango dio?

Ekinen erabakia positiboa eta koherentea da. Historian zehar ezker abertzaleak bere burua antolatzeko modu ugari izan ditu, eta izaera dinamikoa bere-berea izan du. Urte bitik hona gertatu den barne eztabaidaren ondoren eta barne eztabaida horri laguntzeko eman diren pausoen eta egindako apustuaren ondoren, Ekinen erabaki hau guztiz sintonian dator.

Publikoa da eztabaida horretan tirabirak egon direla. Gaindituta daude?

Ezker abertzaleren bi ezaugarri nabarmenduko nituzke. Batetik, zintzotasuna. Eta, bestetik, dinamikotasuna. Bere buruari buruz, bere estrategiari buruz tamaina horretako eztabaidan murgildu izana horren adibidea da. Eztabaidak egon direla? Bai, eta egon daitezela, modu sano batean, modu ireki batean, modu demokratikoan, azken finean.

Nazioarteko Egiaztatze Batzordea osatu eta aurkeztu egin da egunotan. Batzordeko kideekin egon da ezker abertzaleko ordezkaritza bat, zu tartean. Zein ondorio atera duzue harreman horretatik eta batzordearen osatzetik?

Batetik, seriotasuna. Orain arte emandako pausoak (Bruselako Adierazpena, hari emandako erantzuna eta ondorengoak) aintzat hartu izanak, eta izen horiekin osatutako egiaztatze batzorde bat osatu izanak seriotasuna adierazten du, alde bietatik. Beraiek oso serio hartu dute Euskal Herrian aukera dagoela gatazka armatua gainditzeko eta konponbide prozesu bat benetan atzera bueltarik gabe martxan jartzeko. Pertsona horiek lan tekniko hori egiteko prest agertu izana apustuaren sakontasunaren erakusgarria da. Bestetik, egonkortzean eta prozesuaren atzeraezintasunean, pauso ezinbestekoa da horrelako egiaztatze batzorde bat eratu izana. Azkenik, baikortasuna. Beraiek helarazi ziguten baikortasuna lehenengo bilera horiek egin eta gero, lortu zutelako Euskal Herriko bizitza politiko, sozial, eta sindikaleko askotariko eragileekin hitz egitea eta ikuskera positiboa jasotzea konponbide baterantz, behin betiko bake prozesu baterantz. Gainera, beraien lana onetsita ikusi zuten, askotariko eragile horien aldetik. 'Hasiera oso ona izan da', esan zuten.

ETAk berehala erantzun du. Ontzat jo du Batzordea, eta laguntzeko prest agertu da. Espainiako Gobernuak ere onartu beharko luke batzordearen lana?

Falta da onespen hori. Falta da, halaber, Espainiako Estatuak diskurtso eta praxi immobilista horretatik mugitzea, oro har. Hori elementuetako bat da. Espainiako Estatuak onartu beharko luke Egiaztatze Batzordea martxan dagoela jadanik.

Batzordea aurkeztu eta biharamunean, Patxi Lopezek ez zuen aipatu Eusko Legebiltzarreko eztabaidan. ETAren agiriaren ondoren, haren kezka izan da propaganda ez egitearena. Zer iruditzen zaizu?

Beldurtuta daude. Demokrazia osoko egoera batean, guztiok berdintasunez gure ahotsa izango dugun jokaleku bati beldurra diote. Eskubide guztiak, eta tartean erabaki eskubidea, gauzatuta eta errespetatuta ikusiko diren jokaleku bati beldurra diote. Jokaleku horrantz doan pauso bakoitzak ematen die beldur hori. Eta beldur hori immobilismo eta diskurtso zaharkitu bihurtzen da. Oso diskurtso disonantea errealitatearekin.

Ezker abertzaleak hasitako bidean sakontzen jarraituko du, Estatuaren pausoen zain egon gabe?

Dudarik gabe. Horrela egin dugu azkeneko hilabete eta urteetan, eta ahalik eta kemen eta indar handienarekin jarraituko dugu norabide berean. Norabidea hauxe da: bake eta demokrazia egoera hori erdiesteko pausoak emateko prest diren gero eta pertsona, eragile eta talde gehiago batu, eta norabide berean jarri. Horretan jarraituko dugu, noski. Ezker abertzalearen konpromisoak eta urratsek egoera berri bat sortu dute, eta orain arte jarrera immobilista batean egon direnak mugitzera behartu dituzte. Ezker abertzaleak jarraituko du egoera horretan sakontzen inolako zalantzarik gabe. Bide batez, nabarmendu nahi dugu prozesu honetan herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela portu onera eramateko. Gernikako Akordioaren sinatzaile diren eragile guztiek herritarren parte hartzea lortu nahi dute. Hain zuzen, horregatik deitu dute urriaren 22ko manifestaziora.

Zein gogoeta egiten du ezker abertzaleak Espainiako Gobernuan egon daitekeen eskualdaketaz, PPren eskura pasatzeaz, alegia, eta PPren jarreraz?

Espainiako Gobernuak estatu jokaera hartu beharko luke, eta behin betiko konponbidea lortzeko aukera horri heldu, arduraz. PPk irabazi edo PSOEk irabazi, alde batera utzita.

Sortu, azkenean, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren zain gelditu da, azaroaren 20ko hauteskundeetan parte hartu ezinik. Ezker abertzaleak Amaiurren sorreran parte hartu du. Pentsa liteke datozen hauteskundeak inpugnaziorik eta legez kanporatzerik gabekoak izango direla?

Inpugnazioak eta legez kanporatzeak orain guztiz disonanteak izango lirateke gauden egoeran egonda, kontuan hartuta lehen aipatu ditugun urrats guztiak. Gauzak mahai gainean dauden bezala, inpugnazioek eta legez kanporatzeek ez dute izan behar inolako tokirik. Ez dauka zentzurik.

Zein izango da Amaiur koalizioaren lehentasuna?

Koalizioaren lehentasuna izango da modu zabal batean —abaltasuna ez bakarrik siglen batura dagoelako, baizik eta jendartearen batura dagoelako— Euskal Herriaren ahotsa eramatea Euskal Herria nazio gisa ukatzen duen ukazio zentrora bertara. Zertarako? Herri interesak defenditzeko. Herri eskubideak dagozkigula defenditzeko eta euskal herritarren interes sozialak defenditzeko. Zertara ez da joango Amaiur Madrilera? Ez da joango lau urtez aulki batzuk berotzera eta estatu ukatzaile horren beraren kudeaketan parte izatera. Horretara ez da joango. Gure erreferentzia nagusia Euskal Herrian dago, ez Madrilen.

Estatu ereduaren aldaketa datorrela ikusten duzue? Aldaketa horretan Euskal Herriaren nazio aitortza lortzeko une egokia dela uste duzue?

Estatu eredua krisian dago. Oso begi bistakoa da. Birrintzen ari da. Lurralde kontzeptua birrinduta daukate; batez ere, Euskal Herrian, guztizko ezbaian dago Estatuaren legitimazioa. Hemen herri eskubideak zor zaizkion herri bat dagoela dioen masa kritikoa zabaltzen ari da, duela 35 urte beraiek Konstituzioarekin egin zuten aurreikuspenaren guztiz kontrakoa. Baliatu behar dugu egoera hori indarrak metatuz joateko, eta masa kritiko hori nahikoa izan dadin gure eskubideen erreklamazio hori egiteko. Sekula baino hobeto daukagu. Horrek ez du esan nahi erraza denik eta berehala lortuko dugunik.

Indar metaketa horren aliantza estrategia zabala beharko dela uste duzu?

Horretan ari gara lanean eta norabide horretan ematen ari gara pauso guztiak. Herri eskubideen eta eskubide sozialen aitortzan oinarritutako gero eta jende masa zabalagoa ados egotea indartuz.

Bide horretan topo egin beharra dago, adibidez, Loiolan egondako indarrekin, EAJ eta PSErekin?

Baina haien burua kokatu beharko dute egoera berri honetan, eta ez dakit, ba, kokatu duten. Gure ustez, baldintzak badaude gatazkaren konponbideari begira alderdien arteko elkarrizketei ekiteko. Horretarako deia egiten diegu bai EAJri, bai PSOEri eta bai PPri, aitzakiak alde batera utzi, konpromisoak hartu, eta sorturiko egoera hau baliatu behin betiko aterabide demokratiko bat erdiesteko.

Joan den astean, Udalbiltza auziko auzipetu ohi gisa egon zinen Iruñeko Carlos III.a aretoko ekitaldian, eta bertan Udalbiltza berrosatzeko deia egin zenuten. Hautsitako zubiak berreraikitzea benetan posible ikusten duzu?

Bideorria oso argia da. Inongo oztoporik gabe, Auzitegi Nazionalaren aldetik. Hori gainditua, guztiz baliagarria dira, nabigazio karta gisa, Udalbiltzak hasieran onartu zituen bost printzipioak. Han, Udalbiltzak zertarako balio duen azaltzen zen: nazio kohesioa egiteko, nazio eraikuntza egiteko, nazio bat garela aldarrikatzeko, hemen eta kanpoan. Horrez gain, badaude hainbat gauza eginda utzi zirenak. Adibidez, barne funtzionamendurako premisa batzuk: Udalbiltzak demokratikoa behar du izan, irekia behar du izan, inor ez da baztertu behar, udal oinarria izan behar du. Hori guztia balekoa da. Bakarrik falta da orain udaletxeetan daudenak eurentzat hartzea zeregin motxila hori, eta aurrera egitea. Zubiak berreraikitzea posible da, noski. Udal hautetsien esku dago. Orain ez nago udaletxean, baina, banengo, ilusio handiarekin helduko nioke, asko geratu baitzen egiteke, eta asko dago egiteko.

Egindakotik zein ekarpen nabarmenduko zenuke?

Oztopoak oztopo, oso esperientzia baliagarria izan zen, eta bide bat erakutsi zuen etorkizunari begira. Herrien arteko lankidetza planteatzen denean, oso emankorra izan daiteke elkarkidetza praktikoa egitea udaletxe etaeragile sozial eta ekonomikoen artean. Hainbat proiektu aurrera eraman ziren elkarkidetza horiekin,eta funtzionatu egiten du. Posible da, baita mugak gainditzea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.